Datorren urteko Tourra eskualdetik igaroko da

Ataria 2022ko urtarrilaren 26a

2023 Tourraren lehen hiru etapak Euskal Herriko errepideetan egingo dira. Bigarrengoa, uztailaren 2an, Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da, eta Tolosaldetik igaroko dira txirrindulariak.

Larraitzetik sartuko da tropela eskualdera, eta Amezketatik Alegiara abiatuko da, ondoren Altzora igo eta Txaramatik pasa ondoren Tolosara iristeko. Handik Anoeta aldera joan eta ondoren Alkizako gaina igoko dute. Zizurkildik pasa eta Andoain aldera egingo dute txirrindulariek. 

Etapa horrek guztira 210 kilometro izango ditu eta Alkizako gaina puntuagarria izango da. Helmugara iritsi baino 18 kilometro lehenago Jaizkibel gainditu beharko dute.

Datorren urteko Tourraren lehen etapa Bilbok hartuko du, bertan hasi eta bukatuko baita, 185 kilometro ibilbidea egin ondoren. Hirugarrengo etapa, berriz, Zornotzan (Bizkaia) hasi eta Baionan bukatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!