ERREPORTAJEA

Prebentziorik garrantzitsuena hitz egitea da

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 9a, 07:57
Laura de la Iglesia eta Enara Larrain. I. G.L.

Gizartean hainbat tabu daude, eta horietako bat da suizidioa. Gai bat lantzeko baina, beharrezkoa da horri buruz hitz egitea, arazoari heltzea. Eta horretan ari dira Inmakulada Lanbide Ikastolan, suizidioa prebenitzeko proiektu batean murgilduta.

Aurreko ikasturtean Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola eta Donostiako Easo Politeknikoa ikastetxea suizidioaren gaia lantzen hasi ziren, elkarlanean proiektu bat martxan jarriz. Abiapuntua COVID-19aren inguruko konfinamenduak eta beste neurriek nerabeen osasun mentalean zer eragin izan zezaketen ikustea izan zen. Horretarako Tolosaldean zein Donostialdean milatik gora ikasleri galdetegi bat pasatu zieten, ikusteko zer-nolako eragina izan zuen depresioan, antsietatean, loaren asalduran eta adikzioetan, eta suizidioaren inguruan ere galdetu zuten. Emaitzek erakutsi zieten denetan eragina izan zuela, eta bazeudela ikasleak suizidioaren inguruan pentsatu izan zutenak, planifikaziora iritsi eta saiakerak ere izan zirela. «Hori horrela, ikusi genuen lan asko zegoela egiteko», esan du Enara Larrain Inmakulada Lanbide Ikastolako irakasleak. «Hurrengo pausoa esku hartzea izan zen: tailerrak sortu genituen ikasleekin, osasun mentala eta erresilientzia lantzeko, depresioa eta antsietatea prebenitzeko, adimen emozionala lantzeko, eta horien inguruan gida batzuk ere osatu dira».

Inmakulada Ikastolan maiatzean egindako sentsibilizazio saioa. ATARIA

Bide horretan, Biziraun elkartearekin (Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea) harremanetan jarri ziren. Suizidioaren prebentziorako proiektu indartsu bat egin nahi zuten, eta ikasturte honetan horri heltzea pentsatu zuten. Besteak beste, aurreko urteko maiatzean sentsibilizazio saioa egin zuten Gizarte Integrazioko ikasleekin eta bertan Laura de la Iglesia ikasleak parte hartu zuen. Bere buruaz beste egiten saiatu zen eta horren lekukotza eman zuen, eta berarekin batera Bizirauneko kide batek parte hartu zuen. Horrez gain, Inmakulada eta Easo ikastetxeen artean suizidioaren prebentzioaren protokolo bat egiten ari dira. Komikiak, bideoak eta abar sortu nahi dituzte ere.

Enara Larrain: «[Suizidioaz] modu natural batean hitz egiten baduzu, beldur gabe eta tabu gabe, ikasleak ere animatzen dira hitz egitera» 

Proiektuaren barruan ere sozializazio espazioak ari dira sortzen. Bi ikastetxeetan batzar bana jarri dute martxan, osasun mentala eta suizidioa lantzeko. «Ikasleak libre eta eroso sentitzeko espazio bat izatea nahi dugu, dituzten kezka eta emozio guzti horiez hitz egiteko», azaldu du Larrainek. «Bizi garen gizartean erakutsi digute oso ondo dagoela gure emozio positiboak adieraztea, baina emozio negatiboak hobe direla barnean uztea, deserosoak direlako. Eta hori ez da horrela, hitz egin beharra dago, eta suizidioaren prebentziorako gauza garrantzitsuena hori da. Emozioak atera, hitz egin, laguntza eskatu, eta norbait izan ondoan eta espazio bat izan non seguru sentitzen zaren, eta ez zaren epaitua izango».

Harreman motak

COVID-19arekin sortutako egoerak arazoa azaleratu egin duela dio Larrainek, baina aurretik ere bazegoela, eta harreman motak daudela horren oinarrian. «Sare sozialak oso ondo daude, baina egia da nerabe eta gazteen artean harremanak oso azalekoak direla. Gehienetan erakusten dutena Instagramen eta beste sare sozialetan ez da egia: zoriontsu daudela, denak oso ondo eramaten direla... Baina azkenean bakoitzaren barruan zer dago? Eta zuk ikusten badituzu beste guztiak zer zoriontsu diren, nola ikusten zara zu bakardade horretan?», egin du galdera Larrainek. Askotan ikasleek ez dutela zeinekin hitz egin gaineratu du. «Oso garrantzitsua da erreminta horiek ematea, bere emozioak ulertzeko eta transmititzeko, eta baita besteenak ere identifikatzeko».

