Sindikatuek bi greba egun deitu dituzte adinekoen egoitzetan

Ataria 2022ko ots. 9a, 11:57

Otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako deitu dituzte greba egunak; ELAk eta LABek salatu dute lehenagotik larria zen egoera jasanezina bihurtu dela.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako «langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan», LAB eta ELA sindikatuek bi greba egun deitu dituzte datozen asteetarako, otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako, hain justu.

LABetik adierazi dutenez, osasun larrialdia dela eta, larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan, eta horren inguruan hitz egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera eskaera egin diote; «Maite Peñak Gizarte Politikako diputatuak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri, eta ez gara bere borondatearen zain geldituko».

ELAk, bere aldetik, langile falta «gero eta nabarmenagoa» dela azaldu du: «Baja asko ez dira ordezkatzen langile faltagatik, medikuek, erizainek edo laguntzaileek ez baitute egoitzetan lan egin nahi lan-baldintzak eskasak direlako». Ondorioz, egunetik egunera «zerbitzu okerragoa» ematen zaie egoiliarrei, eta langileen lan karga «biderkatu» egin da sindikatuen arabera.

Hori ez dela langileen eta patronalaren arteko gatazka soil bat diote, «Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik». Horregatik, datozen egunetarako deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

OSAKIDETZAN GREBA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren «immobilismoa» ikusita, mobilizazioetara joko dute berriro Osakidetzako langileek, osasungintza publikoa defendatzeko eta langileen gainkarga salatzeko. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek iragarri dutenez, bi greba egun egingo dituzte otsail amaieran: hilaren 25ean lehen arretan izango da lanuztea, eta 28an, berriz, Osakidetza osoan. Bi greba egunen artean, asteburua baliatuko dute protesta herritarrengana zabaltzeko: otsailaren 26an, manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 12:00etan.

Osakidetzaren arazoak «egiturazkoak» direla adierazi dute, baina COVID-19aren krisiak «larriagotu» egin dituela: «Lan gainkarga biderkatu egin da, etalehen mailako arretako kideek kontatzen digute gerra garaiko arreta ematen ari direla».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!