ELKARRIZKETA

«Niri laguntzen dit eta indartsu sentitzen naiz»

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 9a, 07:58
Laura de la Iglesia. I.G.L.

Ez zaio erraza egin bere kasua azaltzea, baina behin hitz egin duenean, aurrera egiteko gogo gehiago du. Suizidioaz hitz egitea beharrezkoa dela ikusten du, tabuak apurtzea, eta bera egiten ari den bidea besteentzat baliagarria izan daitekeela ikusten du.

Pauso garrantzitsua eman du Laura de la Iglesiak (Ibarra, 1999), Inmakulada Lanbide Ikastolak martxan jarri duen proiektuan bere lekukotasuna emanez. Orain bost urte inguru bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta horri buruz hitz egin du, besteak beste, ikasle den Inmakulada Lanbide Ikastolan bertan. Berari lagundu dio ezkutuan zuena azaltzen, indartsuagoa egin duela azaldu du, eta espero du egoera horretan egon daitezkeenentzat lagungarria izatea bere testigantza ematea.

Nolatan animatu zinen zure kasuari buruz hitz egitera?

Aurreko ikasturtean, eskolan proba pilotu moduko bat egin zen, proiektua aurkezteko. Niri Enarak [Larrain] esan zidan ea animatuko ote nintzen parte hartzera, berak nire kasua oraindik ezagutu gabe. Ikasle baten ikuspuntua ematea zen asmoa. Egun batean berarekin eseri nintzen hitz egitera, eta esan nion nire buruaz beste egiten saiatu nintzela. Lehenengoz kontatzen nuen aldia zen, Enarari kontatu nion, eta bere erreakzioa oso normala izan zen, eta niri horrek lasaitu egin ninduen. Ez zidan aurpegi arraro batekin begiratu ezta epaitu ere. Esan zidan lasai egoteko, normala zela eta jende askori gertatzen zaiola.

Denbora pasa ondoren, Enarak galdetu zidan ea nire kasua kontatzera animatuko ote nintzen, ez morbositate hori emateko, nik ez baitut behin ere azaldu zer saiakera mota egin nuen, baizik azaltzea nola sentitzen nintzen eta nola iritsi nintzen puntu horretara. Enarak eskutik heldu zidan eta esan zidan batera joango ginela bide honetatik.

Nik hasieran beldur pixka bat nuen, bost urtez isilik egon nintzelako. Baina pentsatu nuen nire unea zela, eta uste nuen aukera hau ematen bazidaten hartu egin behar nuela. Niretzako ere gai tabu bat zen, ez nuelako horri buruz inoiz hitz egiten. Une horretan, Enarak esan zidanean ea animatuko nintzatekeen, baiezkoa esan nuen, eta nahiz eta beldur pixka bat izan, aurrera jarraitu nuen, motxila hori gainetik kentzeko.

«Niri asko laguntzen dit pertsonalki. Bost urtez isilik egon naiz, eta nire gainetik pisu handi bat kentzen dut»

Zer kontatzen duzu?

Ikusten dira sufritu duten senideak pertsona bat hil denean suizidioarengatik, baina ez zaio ikusgarritasun hori ematen saiakera egin duen pertsona bati. Eta nik uste dut horrek ere besteei lagunduko diela, pertsona asko daudelako ni bezala, saiakera egin dutenak. Baina ez dira ausartzen hitz egitera, eta uste dut nik hitz egiteak beste horiei lasaitasuna emango diela, konturatzen baitira ez daudela bakarrik. Ni askotan arraro sentitu naiz, neure buruari galdetzen nion nolatan egin nuen hori; oso gaizki nengoen, eta erruduntasun hori nuen, nire familiari mina egin diodala pentsatuz. Gaixotasun bat nuen, konplikatu egin zen, eta saiakera hori egin nuen. Baina garrantzitsuena da orain non eta nola nagoen, eta nik honekin nahi dudana da besteei laguntzea.

