Langile bat hil da Ikaztegietako Hertell kooperatiban

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 12a, 09:47

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Amezketako 23 urteko langile bat hil da teilatutik erorita Ikaztegietan dagoen Hertell kooperatiban. Ezbeharra astelehenean izan zen, baina langilea atzo hil zen. Elkarretaratzea egingo dute ostiralean 12:00etan, enpresaren aurrean.

Sindikatuak argitu du Amezketako 23 urtetako J.E.U. langileak istripu larria izan zuela astelehenean. Kolpe handia hartu zuen altuera batetik erorita, eta izandako zauri larrien ondorioz hil zen, atzo.  Bertako langilea zen hildakoa. Aire ponpak, balbulak eta antzeko aparailuak egiten dituzte Hertellen, eta Mondragon taldeko kooperatiba bat da. 

Hilabeteko epean altueratik erorita hiltzen den hirugarren langilea izan dela esan du ere. Abenduaren 18an, 45 urtetako langile bat hil zen Zumaian eta urtarrilaren 10ean, 47 urtetako J.V.S.F. hil zen Gasteizko Olarizun auzoan. "Atzo hildako langilearekin, gutxienez 3 dira aurten Euskal Herrian egon diren laneko heriotzak, urte hasieratik 12 egun baino pasatu ez direnean", salatu du LABek. "Egoera horren aurrean, norbaitek sinetsi al dezake kasualitatea izan dela? Administrazioei, lan istripuen eta lan gaixotasunei aurre egiteko berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu", gaineratu du.

Erakundeen erantzun irmoa beharrezkoa dela uste du sindikatuak, eta altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatu du.  Plan horrek "neurri egokiekin eta benetako prebentzio-politikekin" osatu behar dela uste du. "Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzetik, izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara".

LABetik elkartasuna adierazi diete atzo hildako langilearen familia, lankide eta gertukoei, eta langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz gehiengo sindikalak etzi, ostiralean, enpresaren aurrean 12:00etan egingo den elkarretaratzera joateko deia egin du.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azken lan heriotza salatu du ere. Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, “prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen ondorio zuzen bat dira”. Hori dela eta, Gazteriaren Kontseiluak “gazteriaren lan baldintza prekarioak hobetu ordez, azken urteetan nabarmenki kaskartzen ari direla” ohartarazi du. Horretaz gain, “egoera honek gazteen osasun fisiko eta mentalean eragin kaltegarriak dituela eta lan istripuak zein prekarietatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotzen dituela” gehitu du. Ildo honetan, EGK-k “gazteen lan egoera latza islatzen duten estatistika kezkagarriak” gogoratu ditu, eta esan du %15,6ko langabezia zutela 2021eko lehen hiruhilekoan, %62,6ko behin behinekotasuna 2020an eta batez besteko 18-34 urte arteko gazteen soldata 1.297 eurokoa zela 2020an.

Bestalde, “lan baldintza prekarioen zerrenda honi” normalean estatistikoki neurtzen ez diren beste errealitate batzuk gehitu nahi izan dizkio, hala nola, “gehiegizko lan kargak, ordutegi txarak, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomiaren lanpostuak, mugikortasun geografiko handia eta azpikontratazioa”.  Ezegonkortasun eta urrakortasun egoera hau “gazteek duten langabeziaren estaldura txikiagoa eta diru sarrerak bermatzeko laguntzak jasotzeko dituzten zailtasun handiagoengatik” areagotzen dela azaldu du kontseiluak.

Agertoki honen aurrean, administrazioari “lan osasunaren arautegia betearazi eta lan ikuskaritzak sustatu ditzala” eskatu dio, eta neurri zehatzak proposatu, hala nola, langileria modu larrian kaltetu duten azken lan erreformak bertan behera uztea, negoziazio kolektiboaren egoera lehengoratzea eta gazteriaren parte-hartze sindikal eta laborala sustatzea baldintza egokiak eta bideak eskainiz, eta zaintza lanen onarpena eta erregulazioa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!