Azken lau postuetan amaitu dute lehen itzulia

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 4a, 11:59

Lehen Mailako Eskuz Binakako Txapelketaren lehen itzulia ez da ona izan eskualdeko pilotari guztientzat; promozio mailako txapelketan, lehen partida galdu du Elizegik.

Urte berrian sartzearekin batera, binakako txapelketaren lehen fasea heldu da ekuatorera. Bikote guztiek jokatu dute elkarren aurka, eta espero zitekeen moduan, ez da sorpresa larririk izan. Akaso, pilotazale gehienek Peña eta Albisu edota Jaka eta Mariezkurrena postu batzuk gorago egotea espero zuten. Hala ere, euren maila onena ez ematearen eta gainerako bikoteen erakustaldi handien ondorioz, nahiko lituzketenak baino puntu gutxiago eskuratu dituzte.

Hain justu, lizartzarra izan zen zazpigarren jardunaldiko lehen partida jokatu zuena. Mariezkurrena II.a ordezkatu zuen Andoni Aretxabaletarekin osatu zuen bikotea, Tolosako Beotibar frontoian, abenduaren 30ean. Aurrean, berriz, orain arteko bikote onena: Elezkano II-Zabaleta. Baikoko bikoteak ezin izan zuen Aspekoak ezarritako erritmoa jarraitu, eta azkenean, 22-11 galdu zuen.

Altunak jokatu zuen hurrengo partida, Urte Berri egunean. Martijarekin batera, Laso eta Imaz izan zituzten aurkari, Eibarko Astelena pilotalekuan. Emozio handiko partida izan zen, inork galdu nahi ez zuena; puntu garrantzitsua zegoen jokoan, eta amaieran, tentsio handiko momentuak bizi izan ziren. Horren erakusgarri, azken emaitza: 22-21, Aspeko bikotearen alde. Urdulizen jasotako kolpearen atzetik, garrantzia handiko bi garaipen lortu dituzte, eta jada sailkapeneko goiko postuetako bikoteen puntu kopuru berdina eskuratu dute.

Hurrengo egunean, Donostiako Atano pilotalekuan jokatu zuen partida Jon Ander Peñak. Albisurekin batera, Irribarria eta Rezusta izan zituzten aurkari. Ez zen partida ona izan, bi bikoteek tanto asko oparitu zituztelako, baina azkenean, Baikokoentzat izan zen garaipena: 22-16. Lehen jardunaldian lortutako puntuarekin zegoen Baikoko bikotea; geroztik, ez zuen garaipenik lortu, eta beraz, ezinbesteko puntua eskuratu zuten igandean.

Azkenik, atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan antolatu zuten enpresek lehen itzuliari amaiera eman zion jardunaldiko azken jaialdia. Bertan, Ezkurdiak eta Tolosak, Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka jokatu zuten. Ez da txapelketa ona egiten ari Aspeko bikotea, eta atzo ere, partida txukuna egin arren, ez zuen garaipena lortu: 22-18 gailendu zen Baikoko bikoa.

Etzi hasiko da zortzigarren jardunaldia, bigarren itzuliko lehena. Berriro ere, enpresa bereko bikoteak elkarren aurka ariko dira. Urtarrilaren 6an, Jaka-Mariezkurrena bikoteak Laso-Imaz bikotearen aurka jokatuko du, Eibarren. Urtarrilaren 7an, Altunak eta Martijak, Irribarriaren eta Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Zallako Mimetiz frontoian. Hilaren 8an, berriz, Ezkurdiak eta Tolosak, Elezkano-Mariezkurrena bikotearen aurka jokatuko dute, Iruñeko Labriten (jaialdiko lehen partidan, Artolak eta Erasunek elkarrekin jokatuko dute, Agirre-Aretxabaleta bikotearen aurka). Azkenik, urtarrilaren 9an, Peñak eta Albisuk, Urrutikoetxearen eta Arangurenen aurka jokatuko dute, Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Beraz, eskualdeko pilotariek garaipen bana lortzeko aukera dute aste honetan; garrantzi handiko garaipena izan daiteke gainera.

Une honetan, horrela dago sailkapena:

    Jokatutakoak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 ELEZKANO II - ZABALETA 7 6 149 100 49
2 IRRIBARRIA - REZUSTA 7 4 141 119 22
3 LASO - IMAZ 7 4 141 120 21
4 URRUTIKOETXEA - ARANGUREN 7 4 124 124 0
5 ALTUNA III - MARTIJA 7 4 117 140 -23
6 JAKA - MARIEZKURRENA II 7 3 128 143 -15
7 PEÑA II - ALBISU 7 2 128 141 -13
8 EZKURDIA - TOLOSA 7 1 108 149 -41

Elizegiren lehen porrota

Igandean Donostian antolatutako jaialdian, Oinatz Bengoetxea eta Jon Erasun omendu zituzten. Zizurkildarrak jaialdiko azken partidan jokatu zuen, promozio mailako txapelketakoan, Salaverri ordezkatuz. Baikokoek galdu egin zuten, Victorren eta Gaskueren aurka, 22-17.

Hain zuzen, Iker Elizegi asteasuarra da promozio mailako txapelketan dabilen eskualdeko ordezkari bakarra. Atzo jokatu zuen Tolosan, Arteaga II.arekin batera, Salaberria-Erostarbe bikotearen aurka. Bakaikoarekin bikotea osatuz, ordura arte jokatutako sei partidak irabazi zituen Baikoko bikoteak. Atzo, ordea, galdu egin zuten: 22-14. Hain justu, bi bikote hauek dira sailkapeneko lehen postuan daudenak, seina punturekin berdinduta.

Etzi, Errege Egunean, jokatuko du zortzigarren jardunaldiko partida Iker Elizegik, berriro ere, Arteagarekin batera. Larrazabal-Salaverri enpresa bereko bikotearen aurka jokatuko dute, Eibarren; 17:00etan hasiko den jaialdiko lehen partida izango da.

    Jokatutakoak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 SALABERRIA - EROSTARBE 7 6 151 97 54
2 BAKAIKOA - ELIZEGI 7 6 146 100 46
3 ZUBIZARRETA III - ESKIROZ 7 4 134 134 0
4 ZABALA - O. ETXEBARRIA 7 3 133 122 11
5 LARRAZABAL - SALAVERRI II 7 3 116 128 -12
6 ALBERDI - URIONDO 7 2 119 126 -7
7 VICTOR - GASKUE 7 2 106 144 -38
8 EGIGUREN V - UNTORIA 7 2 91 145 -54

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!