Suizidioaren prebentzioa gizarte osoaren ardura. ATARIA

Nerabe eta gazteekin ari dira lanean proiektuan, baina jakitun dira ez dela adin tarte horretako kontua bakarrik. Hamabost urte baino gutxiagokoetan, ehuneko ehunean igo dira suizidioarengatik gertatutako heriotzak. «Ez da nerabe eta gazteen arazoa, hori lehenagotik dator. Prebentzioa Haur Hezkuntzatik hasi behar dela diote, eta emozioen lanketan», esan du Larrainek. Bestalde, suizidioaz hiltzen direnen artean portzentaje altu bat dago 79 urte baino gehiagokoetan. Adin horretan bakardadeak zeresan handia izan dezakeela gaineratu du Larrainek.

Bi ikastetxeak lantzen ari diren protokoloan, saiakera bat egon denean edota suizidioarengatik heriotza bat gertatu denean, nola jokatu aztertzen dute. Askotan isildu egiten da gaia, eta horrek ikasleak beraien artean hitz egitea ekartzen du, eta hortik morbositatera heltzen da. «Horregatik isiltasun horrekin apurtu egin behar da, hitz egin», esan du Inmakulada ikastetxeko irakasleak. «Prebentzioan sentsibilitatea oso garrantzitsua da. Hezkuntza komunitatean dauden guztiak benetan sentsibilizatu behar dira arazo bat daukagulaz. Prebentzio garrantzitsuena hitz egitea da, eta beldur hori kendu behar dugu».

Suizidioaren gaia gizarte osoaren arazoa dela azaleratu nahi dute proiektuarekin. Datuak eman dituzte hori adierazteko: 2020an, 800.000 pertsona hil dira suizidioarengatik mundu osoan, gerrengatik eta homizidioengatik baino gehiago. 40 segundoro heriotza bat izan da suizidioarengatik, eta bi segundoz behin saiakera bat izaten da. «Askotan hitz egiten da trafikoarengatik-eta hiltzen diren pertsonak, eta horren inguruan egin dira kanpainak, baina non daude suizidioaren inguruko kanpainak?», galdegin du Larrainek. Zer edo zer mugitzen ari dela gaineratu du, baina espero duela horretan ez geratzea: «Lan asko egin behar da eta errekurtsoak behar dira. Sentsibilizazioa behar da, pertsonek benetan parte hartzea. Hau guztion arazoa da, ez bakar batzuena».

Tabuekin hautsi

Gizartean oraindik mito asko daude suizidioaren inguruan errealak ez direnak. «Jende gehienak suizidioaren inguruan ez du hitz egin nahi, eta nik ulertzen dut, ez delako gai erraza. Jendea oso deseroso sentitzen da», esan du Larrainek. Baina gero ezustekoak ere jaso ditu gelan gaia lantzerakoan: «Modu natural batean hitz egiten baduzu, beldur gabe eta tabu gabe, ikasleak ere animatzen dira hitz egitera, eta irekitzen dira. Inguruan ere berdina ikusi dut». Laura de la Iglesiak gaineratu duenez, «ikusi dut suizidio hitzak berak bakarrik beldur asko ematen duela. Denbora askoan isilik egon nintzen, pentsatzen nuelako egin nuen saiakera hori gaizki zegoela. Errudun sentitzen nintzen, eta Enarak eman zidan aukera niri gertatutakoaz hitz egiteko. Lehenengoz kontatu nion pertsona Enara izan zen eta bere erreakzioa oso normala izan zen, eta niri horrek lasaitu egin ninduen». Proiektuarekin tabu horrekin hautsi nahi dutela dio de la Iglesiak, eta jendeak lasaitasunez hitz egitea: «Beldurrarengatik erakutsi digute zerbait txarra bezala dela eta ezin dugula horretaz hitz egin, epaituak sentiarazten gaituztelako. Uste dut gizarteak begirada hori aldatu egin behar duela». 

Komunikabideek gaia nola jorratzen duten aztertzean, isiltzen den arazoa ez dela desagertzen, handiagoa egiten dela zehaztu du Larrainek. «Emozio negatibo bat zuretzako gordetzen baduzu, ez da desagertuko, handiagoa egingo da, eta berdin gertatzen da suizidioarekin». Komunikabideetan aurrerapauso batzuk izaten ari direla gaineratu du, eta Veronica Forque aktore espainiarraren kasuarekin ikusi dela dio. «Komunikabide batzuk ezkutatu egin zuten heriotza suizidioarengatik izan zela. Beste batzuk moduarekin geratu ziren, morbositatearekin. Beste batzuk ondo egin dute, azalduz nola iritsi den horretara, nola sentitzen zen, zer izan den testuingurua, laguntza eskatu duen edo ez... Eta horrek balio du prebentziorako».

