Bi mila eta hogeia ixterako, Tolosaldean, lehenengoz, alderdi politiko guztiek eskualde mailako ospitale publikoa eskatu zuten eta kokalekuaren inguruan ere hitz egiten hasi ziren. 2021a abiatzearekin batera, otsailaren 1ean, publiko egin ziren eskualdeko ospitale publikoa ezartzeko lau kokaleku «bideragarrienak», Tolosako Udalaren iritziz: San Blas (hilerri azpian), Iurreamendi (kamioien aparkaleku inguruan), Santa Lutzia (behealdean) eta Usabal (SAM enpresaren inguruan).
Guztira, hamahiru kokaleku aztertu dira irizpide ezberdinak kontuan izanda, besteak beste, ingurugiroa, irisgarritasuna, bideragarritasuna, mugikortasuna, lur zatien ezaugarriak, eraikigarritasuna eta aparkalekua. Azterketaren lehen fasea amaituta, behin betiko kokapena erabakitzeko bigarren fasea jarriko zen martxan.
Tolosaldeko Alkateen Mugimendura batzeko deia, falta diren alkateei
Tolosaldeko Alkateen Mugimenduan dauden 25 alkatek elkarlanerako gonbita egin zieten otsailean bertan ez dauden alkateei, guztien artean «osasun eredua eta behar diren azpiegiturak adosteko». Tolosa, Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul eta Andoaingo alkateak dira mugimenduan ez daudenak. «Guztion bat egitearekin bakarrik lortuko baitugu Tolosaldeko herritar guztiak eta Tolosaldeko udal guztiak, lortzen dugunarekin ados eta gustura geratzea». Honela, alkateen mugimenduak hiru mahai antolatzea beharrezkoa izango litzatekeela proposatu zuen. Lehen mahaian osasun arloko pertsona kualifikatuez gain, gizarte zerbitzuetako profesionalak eta erakundeetako ordezkariak egotea proposatu zuten.
Bigarren mahaiak gaur egungo errealitateari erreparatuko lioke. Asuncion ospitaleko langileen arazoaren konponbidean laguntzeko lantaldean Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkaritzak egingo zuela lan esan zuten, eta klinikako langileen ordezkariekin eta gainerako erakunde inplikatuekin «elkarrizketak erraztuz» eta «beharrezko adostasunak lortzeko» aukera desberdinak mahai gainean jarriz ariko litzatekeela lanean zehaztu zuten. Azkenik, azken lantaldeak ospitalearen kokalekua aztertuko zuela argitu zuten.
Toparen exijentzia
Martxoaren 17an agerraldia egin zuen TOPAk. Ospitale publikoaren auzian guztion parte hartzea eskatuz: «Eskualdean ospitale publikoa eratzearen prozesua erabat parte hartzailea izan behar duela exijitzen dugu. Erabateko kontsentsua duen ekimen batek soilik funtzionatuko du, eta osasun arloko sektore guztietako ordezkariek izan behar dute ahotsa ekimen horretan. Joera politiko guztietako ordezkariek bat egiteko eta eskuz esku lan egiteko gune bat izan behar du, hartzen diren erabakiak gardentasun osoz agertuko dituena».
LAB, Asuncioneko langileekin bat
Martxoaren 23an LAB sindikatuak agerraldia egin zuen Asuncioneko langileei babesa adierazteko. Sindikatuak esan zuen Asuncioneko langileen ondoan dagoela eta Eusko Jaurlaritzak eskualdearekin «zor historikoa» duela salatu zuen.
