ERREPORTAJEA

Sentitzen duten izaki bihurtuta

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 22a, 07:58
Pertsona bat bere txakurrarekin jolasean, Tolosako San Esteban auzoan dagoen txakurrentzako parkean. I.G.L.

Animalien inguruko 17/2021 legea onartu da eta aldaketa nagusia sentikortasuna duten izaki bezala aitortzen direla da. Jabeen eta animalien arteko harremanak ere balioan jartzen ditu. Lege berriak testamentuetan edota banatze akordioetan eragina du.

Lege berri bat jarri da martxan, 17/2021 izenekoa eta Espainiako Kongresuak onartua, animaliei zuzenean eragiten diena. Animaliak sentitzeko gai direla dio legeak eta hori da aldaketa nabarmenena, orain arte legearen aldetik gauzak izango balira hartzen baitziren. Juan Ramon Bujanda albaitariak, Gipuzkoako Albaitarien Elkargoko zuzendaritza batzordeko kideak, horrela zehaztu du aldaketa hori: «Sentikortasuna duten izaki bizidun bezala hartzen dira animaliak. Hau da, ez dira gauzak, trukerako-edo balio bat dutenak, altzari bat edo kotxe bat bezala. Beste tratu berezi bat behar dute». Hori horrela, lege berri horrek dakarren beste aldaketa nagusia «abereekin dauzkagun harremanei balorea ematen zaiola da eta baita harreman horiek guregan dituzten ondorioei ere», gaineratu du Bujandak. «Ez da, beraz, abere batek zer balio duen, baizik eta guretzat harreman horrek suposatzen duen onura».

Kode Zibilean animaliek zuten izaera XIX. mendearen bukaeran definitu zen, eta ordudanik ez zen aldatu. «Pentsa noraino joan behar den, eta zenbat aldatu den gizartea urte guzti hauetan. Abereekin dugun harremana asko aldatu da», esan du Bujandak. «Bazen garaia aldaketa hori egiteko. Norbaiti gehiegikeria irudituko zaio, baina abere bat kasu askotan familiakoa da, eta harremanak oso indartsuak dira. Animaliek asko ematen digute: gure ondoan daude, txakurrek adibidez kalera ateratzeko eta sozializatzeko aukera ematen dute... Gaur egun askoz gehiago baloratzen da hori, orain dela mende batekin alderatuta».

Lege berriak aldaketak eragin ditu beste lege batzuetan: Kode Zibilean, Hipoteka Legean eta Auzipetze Zibileko Legean. Hemendik aurrera, beraz, testamentuetan eta banaketa akordioetan, animaliek ere bere lekua izango dute. Esaterako, animalia baten jabeak banatzen badira, hitzarmen bat egin behar dute, eta akordio horretan, beste hainbat punturen artean, animalien ongizatea kontuan izan behar da. Bestalde, animalia bati tratu txarrak ematen zaizkiola frogatzen bada, bere zaintza kendu ahal zaio jabeari.

Animaliek sentikortasuna dutela aitortzean, beste aldaketa bat kalte moralei dagozkiona da. «Orain arte, norbaitek zure animaliari kalte egiten badio, albaitariarengana eraman eta animalia sendatzeak duen kostua eskatu ahal diozu pertsona horri», esan du Bujandak. «Baina oraingo legearekin ere kalte moralak eskatu ditzakezu. Alegia, animaliarekin duzun harremanak ere balioa duela».

Hipotekaren legean ere bere eragina izan du. Izan ere, hemendik aurrera animaliak ezin dira hipotekatu. Hau da, etxe bat edo bestelako jabetzak hipotekatu daitezke, baina animaliarik ez. Aldaketa honek batez ere etxaldeei eragiten die. Esaterako, baserri batean 40 behi baldin badaude, jabeak eraikina eta lurrak hipotekatu ahalko ditu, baina abereak ez.

Nahasmena albisteetan

Urtearen hasieratik dago indarrean 17/2021 legea, baina zirriborro moduan dagoen beste lege batekin nahasmendua sortu da. Komunikabideetan eta sare sozialetan argitaratzen joan dira albiste eta mezu ugari, txakurrek adibidez nortasun agiria izango dutela edota ikastaro bat egin beharko dela etxeko animalia bat izan nahi bada. «Onartu dena 17/2021 legea izan da eta hori dago indarrean», nabarmendu du Bujandak. «Baina beste hainbat kontu atera dira, lege baten zirriborro batean azaltzen direnak. Hor gauza asko daude kaxoi batean sartuta, eta jende askok esaten du ez direla onartutako».

Txakurren nortasun agiriaren inguruan, Bujandak azaldu duenez, Andaluzian martxan dagoen gai bat da eta bertan txarteltxo bat dute beraien datuekin. Identifikazio sistema moduan, baina, txakurrentzako egun indarrean dagoena mikrotxiparena da: «Txakurrek identifikatuta egon behar dute mikrotxip batekin, sei hilabete dituztenetik aurrera. Irakurgailu baten bidez mikrotxipa irakurtzen zaie eta hor jabearen datuak azaltzen dira: izena, non bizi den eta abar. Andaluzian dutenaren antzeko zerbait egingo ote da Espainiako Estatu guztian? Bada, jende askok esaten du hori ez dela bideragarria».

Albiste izan den beste gai bat ikastaroa egitearen derrigortasuna izan da. «Txakur bat, edo katu bat edo txoriak etxean izateko ikastaro bat egitearena planteatzen da, baina hori praktikan ez dut uste bideragarria denik», esan du Bujandak. «Espainiako Estatuan 45 milioi pertsona bizi dira, eta etxe askotan animaliak daude. Zer logistika beharko ote da hainbeste pertsonari ikastaro bat emateko? Nik uste dut hori errealitatetik kanpo dagoela». Gai horiek zirriborro batean daudela zehaztuta, eta lege bihurtuko ote diren ez dagoela argi nabarmendu du Bujandak: «Iristen bada lege hori, ikusi egin beharko da zer arau zehazten diren bertan eta orduan eztabaidatuko da horren inguruan. Bitartean, hobe da ez nahastea jendeari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!