Tolosaldetik Saharara

Elkartasuna, hemendik hara

Irati Saizar Artola 2021ko abe. 19a, 07:57

Emandakoa hartu eta daukatena eman. I. SAIZAR

Euskal Herritik abiatutako elkartasun karabanak egin du bere bidea Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetara; bidea luzea izan da, baina Oporrak Bakean programari zor zitzaion, eta helburuak beteta eta esperientzia berriz gainezka egin dugu itzulerako bidea.

Elkartasuna helburu, Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetara iristeko bidaiari abenduaren 2an ekin genion, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 50 lagun inguruk. Tartean izan da Tolosaldea Sahararekin elkartea. Eta elkarte horren bidez izan da Ataria ere bertan, bizipen guztiak lehen eskutik jasotzeko.


Aljeriako basamortuetan barrena, elkartasun karabanan. I. SAIZAR

Euskadiko Saharar Ordezkaritzak antolatutako Euskadiko II. 4x4 elkartasun karabana izan da, pandemia osteko lehen karabana. Ia 3.000 kilometro egin ditugu errepidean, eta ia 40 ibilgailu eraman ditugu hara, hango beharretarako han uzteko. Udalek emandakoak, elkarteek erositakoak edota Eusko Jaurlaritzak emandako ibilgailuak izan dira materialez goraino beteta bidea osorik egin dutenak, eta Tolosaldearen kasuan, lau ibilgailu eraman ditugu: Adunako, Asteasuko eta Usurbilgo udalek emandako hiru ibilgailu eta Maiatzak 20 Saharar Herriaren Lagunen Elkarteko beste ibilgailu bat.

Oinarri-oinarrian, ordea, ibilgailuak uzteaz gain, bazen beste zeregin bat, are garrantzitsuagoa. Pandemia tarteko, bi uda pasatu dira Oporrak Bakean programa egin ezinik, haur sahararrak Euskal Herrira etorri ezinik, eta beraz, egitasmoari buelta eman, eta gu joan gara haien herrira, beharrezko materiala, maitasuna eta babesa ematera.

Eta kostata, baina lortu dugu. Gasteiztik abiatu zen karabana, bi egun ezberdinetan. Talde erdia abenduaren 2an atera zen, Jaenen gaua pasa eta hurrengo egunean Almeriara iritsiz, eta bigarren taldeak abenduaren 3an ekin zion bidaiari, zuzenean Gasteiztik Almeriara joanda. Han, abenduaren 4an, guztiok elkarrekin, ferria hartu genuen, gauez. Hamabi ordu pasatu genituen itsasoan, olatuen artean, Afrikara bidean.



Eta igande goizean, abenduaren 5ean, Ghazaouet hiriko portura iritsi ginen, Aljeriara. Han, orduak egin genituen aduanan kontrol bat eta beste bat tarteko, eta antigeno proba ere egin ziguten guztiei. Eta bigarren etapa potoloari ekin genion jarraian. Almeriarako etaparekin alderatuta ezberdina izan zen hura, une oro militarrak eta polizia izan genituelako alboan, aurrean, atzean. Errepideko bidaia osoan zehar izan genuen eskolta gurekin, babestu eta gidatzeko. Bidegurutze guztietan trafikoa mozten zuten gu pasa ahal izateko, karabana ez eteteko.



Tindufera ahalik eta lasterren iristea helburu, hiru egun egin genituen errepidean, goizean goiz jaiki, ibilgailuak hartu eta basamortuko errepide amaigabeetan aurrera, gaua iritsi arte. Egunean zehar geldialdi jakin batzuk egin behar izan genituen, ibilgailuak erregaiz hornitzeko, eta hala osatu genituen egunez egun kilometroak. Tarteko bi gauak Mecheria eta Bechar herrietan pasatu genituen: hotelean lehen gaua, eta ikastetxe batean bigarrena. Izan ere, bigarren gauean, berez, kanpoan lo egitekoak ginen, baina Aljeriako agintariren batek agindua eman zuen hotz egiten zuela eta ez zigula kanpoan lo egiten utziko. Jende ona, bihotz onekoa bai behintzat, izan garen leku guztietan.



