ELKARRIZKETA

«Gizakiaren eskuak eraldatu ez duen leku bakarra izan ohi da»

Asier Imaz 2022ko urt. 15a, 07:58

Aranzadi zientzia elkarteko kidea eta mediku forentsea da Pako Etxeberria (Beasain, 1957). Kobazuloetan ikusitakoaren berri eman du.

Zure esperientziatik, ohikoa al da kobazuloa eta zaborra elkarri lotuta joatea?

Urteetan zehar, Gipuzkoan egin dugun espeleologian ohikoa izan da zaborrak aurkitzea. Leku zoragarrietan, inor pasa ez den tokiak ziruditenetan, zaborra agertzen zen. Batzuetan, produktu kimiko oso kutsakorrak aurkitu izan dira. Santutxu inguruan, adibidez, paper-fabriken isurketa handiak ezagunak izan ziren. Garrantzia kendu zienik ere izan zen: putzu bat besterik ez zela eta hor gelditzen zela. Gezurra. Urak hori iragazi egiten du, eta gero iturrietara joaten da. Denetik ezagutu dugu, adibide industrialak eta baita txikiagoak ere, baina hauek ere arriskutsuak.

Iturrietan edo baserrietako ur deposituetan amaitzen duten kutsatzeak.

Mendiko zulo edo leizeetan ura elkartzen joaten da, ondoren iturri edo iturburuetara jaitsiz. Baserriek hortik daukate euren ur hornikuntza, baina badira herriak ere iturburu horietatik edaten dutenak. Beraz, norbaitek zaborra bota eta hori urarekin nahasten baldin bada, gizakientzat edo animalientzat prestaturik dauden iturburuetara iritsiko da.

Kontzientziazio kanpainarik gogoratzen al duzu gai honen inguruan?

Kanpainaren bat edo beste egin izan da, noizbait. Hala eta guztiz ere, kalean bizi garenontzat kanpaina ugari egiten dira, birziklapenaren inguruan eta abar. Orain badakigu, haurrek erakutsi digutelako, olioa harraskatik behera ez dugula bota behar. Zentzu horretan kultura bat garatu dugula uste dut, baina landa eremuan, inor ez da ausartzen edo ez dakigu nola egin. Harrigarria iruditzen zait. Garbiguneak bezalako lekuak badaude; horretarako egin dira, baina ez, zaborra bazter guztietan botatzen jarraitzen da. Kobazuloetan, leizeetan eta batez ere sarbegietan zabor asko ikusi dugu: hildako animaliak, plastikoak…, denetik. Horiek biltzea gainera ia ezinezko lana da.



Memoria historikoari buruzko lanean, eraginik izan al du zabor mota honek?

XX. mendeko gertaeretara joaten baldin bagara, zehazki 36ko gerrara, gorpuzki asko leizeetan aurkitu ditugu. Lurperatzeko modu erraza zen, bertara bota eta kito. Gorpuzki bat, bi edo zenbait lekutan hamar baino gehiago ere aurkitu izan ditugu. Hori harrigarria da, noski, baina baita ondoren zaborra bota izana ere. Zabor hori ez zen inguruko lurra, ez, mota guztietako zaborra zen. Baita animaliak ere. Agian gaixo egongo ziren eta probetxuzkoak ez zirenez bertara bota dituzte. Garai modernoagoetan, plastikoak eta etxetresna elektrikoak aurkitu izan ditugu. Noski, geure buruari galdetzen genion nola den posible hori; mendian galduta dagoen leize batera, nolatan eraman du norbaitek hozkailu bat, leize batetik botatzeko. Memoria historikoarekin lotuta hori guztia bizi izan dugu, hain justu horregatik, iristea zaila den zirrikitu ilun eta sakon batek dena ezkutatzeko aukera ematen dizulako, izan gorpuzkiak edo izan zaborra.

Leizeak eta kobazuloak zergatik dira hain garrantzitsuak?

Guretzat ingurumenaren zati dira. Sakonera handietan oso gutxi kaltetuak izan dira, normalean. Galeria horiek paisaia naturalak dira, eta babestu egin beharra daude. Ingurumena balioan jarri behar da. Zuhaitzak eta animaliak bakarrik ez daude paisaia batean, estetika bera ere hor dago, interes handikoa dena. Paisaia hori mantentzea interesatzen zaigu, bere horretan. Zenbaitetan, lur azalean lanak egin behar izaten dira, beharrezkoak, eta paisaian eragiten da. Ados. Baina gutxienez jakitun gara eta pertzepzio hori daukagu. Mendien barruan horrelako guneak daude eta ikerketa iturri dira. Ez bakarrik eraldaketarako oso sentsiblea den fauna dagoelako, aztarnategiak ere egon daitezkeelako. Milaka eta milaka urtetan errespetatu den gunea da, eta sarri, gizakiaren eskuak eraldatu ez duen leku bakarra. Kobazuloek balio hori eduki dezakete, bisita masiboekin edo elementu eraldatzaileekin kontaminatzen ez baldin baditugu.

Aranzadik gertutik bizi duen egoera da, beraz. Alkizan, adibidez, Olatzazpiko kobazuloa auzolanean garbitu zuten, Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak gidatuta.

Kontuan izan behar da Aranzadin espeleologiak tradizio handia duela. Elkartea beraren sorreran dago, Jesus Elosegi tolosarraren eskutik adibidez. Hauek mendira ez ziren joaten tontorra egitera soilik, edo paisaia ikustera. Gelditu behar zenean gelditu egiten ziren, eta ingurunea aztertu. Leku horiek gehienek ikusi ere ez zituzten egiten, eta hori agian ona eta guzti da. Baina dena esan behar baldin bada, espeleologian ere arduragabeak egon dira: kobazulora joan eta pintaketak egin… edo estalagmitak eta estalaktitak apurtu gero etxera eramateko. Gero interesa galtzen dutenean zakarretara botatzeko. Ez dago horrelako ezer egin beharrik, ez dago gure mendien barnealdea horrela eraldatu beharrik.

Erlazionatuak

Kobazuloak eta zaborra

Asier Imaz 2022 urt 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!