Altuna III.ak eta Peña II.ak irabazi egin dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 10a, 17:46
Peña II.a eta Albisu, Binakako Pilota Txapelketan. BAIKO

Binakako Pilota Txapelketaren zortzigarren jardunaldia izan da azkena jokatzen, bigarren itzuliko lehen jardunaldia. Altuna III.ak eta Martijak bosgarren puntua lortu dute eta Peña II.ak eta Albisuk hirugarrena.

Pixkana aurrera egiten ari da binakakoa, baina oraindik gauza asko daude erabakitzeke. Eskualdeko pilotarientzat bi garaipen eta bi porrot izan dira azken jardunaldian, txapelketako zortzigarrenean, eta bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Altuna III-Martija sailkapeneko hirugarren postura igo dira, 22-12 irabaziz Irribarria-Rezustari. Bost garaipen dituzte eta bigarren dauden Laso-Imaz bikoarekin berdinduta daude garaipen kopuruan.

Peña-Albisu bikoak garaipen estuagoa lortu du, 20-22, Urrutikoetxea-Arangurenen aurka. Hirugarren garaipena lortuz, bigarrena jarraian, tolosarra eta ataundarra azken bi postuetatik atera dira eta orain seigarren postuan daude. Hiru garaipen dituzte ere Jaka-Mariezkurrena II bikoteak, eta zazpigarren postuan daude. Azken jardunaldian tanto bakarrarengatik galdu dute Laso-Imazen aurka. Sailkapeneko azken postuan, zortzigarrengoan, jarraitzen dute Ezkurdia-Tolosa bikoak. Lider doazen Elezkano II-Zabaletaren aurka 16-22 galdu dute, eta, beraz, garaipen bakarra lortu dute oraingoz. Seigarren postua bi garaipenetara dute, eta gero eta partida gutxiago dituzte txapelketan jarraitu nahi badute.

Elizegik zazpigarren garaipena

Promozio mailako txapelketan, Elizegi asteasuarrak Arteaga II.a aurrelariarekin jokatu du zortzigarren jardunaldian, azken honek Bakaikoa ordezkatu baitu. 22-12 irabazi diote Larrazabal-Salaverri II bikoteari. Zazpigarren garaipena lortu du, beraz, asteasuarrak, eta sendo jarraitzen dute sailkapen buruan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!