Zertan laguntzen dizu zuri?

Hasieran beldur pixka bat nuen, eta jendeak zer pentsatuko ote zuen galdetzen nion neure buruari. Enarak lasaitasun handia eman zidan, eta pentsatzen nuen nire momentua zela. Niri asko laguntzen dit pertsonalki. Bost urtez isilik egon naiz, eta nire gainetik pisu handi bat kentzen dut. Hitz egitea suizidioaz, orokorrean, pila bat laguntzen dit lasaitzen, konturatzen naizelako ez dudala ezer txarrik egin. Nik egin dudana pertsona askok egin dute, eta ez nago bakarrik. Niri laguntzen dit, eta indartsu sentitzen naiz. Lehen norbait entzuten banuen suizidioaz hitz egiten edo albisteak entzuten banituen, oso gaizki sentitzen nintzen, tripako mina jartzen zitzaidan eta negargura handia. Orain beste ikuspuntu batetik begiratzen dut. Niri asko lagundu dit pertsonalki honetaz hitz egitea, hortaz badakit beste pertsonei ere lagunduko diodala. Pentsatzen dut ikusgarritasuna emanez dagoeneko lagundu egingo dudala, eta horrek berak niri ere asko laguntzen dit.

Lekukotasuna zenbat aldiz eman ahal izan duzu?

Aurreko urtean hasi nintzen. Biziraun elkarteko Eva Bilbao eta Agustin Erkiziarekin, eta Enararekin, lehenengoz azaldu nuen. Gero, Inmakulada ikastetxean, gizarte zikloan. Pixka bat zailagoa egin zitzaidan bigarrengo aldian, nire adineko pertsona gehiago zeudelako eta pentsatzen nuelako ea beraiek zer pentsatuko ote zuten nitaz. Baina gustura aurkitu nintzen, eta beraien erantzunak ikusita, gustura sentitu nintzen. Uda honetan izango dut mahai inguru batean hitz egiteko aukera. Pixkanaka aurrera noa, eta uste dut denbora pasa ahala, eta gauza gehiago egiten jarraitzen badut, indartsuago egongo naizela. 

«[Gertukoek] ulertu behar dute nik hitz egin nahi dudala eta nik ulertu behar dut agian beraien momentua ez dela orain»

Gertukoek nola ikusten dute zuk zure kasua kontatzea?

Nire familiari oso zaila egin zaio, hasieratik, eta ulertzen dut beraiek ere gaizki pasa dutela. Ez da erraza beraientzat. Nik badakit niretzat ez dela erraza, baina beraientzat gutxiago. Uste dut oso ezberdina dela. Sufrimendu bat da, bai niretzat eta bai beraientzat, eta erabaki genuen estaltzea eta isiltzea, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Sentsazio horrekin egon gara denbora askoan, eta ni hasi naizenean proiektu honetan, egia da nire familiak beldur pixka bat bazuela. Jendeak zer pentsatuko ote zuen baino gehiago, nire amak adibidez beldurra zuen ea niri mina egin ziezadaketen. Nire amak asko babesten nau. Nik beti esaten dut nire amak bizitza salbatu didala alor guztietan. Gaizki egoten hasi nintzenetik gaur egun arte, nire ama beti nirekin dago. Batzuetan bai sentitzen nuela nekea, bakean uzteko esaten nion, baina orain pila bat eskertzen diot, nire ama egunero egon delako nire ondoan. Badakit berarentzako ez dela erraza, baina berdin saiatzen da ondoan egoten.

