Ines Urkola eta Egoitz Luisa
2016an zapaldu zuen lehen aldiz saharar errefuxiatuen kanpamentua Egoitz Luisa anoetarrak. Uda hartan, bere bikotearekin batera, Oporrak Bakean programan parte hartu zuen, eta Nurdin haur sahararra bi hilabetez izan zuten etxean, Anoetan. Horren ostean, Nurdinen familia ezagutu asmoz Aljeriara egin zuten bidaia, Dajlara. «Duda asko izan genituen hasieran, baina gure bizitza markatu duen proiektu bat izan da», esan du Luisak.
Lehen bidaia egin du kanpamentuetara, aldiz, Ines Urkolak, Egoitz Luisa semearekin batera. Nurdinen familia ezagutzeko aukera izan du, eta bidaia «gogorra» izan den arren, merezi izan duela dio. «Nurdin eta biok elkartu garen momentuak, errepidean izan ditugun momentu gogorrak ahazteko balio izan dit». Laburra egin zaio egonaldia, baina irakaspenez beteta itzuli da etxera: «Bi egun bakarrik izan dira kanpamentuetan, baina asko ikasi dut. Hunkitu ere egin nau bidaiak, hala ere pozik nator bueltan».
Luisa ere errepidearen gordinaz mintzo da, baina aho zapore onarekin bueltatu da: «Bidaia bera gogorra izan da, kilometro asko, errepidean ordu asko, jende asko, ibilgailu asko, baina, aldi berean, genituen helburuak bete ditugu, eta alde horretatik oso gustura gaude».
Gregorio Eizagirre
Basamortura zenbat bider bidaiatu ote duen kontuak galduta ditu Gregorio Eizagirrek, 2005ean egin zuen lehen bidaia eta geroztik eta gutxienez urtero bitan joan izan da, 2013an izan ezik, Aljeliak mugak itxita zituelako. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea da, eta urte mordo bat pasa dira Oporrak Bakean programaren bidez lehen haurra Leaburura ekarri zuenetik, lau haur pasa dira bere etxetik urte hauetan. Geroztik, saharar herriaren aldeko mugimenduetan murgilduta dabil, eta bidaia hau antolatzen ere aritu da, buru-belarri.
Urtebete atzera eginda hasi ziren karabana antolatzeko asmoa lantzen, Eizagirrek kontatu duenez. Eta tarte horretan ez dira geldirik egon. Pandemian egonagatik, material bilketarekin jarraitu dute, eta azken bi urtetan bildu duten eskola materiala, kirol arropa eta lokalean gordeta zuten materiala prestatu dute, karabanan eramandako ibilgailuetan kanpamentuetara eramateko. Material banaketarekin, «laguntza eta poza zabaltzen» saiatu direla esan du.
«Helburuak beteta gatoz, baina beti diogu gauza bera: azkena izan dadila. Azkena izateak esan nahi du Saharako arazo politikoa konponduta egongo dela, eta ez garela berriro kanpamentuetara itzuliko, baizik eta beraien berezko lurretara joango garela, beraiekin batera bainu bat hartzera».
Jon Goñi
Lehen aldiz bidaiatu du kanpamentuetara Jon Goñi txaramarrak. Eta eskerrak bidaian parte hartu duen. 39 ibilgailu eraman ditugu, zaharrak gehienak, eta mekaniko lanak egiten aritu dena izan da bera; bazen bere beharra. «Ez nuen pentsatzen ibilgailu guztiak iritsiko zirenik, baina gorabehera batzuk tarteko, espero baino hobeto iritsi dira helmugara». Bateriak, hodiren bat hautsita, ateak itxi ezinik... guztia konpontzeko prest izan da bidaia osoan zehar Goñi. «Aljeriako gasolioa ondo findu gabea zegoen nonbait, eta horrek arazo batzuk ere eman dizkigu, baina gainerakoan emaitza ona izan da».
Behin kanpamentuetara iritsita, eta mekaniko lanak amaituta, harrituta geratu da topatu duenarekin: «Ez nuen espero hainbesteko miseriarik. Laguntza behar dute, eta gure ekarpena egiten saiatu gara; gehienok emango bagenie laguntza hori, beste egoera batean biziko lirateke kanpamentuetan». Iristean izandako harrerarekin «hunkituta» geratu da, «daukaten guztia zuten emateko; jende umilarekin egin dut topo, laguntzea merezi duen jendearekin».
Goñik ere horrelako bidaia bat egiten den azken aldia izatea nahi luke: «Sahara aske bat nahi dugu, Euskal Herria bezala, horrek asko lagunduko digu anaiartean bizitzak eraikitzen».
Iñaki Aristeta 'Txatarras'
Hogeita bat urte atzera eginda ezagutu zuen lehen aldiz sahararren kanpamentua Iñaki Aristeta Txatarras-ek. Adunako herritar talde batekin egin zuen bidaia, eta orain karabanan iritsi da haraino. «Ikusten nuen horrelako proiektu batean parte hartu behar nuela, beraiek badutelako beharra, eta guk badaukagulako aukera laguntzeko».
Lehen bidaiatik hona, aldaketa nabarmenak aurkitu dituela kontatu du: «Orain breazko errepidea dago eta argindarra ere badago. Aurreko bidaian argindar sorgailua eraman genuen eta gaur da eguna ia kanpamentu guztietan argindarra dagoena».
Bidaia gogorra izan dela dio, baina «ahal genuena lagunduta», gustura da alde horretatik. «Kamioi gidaria naiz eta errepidean kilometroak egiten ohituta nago, baina jendeak badakit gaizki pasako zuela, batetik, kilometro asko zirelako eta oso abiadura motelean egin dugulako bidea, eta bestetik, eguzkiak gogor jotzen zuelako».
Goñi txaramarrarekin batera, mekaniko lanetan ere aritu da errepidean egindako kilometroetan. «Ez naiz mekanikoa, baina badut eskarmentua, eta ibilgailu zaharretan erraza zait eskua sartzea. Esperientziagatik aukera izan dugu ibilgailuak konpontzeko, edo behintzat kanpamentuetara iritsi zitezen laguntzeko».
Tolosako Udalak babestutako bidaia