Pandemiak baldintzatutako urtea izan da aurtengoa. Osasun egoerak ahalbidetu duen neurrian kultur ekitaldiak antolatzen hasi dira eskualdean. Ekainetik urrira bitartean ospatu zen Kultura Plazara jaialdia, Tolosako Udalak antolatuta. Arte eszeniko ezberdinei egin zitzaien lekua eta gune ezberdinetan eskaini ziren haur, gazte eta helduei begirako ekitaldiak. Denera 8.000 lagun inguru bildu zituen jaialdiak. Tolosan bertan, bestek ekimen batek ikusi du argia aurten lehen aldiz: Tolofolk jaialdiak. Apirilaren 7tik 11ra egin zuten.
Dantza
Dantzari dagokionez, urte emankorra izan da aurtengoa eskualdean. Kimua dantza kolektiboak bere lehen ikuskizuna estreinatu zuen ekainean: genEroa. Kale ikuskizuna da eta genero ikuspegiaren gaiak zipriztintzen dituen alderdi ezberdinen inguruko hausnarketa proposatzen du. Hainbat koreografia interpretatzen dituzte eta dantzekin batera, musikek, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek eta hainbat baliabide materialek osatzen dute kale ikuskizuna. Kolektiboko sei dantzarik eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariak hartzen dute parte emanaldian.
Ez da aurten estreinatu den dantza emanaldi bakarra izan. Uztailaren 2an Hondarribian eman zuten lehen aldiz Gazte izeneko ikuskizuna. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Eneko Gilen koreografiekin ondutako lana da eta Villabonako Oinkari dantza taldeko hamabi dantzarik hartu dute parte proiektuan.
Musika
Eskualdeko gazteek ere beren agerpena egin dute musikaren panoraman Xabi Zubeldiak, Txomin Urdanpilletak eta Iñaki Mujikak Nera izeneko proiektua aurkeztu zuten udaberrian eta euren lehen lana plazaratu: Itsasoari begira. Nerako kide den Iñaki Mujika asteasuarrak Markel Galarraga eta Ivan Ropero zizurkildarrekin eta Jokin Iraola tolosarrarekin osatu du Meliora taldea. Pello Errota protagonistatzat hartuta singlea eta bideoklipa kaleratu zuten irailean.
Gazteak dira baita ere Distopia elektrotxarangako kideak, Tolosaldeko zazpi herrietako hamaika musikarik osatzen dute. 17 eta 22 urte artekoak dira denak. Beste gazte tolosar bat dabil Nikotina proiektuaren gidari gisa, Jon Tolosa tolosar gaztea hain zuzen. Nirvana diskoa kaleratu zuen udazkenean.
Verde Prato izena jarri dio, bestalde, Ana Arsuaga Aranbarri artistak bere bakarkako musika proiektuari eta Kondaira eder hura diskoa kaleratu du aurten. Aurten sortu den beste musika taldea da Mirua. Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio tolosarrek sortu dute eta Gaztea irratiko Maketa Lehiaketako Harrobia saria irabazi zuen azaroan. Elkarlanean aritu da, baita ere, Villabonako Habi taldea Etxekalte talde bizkaitarrarekin. Bi kantuz osatutako Arima lana kaleratu zuten urte hasieran.
Kepa Junkerarekin Sorginak taldean ibilitako beste bost kiderekin batera Neomak taldea sortu dute Maria Lasa zizurkildarrak eta Garazi Otaegi asteasuarrak. Trikiti munduarekin jarraituz, Maixa Lizarribarrek parte hartzen duen Amak taldeak disko berria atera du aurten, baita Xabi Malbadi albizturtarrak ere, Zero izenekoa plazaratu du.
Artea
Urtero bezala, Sormenaren Kabia bekarekin egonaldi artistikoa egin dute Alkizan Ione Larragok eta Joseba Agirrezabalak. Geuretik Sortuak bekari esker, Villabonan hiru astetako egonaldia egin zuen Maitane Perez Argote iruindarrak. Eta beste artista batek, Julen Iztueta anoetarrak, aurten, Galerie 21 arte galeriaren eskutik, Ispilu hutsak bilduma jarri zuten ikusgai Hanburgoko kaleetan.
Argitalpenak
- Juan Kruz Igerabide. Doneaneko alaba.
- Maixa Zugasti. Hostoen hezurdura unatua.
- Oihana Iguaran. Hormak.
- Koldo Alijostes. Bizitzak.
- Joxemari Iturralde. Antxon Elosegui, desgranando una vida.
- Oihana Iguaran eta Maria Altuna. Plazida, oihartzunaren plaza.
- Iraitz eta Izaro Lizarraga. Pli, Pla!
- Koldo Rabadan. Bidean.
- Maria Morales. La luz de la tormenta.
- Iñaki Zubeldia. Lehoiaren atzaparretan galduta.
- Karlos Linazasoro. Esaten dugun argia.