Errepideko azken eguna, asteartea, ordura arteko egun gogorrena izan zen. Edo luzeena bai behintzat. 800 kilometro genituen aurretik, eta gozokia hor genuen: kilometro horiek guztiak egiten bagenituen, kanpamentuetara gauerako iritsiko ginen. Eta baita lortu ere. Tindufera gau erdian iritsi ginen, eta kanpamentuen eremura sartu aurretik azken kontrola pasata, lehen kilometroak egin genituen kanpamentuetara. Pilatuta generaman nekea eta logura ez zen nolanahikoa, baina kanpamenduetara iristeko zegoen ilusioak gain hartu zuen. Eta sei egun luzeren ondoren, begien aurrean genuen nahi genuena: saharar errefuxiatuen kanpamentua.



Hondar gaineko bizitza

Berrogeita sei urte pasa dira Mendebaldeko Sahara Marokok okupatu zuenetik, eta ordutik herri sahararra behartua izan da desertuaren erdian kokatuta dauden Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bizirautera. Gure begiekin ikusi ahal izan dugu antolaketa eta elkartasuna beraien ezaugarrietako bi direla. Eta horri esker desertuan modu duin batean bizi ahal izateko eremu bat egokitu dute azken urteetan, haien berezko lurraldera itzuli bitartean.



Tindufen, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Mauritaniaren mugetatik gertu, bost wilayatan barrutitan daude banatuta kanpamentuak: Aaiun, Smara, Dajla, Auserd eta Bojador. Wilaya bakoitzak Mendebaldeko Saharako hirien izena du jasota. Horiez gain, Rabounni izeneko gune administratibo bat ere badago.



Bada, kanpamentuetako gure egonaldia Auserd wilayan hasi zen. Asteazken goizaldeko hiruak aldera iritsi ginen, eta gaua etxe batean pasa genezan, bertako familia ugari genituen zain, boluntarioak guztiak. Haien etxeetan hartu gintuzten, eta afari zein gosaria ere prestatu ziguten, beraien betiko eskuzabaltasunarekin.

Esnatu, eta ibilgailuetan eraman genuen material guztia sailkatzeari ekin genion, Auserden bertan. Izan ere, wilaya desberdinetara eramateko materiala geneukan eta bidaian parte hartu genuenok ere wilaya ezberdinetara gindoazen. Ia denak harreran hartutako haurren familien etxeetan geratu ginen, ondorengo egunak pasatzen.

Behin material banaketa eginda, ongietorria egin ziguten Omar Mansur barne ministroak eta Mohamed Cheikh Lehbib Auserdeko gobernadoreak. Esker oneko hitzak izan zituzten biek, eta honela zuzendu zitzaigun Mansur: «Urtebete daramagu Marokoren aurka gerran. Marokok ahal duen guztia egin du gerra hau irabazteko, baina irabazi gabe jarraitzen du, eta hori gure erresistentziagatik da. Eta 300.000tik gora soldadu dituen armada batek ezin izan badu azken 46 urtetan gerra irabazi, beste aldea irabazten ari dela esan nahi du. Testuinguru honetan, elkartasuna aliatu garrantzitsua da guretzat, eta zuek, euskaldunok, beti ari zarete elkartasun hori erakusten. Euskaldunon elkartasuna, sahararrontzat, beti izan da aliatu leiala, nola kanpamentuetan bizi diren sahararrentzat, hala lurralde liberatuan daudenentzat. Gure ustez, elkartasuna adierazteko modurik egokiena zuzenean ematen den elkartasuna da; izan ere, laguntza ematearekin batera, laguntza ematen ari zarena ere bisitatzen ari zarete eta bisita hori, bere horretan, laguntasunaren keinu bat da».