Horren harira, Laura de la Iglesiarekin izandako hizketaldia ekarri du gogora: «Kontatu zidanean suizidatzen saiatu zela, nik ez nion galdetu nola egin zuen. Esan nion lasai egoteko, ea nola zegoen galdetu nion, eta berak esan zidan nola sentitzen zen. Hori da garrantzitsua, emozioak, nola sentitzen den pertsona. Kasuak benetan ez badira isiltzen, eta ondo lantzen badira, hori da prebentzio onena». De la Iglesiak bere lekukotza eman duenetik, jende askok badaki bere kasuaren berri. «Pertsona batzuk galdetu didate nola egin nuen saiakera, eta nik erantzuten diet ea hori den benetan inporta zaiena. Gero konturatzen naiz Enara bezalako pertsona asko daudela, galdetzen didatenak ea nola nagoen eta momentu horretan nola nengoen. Hori da benetan lasaitasuna ematen dizutenak, beraien laguntza eskaintzen dutenak».

Arrazoi ugari

Suizidioa osasun mentalarekin lotzea beste mito bat dela diote. «Suizidioa osasun mentaleko arazoekin lotu izan da, baina pertsona asko daude bere buruaz beste egiten dutenak beste arazo batzuengatik: bere familian arazo bat dagoelako, lanean edo eskolan bullyinga jasotzen dutelako...», esan du de la Iglesiak. «Suizidioz hiltzen direnak edo saiakera egiten dutenak ez dutelako sufritu nahi egiten dute, bere bizitzan sentimendu hori dagoelako». Suizidioa eta osasun mentala lotzeak gizarteari lasaitasuna ematen diola gaineratu du Larrainek: «'Depresioa zuen eta horregatik egin du, eta nik depresiorik ez dudan bitartean lasai nago', pentsatu dezake jendeak. Baina ez da horrela, eta kontuan izan behar da gaiaren inguruan dauden estigmak. Osasun mentalean sekulako estigma egon da, ezjakintasun handia izan da. Eta suizidioarekin berdina. Suizidioz hiltzera iristeko, arrazoi pila bat egon daitezke: bullyinga jasatea, indarkeria matxista... Horregatik garrantzitsua da jakitea zergatik iritsi den norbait horretara, eta hori prebenitzea».

Oro har ikasleekin irakasleek egin dezaketen lana nabarmendu du Larrainek: «Beldur asko dago askotan ikasleen munduan sartzeko, baina zer garrantzitsua den identifikatzea ikasle bat gaizki dagoenean eta ematea konfiantza eta espazioa bere egoera kontatzeko, eta ikusteko gu ere hor gaudela. Behar handia dute hitz egiteko, eta hori ere gure lana da». De la Iglesiarekin sortu duten harreman berezia aipatu du: «Laura nire ikaslea zen eta orain nire laguna da. Oso islatuta sentitzen nintzen beregan eta uste dut berari berdina gertatu zitzaiola, eta harreman berezi bat dugu». Bide batez, de la Iglesiak bere kasua publikoki kontatzeak izan duen garrantzia azpimarratu du: «Jendea askok pentsatzen du suizidio saiakera bat egiteko ahula izan behar duzula, eta hori ez da horrela. Laurari ikusten zaio zein indartsua den. Ahuldade batean edonor egon gaitezke, eta asko gustatzen zait horrekin haustea. Bere lekukotasunaren ondorioz, Ikastolan beste ikasleek euren artean hitz egin dute, eta berarengana hurbildu dira. Orduan ez da bakarrik publikoki egin duen testigantza, baizik gero ahoz aho nola joan den zabaltzen, eta horrek prebentzioaren aldetik suposatu duen guztia». De la Iglesiak «aldaketa izugarria» eman duela gaineratu du Larrainek, eta hori bizitzea berarentzat gertatu zaion «gauza berezienetako bat» izan dela. «Eta nahiko nuke hori adierazi beste irakasleei: zer polita den hau. Benetan zeregin horretan sartzeko, gure lana ere hau badela, eta guk asko dugula prebentzioan egiteko».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!