Ulertzen dut beraientzako zaila dela, eta nire mutilarentzako ere zaila da. Beraiek ulertu behar dute nik hitz egin nahi dudala eta nik ulertu behar dut agian beraien momentua ez dela orain; iritsiko da bere momentua iritsi behar denean, eta nik hori errespetatu egin behar dut, beraiek ni errespetatu nauten moduan. Espazio hori utzi behar diet, eta ikusten dut nire familia oso indartsua dela. Ni entzutea etxean gai honetaz hitz egiten, hori bakarrik beraientzako zaila da, eta ni oso eskertuta nago nire familiari, bai nire ahizpa, nire ama eta niri aitari nire ondoan egoteagatik. Badakit zaila dela, baina beti esfortzua egiten dute nire ondoan egoteagatik.

Aukera izan duzu suizidatzeko saiakera egin duten beste pertsona batzuekin hitz egiteko? 

Oraindik ez dut ezagutu saiakera egin duen pertsonarik. Bai gertatu zait zenbait pertsona etortzea eta esatea, niri entzun eta gero, ideiak izan dituztela edo saiakera egin dutela, eta esaten didate ni entzuteak lagundu egin diela. Ni pixkana prestatzen ari naiz, eta oraindik ez dakit zer edo nola esan. Nik nire bizipena kontatzea daukat, baina askotan kezka dut esango diedana egokiena den edo ez. Beraiek ikustea ni orain ondo nagoela, pozik nagoela, eta hemen nagoela hori pasa eta gero, lagundu egingo diela uste dut. Nik nahi dudana da beraiek ikustea beti dagoela irtenbide bat, eta laguntza eskatu behar dutela. Nire bidean laguntza eskatu dut.

«Jendeari esan nahi diot, egoera txar batean baldin badaude, laguntza eskatzeko; ez pentsatzeko bakarrik daudela»

Aurreko urtean, Enarari kontatu nionean ni oso gaizki nengoen. Berak esan zaidan laguntza profesionala behar nuela eta berarengatik hasi nintzen, eta egun jarraitzen dut. Oso eskertuta nago, betidanik lagundu didaten profesional guztiei; uste dut gauza garrantzitsua dela laguntza hori jasotzea, baina uste dut garrantzitsuagoa dela jakitea arazo bat duzula, eta laguntza eskatu behar dela. Pauso oso handia dago arazo bat duzula jakitetik, pertsona askok badakitelako arazo hori daukatela, laguntza eskatzera. Nik nire familiarengandik eta Enararengandik laguntza jaso dut, eta ni gaizki nengoenean laguntza eskatu dut. Hori da garrantzitsuena, laguntza eskatzea, eta zure ondoan beti esku bat izatea indartsu heltzeko, eta gaizki zauden momentuetan jakitea ez zaudela bakarrik.

Inmakuladan egiten den proiektua zer iruditzen zaizu?

Pixkana hasi gara, baina iruditzen zait izugarria dela. Uste dut oso leku gutxitan ikusten den zerbait dela. Pertsona askori laguntzen ari dira. Ni aurreko urtean hasi nintzen honekin, eta indar asko eman didate. Eta uste dut honekin aurrera jarraitu ahala, zerbait oso berezia izango dela. Niri asko laguntzen dit, indarra ematen didalako egunero aurrera jarraitzeko, ikusteko ez nagoela bakarrik, zerbait normala dela. Tabu hori hautsi nahi dugunez, lagundu egiten didate prestatzen eta tabu horrekin hausten. Eta uste dut proiektu hau beharrezkoa dela.

Zer beste mezu eman nahiko zenuke?

Orokorrean jendeari esan nahi diot, egoera txar batean baldin badaude, laguntza eskatzeko. Ez pentsatzeko bakarrik daudela. Beraien familiekin ez badira ausartzen hitz egitera, askotan babes hori izatea zaila dela ikusten badute, ondoan dituzten beste pertsona batzuekin hitz egiteko. Eskolan bullyinga-edo jasaten badute, irakasleekin hitz egiteko. Irakasleek asko laguntzen dute, eta nik zortea izan nuen aurreko urtean Enararekin. Baina benetan esaten diet ez daudela bakarrik. Denetatik atera egiten dela, eta beti laguntza eskatzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!