Ikaztegietako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du Kontseilu Sozialistak

Ataria 2022ko urtarrilaren 13a

Aste hasieran Amezketako 23 urteko langile baten hil da teilatutik erorita Ikaztegietan dagoen Hertell kooperatiban, hori salatzeko elkarretaratzea deitu du Kontseilu Sozialistak. Mobilizazioa bihar, ostiralean, izango da Tolosako Trianguloa plazan, 18:00etan.

Kontseilu Sozialistak hildako gaztearen senide eta lagunak izan ditu gogoan: "Lehenik eta behin gure doluminak eta besarkada bana helarazi nahi dizkiegu gaztearen senideei eta lagunei". Eta horrela, egungo ekonomia ereduaren irakurketa egin du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak: "Kapitalismoaren muturreko adierazpen gisara ulertzen ditugun lan-heriotzak salatu eta gizarte berri baten eraikuntzarekin konprometitzearen garrantzia nabarmendu nahiko genuke. Irabazi ekonomiko eta pribatuak lortzea erdigunean duen gizarte- eta ekonomia-eredu batek, halabeharrez, soldatapeko lan prekarioak eta arriskutsuak sortzen dituela ulertzen dugu, merkatu kapitalistak inposatutako lan-modalitateak, besteak beste, ahalik eta kostu gutxienekin eta ahalik eta denbora motzenean ekoiztea eragiten baitu".

Eta gehitu dute irtenbidea bestelako eredu batean dagoela: "Berebiziko garrantzia duelakoan gaude gure indarrak bestelako ekoizpen-eredu eta gizarte baten alde jartzea, lan-eremuan segurtasun gehiago eskatzeak bakarrik, ez baitio irtenbiderik emango aipatutako erroko arazoari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!