ELKARRIZKETA

«Herritar gehienek egin beharko lukete ikastaro bat animalia bat izan aurretik»

Iñigo Terradillos 2022ko urt. 22a, 07:59

Xabier Arrese zakur hezitzailea. L. Agirre / GH

Xabier Arrese Txakur Eredugarria programa ari da lantzen Anoetan eta Tolosan; errespetuz jokatzea dela elkarbizitza sustatzeko gakoa esan du.

Berriki jarri dute martxan Tolosan Txakur Eredugarria programa, eta 2022an ere emango dituzte aurrera horren baitako ekimenak. Baita Anoetan ere. Xabier Arrese Beasaingo Kangune heziketa guneko arduraduna da programaren zuzendaria. Animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzea du helburu programak. Urtarriletik aurrera martxan den eta urtean zehar aldatzen joango den legediak animaliei eskubide gehiago aitortzearekin batera, horienganako tratu txarrak gehiago zigortuko ditu. Arresek uste du hutsunea nabari zela eta aldatzeko beharra zegoela.

Zer da Txakur Eredugarria programa eta zein helbururekin jarri da martxan?

Duela urte pare bat sortu zen Beasainen. Tolosara iragan urtean iritsi zen. Geroz eta zakur gehiago daude herriguneetan eta horrek sortzen dituen arazoei kontrola jartzea du helburu; batetik, zakurren jabeei zer egin daitekeen eta zer ezin den egin erakusten diegu; ariketekin eta jolasekin zakurrekin duten erlazioa hobetzen laguntzen diegu; eta laguntzen dugu baita ere, estimulu handiko guneetan, hau da, soinu eta mugimendu handia egon daitekeen lekuetan lasai egoten.

Zer lanketa egin duzue Tolosan?

Iaz hasi ginen Tolosan Txakur Eredugarria programarekin. Hiru hilabetez proba moduan egin dugu, eta aurten ere jarraituko dugu. Erantzun oso polita izan du. Hitzaldi batzuekin hasi ginen zakurren hizkuntza ulertzeko, eta gero bi taldetan banatuta ikastaro bat eman dugu.

3.000tik gora zakur daude Tolosan. Nola kudeatzen da hori?

Ez da erraza. Horrek sortzen dituen arazoei kontrol pixka bat jarri beharra dago. Orain arte zakurrak eduki eta nola eduki ez zegoen arautua, ez zegoen neurririk. Zentzuzkoa da udalek edo erakundeek kontrol pixka bat jartzea, eta gauzak ordenatzea arazoak ez sortzeko.

Zergatik egin du gora zakurren kopuruak azken urteetan?

Espero dut bolada kontu bat ez izatea. Oso konbentzituta ez dagoen jende askok hartzen ditu zakurrak eta horrek eragiten ditu arazo gehien. Utzi edo abandonatu ere asko egiten dira. Lehen zakur bat hartzen zuenak garbi zuen horrek berarekin ardura handia zekarrela, baina, gaur egun, oso erraz hartzen da zakur bat. Ez da oso ondo ulertzen zer exijentzia izan ditzakeen. Opari moduan ere askotan erabiltzen da, eta horrek haserretu egiten nau.



Etxeko animaliekin lotutako legeak urte hasieratik aldatu egin dira.

Nik argi dut hutsunea zegoela, eta kontrol pixka bat jarri beharra zegoela.

Animaliek aurrerantzean, beste izaera bat hartuko dute, eta nolabait legeak gehiago babestuko ditu.

Oraingoz oinarrizko puntuak aldatu dituzte, animalien izaerari eta jabetzari dagozkionak, esaterako. Orain atera duten legea abiapuntua da. Jendearen erantzuna ikusi nahi dute, eta iruditzen zait hemendik aurrera asko zorroztuko dutela.

Europako beste lurraldeekin alderatuta animalienganako sentsibilizazioan motz geratzen omen ginen.

Bai. Zakurren munduan, adibidez, asko nabaritzen da. Zakurrekiko errespetua eta pertsonekiko errespetua zure zakurra kontrolatua izanik, nabari da sentsibilitate handiagoa dagoela herrialde askotan. Ez dakit lege zorrotzagoak dituztelako den, baina, aldea nabari da. Badakit toki batzuetan hemen jarri asmo duten ikastaroa ere egin beharra dutela animalien jabeek.

Zer helburu du ikastaro horrek?

Kasurik gehienetan esango nuke beharrezkoa dela. Txakur Eredugarria programa horretan oinarritzen da. Jendeari erakustea zer izan beharko litzatekeen zakur bat herrigune batean. Izan ere, desberdina da zakur bat izatea baserri batean bere lursailarekin. Herri batean gutxieneko batzuk bete behar ditut, eta horri begira sortu da programa. Zakurrengatik, zakurren beharrak ase behar direlako, eta herritarrengatik, elkarbizitza eta ordena sustatzeko. Jendeari errespetuz jokatzen erakusten diogu. Oraindik zehaztu gabe dago nolakoak izango diren ikastaroak, baina, gaia hori izango da. Ez da araututa egon orain arte, baina, normalean zentzuzko kontuak dira lantzen direnak.

Dendetan ere ezingo direla animaliak saldu esan dute.

Hemendik kanpo, lurralde gehienetan ez dira saltzen animaliak dendetan. Ez dute zehaztu oraindik, baina, ziurrenik egokitutako gune bat beharko du izan animaliak edukitzeko, eta denda batean zaila da animaliak baldintza guztiak betez izatea.

Nortasun agiri bat ere izango omen dute.

Berez, erregistratuta daude, eta badago horretarako sistema bat. Ez dut ulertzen zer lortu nahi duten agiri horrekin, baina ikusiko da.

Legea aldatu edo zorroztu behar zela argi duzu.

Aldaketa behar zela argi dut, bai. Ez dakit legea amaitzen dutenean guztion gusturako izango ote den. Orain arte norbere ardurapean zaintzen ziren animaliak, nahiko era askean, ia araurik gabe. Aurrerantzean arautuago egongo da.

Erlazionatuak

Sentitzen duten izaki bihurtuta

Imanol Garcia Landa 2022 urt 22 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!