EH Bildu Tolosaldeko Alkateen Mugimenduarekin
Apirilaren 7an Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak eta Gurutze Etxezabal EH Bilduren Tolosaldeko arduradunak babesa azaldu zioten Tolosaldeko Alkateen Mugimenduari. Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako anbulatorioan egin zuten agerraldian, Etxezabalek beharrezkotzat jo zuen osasungintzaren eredua zehaztu eta adostasunak lortzea. Izagirrek bere partetik esan zuen COVID-19ak «mahai gainean» utzi dituela «sistemak dituen gabeziak», eta erakundeen betebeharra dela desorekei aurre egitea: «Erakunde publikoetako ordezkariek desberdintasunei aurre egin, eta herritar guztiei kalitatezko osasun zerbitzua bermatu behar diete».
Ospitalea suhiltzaileen parkearen aurrean
Tolosako EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini zuen apirilaren 22an, Tolosako Udalak Osakidetzaren aldetik ospitale publikoaren kokapenaren inguruko jakinarazpena jaso zuela azaldu eta Tolosako Udalaren ardura baino eskualde mailako erabakia izan beharko lukeela salatu zuen oposizioko alderdiak. «Eskualdeko azpiegitura izanik, ezinbestekoa da kokapena ere, Tolosaldean eratu den Osasun Mahaian proposatzea. Guzti honen lanketan dabiltza gure eskualdeko 25 alkate eta hainbat eragile, eta zentzu honetan, alkate mugimenduan bat gehiago izan beharko luke Tolosako alkateak ere, hori izango baita tolosarrok merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzua lortzeko modu bakarra». Gainera, Alkateen Mugimenduak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bilera eskaera bat egin ziola jakinarazi zuen agerraldian bertan.
«Gardentasuna» eta «benetako parte hartzea» eskatu ditu TOPAk
Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak elkarretaratzea egin zuen apirilaren 24an, Tolosako Trianguloa plazan. Tolosaldeko 25 alkatek lan mahaian parte hartzeko proposamena egin zien eta parte hartzea erabaki zuten: «Gure alea osasun arazo honi konponbidea bilatzen jarriz».
Ospitale publikoa Tolosan, alkatearen gutuna
Olatz Peonek maiatzaren 11n ATARIAn idatzitako gutuna da honakoa, ospitale publikoa ardatz hartuta: «Jaurlaritzak egokitzat jo du ospitalea suhiltzaileen pareko aparkalekuko eremuan eraikitzeko proposamena, baina, azken erabakia hartu aurretik, beste hainbat alderdi kontuan izanda aztertzen ari gara lau eremuak, eta ondoren jarriko dugu abian Tolosako Hirigintza Plan Orokorraren aldaketa». Eta honela gehitu, besteak beste: «Hirigintza Plana egokitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak garatu eta zehaztuko ditu, bere eskumenen barruan, eskualdeko ospitale berriaren eredu eta ezaugarriak. Urrats asko geratzen dira oraindik, eta horiek erakunde bakoitzak, norbere eskumenen-eremuan egin beharko ditu; udal gobernu honek ez du etsiko eta lanean jarraituko du».
Larraul eta Berrobiko alkate sozialisten eskaera
Larraulgo eta Berrobiko alkate sozialistek eskualdeko osasun sareari buruz hitz egiteko jasotako bilera deialdia gaitzetsi zuten, maiatzean. Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren eskutik jaso zutela esan zuten, eta bi alkateen iritziz garapen agentziari ez dagokio gai hori lantzea.
Suhiltzaileen pareko aparkalekua lehenetsi da
Ekainaren 2an, Tolosako alkate Olatz Peonek jakinarazi bezala, Tolosako Udalak ospitale publikoaren kokagunerako azterketa amaituta, Iruña etorbidean dagoen kamioien aparkalekua egokiena dela ondorioztatu zuen. Bizilagunekiko eragina, lurraren jabetza eta mugikortasuna nabarmendu zituzten kontuan hartutako irizpideen artean. Jaurlaritzako ordezkariak azken fasean izandako lau eremuak ikustera etorri zirela azaldu zuen alkateak, eta bilerak egin zituztela udal teknikariek bertako teknikariekin jaurlaritzan, «koordinazioa erabatekoa izateko».
