Areto futbolaren eskualdea

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 3a, 11:58

Tolosaldeko lau talde ari dira parte hartzen areto futboleko Gipuzkoako senior mailan: Ama TEEP Tolosala, Anoeta, Laskorain eta Lauburu Ibarra.

Afizioa badago Tolosaldean areto futbolaren inguruan: Gipuzkoako senior emakumezkoen mailan, bederatzi taldeetatik lau eskualdekoak dira. Tolosan egoitza duten bi daude, Ama TEEP Tolosala eta Laskorain, eta beste biak Anoeta Futbol Taldea eta Lauburu Ibarra dira.

Ama TEEP Tolosalaren helburua, aurreko denboraldietan bezala, «ahalik eta gehien irabaztea eta postuetan gora joatea» da, azaldu dutenez. «Pixkana puntu batzuk eskuratzen goaz eta beraz, bagoaz aurrera. Hala ere, gure betiko helburua elkarrekin igarotako denboraz disfrutatzea eta momentu onak pasatzea da. Taldekide izateaz gain lagunak gara». Bestalde, kopako sailkapenean ahalik eta itxura onena eman nahi dute, eta ahal bada ezustekoren bat ematea ere bai.

Ligako sailkapenean zortzigarren postuan daude, sei punturekin, eta orain arteko balantzea «positiboa» dela diote: «Beste urteekin alderatuz, aurten gehiago estutzen ari gara, eta emaitzetan nabarmena izan da beste taldeek zailagoa izan dutela guri irabaztea. Hala ere, lan handia dugu aurretik eta gogotsu gaude entrenatzen jarraitzeko eta helburu berriak finkatu zein lortzeko». Azken partidan Lazkaoren aurka 0-5 galdu zuten. Asteburuan Ordizia liderraren aurka jokatuko dute.

Anoeta Futbol Taldeak lau baja izan zituen aurreko denboraldia amaitu zenean, baina sare sozialen eta taldeko kontaktu baten bidez beste lau jokalari sartu ziren taldera. Beraien helburua «partida bakoitza borrokatzea» dela esan dute, «aurkariari zailtasunak jartzea eta ahal bada, noski, irabaztea».

Sailkapenean bosgarren postuan daude, hamahiru punturekin. Denboraldia ez zutela ondo hasi diote: «Partidetan sartzea kostatzen zitzaigun, aukera asko izan arren ez genuen lortzen baloia sarean sartzea eta beraz hiru puntuak beste taldeetara joaten ziren. Berdinketa baten ondorioz taldeak esperantza txiki bat ikusi zuen eta ordutik puntuak Anoetara etortzen hasi ziren». Liga nahiko berdindua dagoela uste dute, eta beraien asmoa ez da postu jakin bat lortzea, «gustura jokatzea eta partida parekatu eta borrokatuak izatea» baizik. Azken partidan Lauburu Ibarrari 0-3 irabazi zioten eta asteburuan ligan bigarren postuan dagoen Antiguoko izango dute aurkari.

TALDE BERRIA

Lauburu Ibarra klubak berriro jarri du martxan senior mailako taldea. Taldeko jokalari gehienak Lauburu eskolakoak dira eta denboraldi honetan dagoeneko beren mailako txapelketarik ez zegoenez, senior mailako taldea sortzea pentsatu zuten klubetik. Jokalari gehienak kadeteak dira, 14 eta 15 urte bitartekoak.

«Taldea gaztea da, eta berez senior adinekoa ni bakarrik naiz», esan du Eneritz Rodrigo kapitainak. «Helburuak kirol honetaz disfrutatzea, entrenamenduetan ikasten joatea, eta partidetan egiten ditugun akatsak pixkana saihesten joatea dira». Sailkapeneko bederatzigarren postuan daude, puntu batekin, eta balantzea hasieratik «positiboa» dela dio Rodrigok, «batez ere taldean dagoen giro onagatik. Partidei dagokionez, uste genuena baino gehiago ari gara borrokatzen, eta gero eta hobe ari gara jokatzen».

Orain bi partida Idiazabalen aurka lortu zuten berdinketa, eta aurreko asteburuan Anoetaren aurkako partidarako oso motibatuta zeuden beste punturen bat lortzeko. «Partida hasiera nahiko ona izan zen, baina Anoetak lehen gola sartu zuenean, taldeak behera egin zuen», esan du kapitainak. Asteburu honetan Laskorainen aurkako derbia izango dute.

Hain justu, Laskorain eskualdekoen artean aurrenekoa doa sailkapenean; hirugarren doa, hamasei punturekin. Herenegun arratsaldean jokatu zuten azken norgehiagoka Ordiziaren aurka, 1-5 galduz. «Emaitzaren aldetik ez gaude gustura, noski, baina jokoari dagokionez nahiko gustura geratu ginen», esan du Ane Artutxa jokalariak. Asteburuan Lauburu Ibarra taldearen aurka jokatuko dute: «Talde gaztea eta berria da, eta kosta egiten zaie partidak aurrera ateratzea, baina ikusten zaie gero eta gehiago estutzen dutela».

Denboraldi honetan hamar jokalari daude taldean, baina lesioak tarteko, azkenaldian baja dezente dituzte eta partidentzako taldea osatzea kostatzen ari zaie. Helburu moduan sailkapenean ahalik eta gorenen bukatzea dute. «Talde giro ona izan nahi dugu, ahalik eta puntu gehienak lortzea, partida guztietan ahal den txukunena aritzea eta talde lehiakorra izatea», esan du Artutxak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!