Tolosako Inauteririk ez da izango aurten, berriz ere. Olatz Peon Ormazabal alkateak esan du Tolosako kutsatze tasa 6.319an dagoela (urtarrilean 19ko datua da hori), eta osasun egoera orokorrari erreparatuta ezinezkoa dela festa egitea. «Ospitaleratutako pertsona kopuruari eta ZIUn dauden gaixo kopuruari begiratuta ezinezkoa da», esan du. Horri lotuta eskaera bat egin du: «Egun horietan ez da festarik izango Tolosan eta eskatu nahi dugu festa egitera ez etortzea herrira».
Tolosako Inauteriekin gogoratzean, «jendetza etortzen zaigula burura», hori esan du Izarne Iglesias Kultura zinegotziak, eta osasun egoerak jende pilaketak ekiditea eskatzen duenez, Inauteriak ezin direla ospatu gaineratu du. Pasa den asteazkenean egin zuten bilera hainbat eragilerekin, besteak beste, txarangetako, aisialdi taldeetako eta danborradetako ordezkariekin eta bertan erabakiaren berri eman zietela esan du Iglesiasek.
«Ez da erabaki erraza izan Inauteriak oso jai maitatuak direlako tolosarrontzat, Inauteriek batu egiten gaituztelako, berdindu; Inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina egungo osasun egoera medio, arriskutsua litzateke horrelako jai jendetsua ospatzea; hurrengo urtean bai, ohiko eran Tolosako Inauteriak ospatzeko itxaropen osoa dugu», esan du alkateak.
Duela hilabete asko hasitako lanketa bat izan dela nabarmendu du zinegotziak, eta eszenatoki desberdinak mahai gainean jarri zituztela gehitu du. «Gure asmoa eta borondatea izan da hasieratik ospatzea, baina osasun egoerak eragozten du. Jende pilaketak ekidin behar ditugu, eta jendetza da burura etortzen zaigun lehen gauza Inauterietan pentsatzen dugunean. Alkateak esan bezala, ez dira betetzen baldintzak inauteriak ospatzeko».
Herritar askok egun horietan jai izango dutela gaineratu du, eta beraz, gazteei zuzendutako programazio berezia prestatuko dutela iragarri du eta tartean izango dira zine eta haurrentzako emanaldiak. Topagunean eskaintza indartuko dute, era berean. Datozen asteetan landuko dute egitaraua eta aurrerago aurkeztuko die herritarrei.
Lizartzan, bai
Otsolar dantza taldeak deituta batzarra egin zuten ostiralean Lizartzan, inauterien inguruan herritarrek dituzten iritziak biltzeko. Iritzi horiek baikorrak izan zirela azaldu dute deitzaileek, eta ondorioz, inauteriak ospatzeko erabakia hartu dute.
Otsailaren 12an, 19an eta 20an ospatuko dituzte; hala ere, urteroko egitaraua aldatuko dute. Txekor jatea ez da izango, baina gainerako ekitaldi guztiak aurrera eramateko borondatea azaldu dute herritarrek. Beraz, mozorroak, dantza edota puska biltzea izango dira aurten Lizartzako inauterietan. Herritarrek adierazi dutenez, datozen asteetan zehaztuko dute egitaraua.
Talaiak eta Txantxoak
Amezketan eta Abaltzisketan ohitura handiko ospakizunak izaten dira Talai eta Txantxo dantzak. Amezketaren kasuan, Talai dantzariak etxez etxe ibiliko dira otsailaren 26an eta 27an. Abaltzisketaren kasuan, aurrerago erabakiko dute Txantxoak kalera aterako diren ala ez.
Berastegin, etzi
Berastegin ere ospatzen dituzte inauteriak. Egoera epidemiologikoa ikusita, ordea, festak ospatu ala ez erabakitzeko eta egitaraua antolatzeko bilera egingo dute ostegunean. Udaletxean izango da bilera, 19:00etan, eta udalak herritarrak eta eragileak gonbidatu ditu bertara.