Udal gobernuaren jokabidea salatuz
Laster iritsi zen oposizioko alderdiaren erantzuna. Eskualderako ospitale publiko berriaren kokalekuari dagokionez, «berriro ere Tolosako alkateak aldebakartasunez jokatu duela» adierazi zuen oposizioko alderdiak. «Ez da onargarria eskualdeko osasun sistema eta azpiegituren inguruan lanean horrenbeste urtetan aritu diren talde politiko, eragile, herritar zein gainerako udalek, Tolosako udal gobernuaren erabakiaren berri prentsaren bidez jasotzea».
Sagarduik ospitalearen kokagunea bisitatu du
Ekainaren 7an, etorkizunean eskualdeko ospitalearen kokagunea izango den eremua bisitatu zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; Olatz Peon Tolosako alkatea, Tolosako Udaleko hainbat zinegotzi eta Osasun Saileko hainbat ordezkari izan ziren eskualdeko ospitalea eraikiko den eremuan, Iruña etorbideko kamioien aparkalekuan alegia.
Asuncion ospitalearen egoerari buruz galdetuta, sailburuak adierazi zuen osasun publikoak eta osasun pribatuak «bermatzen dutela» osasun sistema EAEn, eta beraz, «guztiontzako eremuak izango ditugu proiektu honi esker».
«Bilerak gazitik gehiago izan du»
Ekainaren 9an, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin hitz egin zuten telematikoki. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak osasun ereduaren inguruan egindako lanketa bidali zion sailburuari eta bilera «gazitik» izan zuela esan zuten.
«Garrantzitsuena zerbitzuak dira»
Ekainaren 24an TOPAk berriro ere azpimarra zerbitzuan jarri zuen eta Jabi Aranak hamar urteotako herritarren babesa txalotu zuen: «Ospitale publikoa egingo dutela esan dute, eta hori posible izan bada, hamar urte hauetan gurekin bidea egin duten pertsona horien babesarengatik da. TOPAk jasotako babes guztia eskertu nahi du, babesa ezinbestekoa izan baita».
%100 publiko izatea eskatu dute ELAk eta LABek
Sindikatuek Asuncion ospitaleko langileak subrogatu eta egingo duten ospitale publikoko langile izatera pasatzeko eskatu zuten. Asuncion ospitaleko langileak ez dituen ospitale publikorik ez dutela onartu esan ziten uztaileko agerraldian.
Ospitalearen eraikuntzarako urrats bat gehiago
Tolosako iraileko osoko bilkuran aho batez onartu zuten eskualdeko ospitale publikoaren eraikuntzarako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala abiaraztea. Dokumentua osatu aurretik egingo zutela esan zuten, diagnosia egin eta egon daitezkeen aukerak aztertu eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Ondoren, informazioa jaso ostean, dokumentua herritarrekin partekatuko zutela esan zuten eta osoko bilkuran onartu beharko zela.
«Gardentasun eza» salatu du TOPAk
Tolosaldeko osasun arreta hobetzeko prozesuan «modu demokratikoan parte hartu ahal izatea» exijitu zuten TOPAko kideek azaroaren 2an egindako agerraldian. TOPAk bere kezkak azaldu zituen: eskualdeko ospitale berriak izango dituen hornidurak zeintzuk izango diren edota osasun proiektu berrian Asuncion ospitaleak zer egiteko dituen, adibidez. Izan ere, gai horien inguruan dagoen «gardentasun falta eta obskurantismoa» salatu zuten.
Espezialitate guztidun ospitale publikoa
Abenduaren 2an prentsa agerraldi bidez TOPAk gainerako eskualdeetan «behar bezala» funtzionatzen ari den ospitale eredua eskatu zuen Tolosalderako; Debagoienako ospitalea erabili zuen adibide modura. «Espezialitate guztiak izango dituen ospitale publiko bat exijitzen dugu», esan zuten.