Ongietorriaren ondoren, taldetxo bakoitzak bere kanpamenturako bidea egin genuen. Gure kasuan, Smara wilayara joan ginen, eta wilaya horretako Farsia herriko familia batek hartu gintuen etxean. Bi egun egin genituen bertan, soilik bi egun. Gutxirako eman zuen egonaldiak. Hala ere, nahitaez egin behar genituen lanak egiteko denbora izan genuen, gaitzerdi. Baina hura hobeto ezagutzeko, hango jendearekin egoteko, hitz egiteko, nahikoa denborarik ez genuen izan. Hizketaldi luzeetarako denbora falta izan zitzaizkigun, baina etorkizun batean izango ditugun esperantzarekin agurtu genuen familia, abenduaren 10ean. Bueltako bidaia hasi genuen orduan. Ibilgailu guztiak Media Luna Roja Saharaui erakundearen esku utzi genituen, eta haiek arduratuko dira behar gehien dutenei banatzeaz. Buletan, Tindufetik Arjelera hartu genuen lehen hegazkina, eta gaua hiriburuan pasata, bigarren hegaldia Bartzelonara egin genuen, larunbatean. Handik, Euskal Herrira, autobusez. Eta dagoeneko desegin ditugu maletak, garbitu arropa zikinak, baina bizitutakoa eta ezagututakoak jarraitu egiten du, bidaia ez baita amaitu.



OPORRAK BAKEAN

Pandemiaren ondorioz, azken bi urtetan Oporrak Bakean programa bertan behera geratu da. Gutxi ez, eta iazko azaroan su-etena bertan behera geratu zen, eta ondorioz soldadu sahararrak gerran daude. Hori horrela, saharar herriak inoiz baino gehiago behar du elkartasuna, eta asko izan ez bada ere, horixe izan dugu helburu elkartasun bidaia honetan.



Udako bi hilabeteak Euskal Herriko familietan pasatzen dituzten haurrek, itzuleran, poltsa bat eraman ohi dute bueltan, beharrezko material, sendagai eta bestelakoekin. Beraz, bidaia hau baliatu dugu, poltsa horiek haur sahararren eskuetara iritsi daitezen. Ibilgailuetan, bestelako materialaz gain, Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurrentzat poltsak eraman ditugu, bakoitzarentzat bana. Eta hor zegoen gure erronka: haur horiei, banan bana, poltsa horiek ematea, beraien etxeetara eraman zitzaten. Eta lan hori egin dugu, taldeka eta wilayaka banatuta. Smarako kasuan, protokolon (administrazio gunea) utzi genituen poltsa guztiak eta haurrei abisua pasa zitzaien ordu jakin batean bertaratzeko. Familiaz lagunduta iritsi ziren asko, irribarre txiki bat ahoan, eta poz-pozik poltsa eskuetan zutela bueltatu ziren beraien etxeetara.



Beste wilayetan ibilgailuak hartuta ibili ziren, etxez etxe, haur bakoitzari bere poltsa entregatzen. Poltsa bakoitza ondo identifikatuta zegoen, haurraren argazki, izen-abizen, helbide eta kontakturako informazioarekin.



Oraindik zalantzazkoa da datorren urtean Oporrak Bakean programa aurrera eraman ahalko den. Esperantza badago, baina egoerak ahalbidetzen ote duen ikusi beharko da.


MEZUAK HODEIETAN

Oporrak Bakean programaren barruko beste ekimen batekin ere egin dugu bat bidaian. Mezuak Hodeietan ekimena, aholku zahar batetik datorren ideia da: lagun bati mezu bat bidali nahi badiozu, hodei bat bilatu behar duzu; hodeiek ez dute inoiz hutsik egiten, zeruan barrena bidaiatzen dute eta zeruan ez dago hesirik.



Horrela, Euskal Herriko ikastetxeetan, bertako haurrek hodeien formako irudiak egin dituzte, eta marrazki eta irudi mordoa bidali dituzte, barru-barrutik atera zaizkien mezuak idatziz, eta hodeien bidez, kanpamentuetara iritsi dira mezu horiek. Gure begiekin ikusi ditugu mezuak iristen, eta eskuartean dituzte dagoeneko.



Zeruko bidaia horretan, gu izan gara konplize. Kanpamentuetako ikastetxeetara bisitak egin ditugu, hodeien bidezko mezu guztiak helmugara iritsi zitezen. Ekimenaren nondik norakoak azaldu genizkien haurrei, eta bueltan beraiek ere hodeien bidezko mezuak bidaltzeko eskatu genien, ea egunen batean Euskal Herrira iristen diren.



Smarako ikastetxe batean izan ginen gu, eta kostata, baina irakasleek lortu zuten eskolako patioan haur guztiak ilaran jartzea. Txandak ez zituzten behar bezala errespetatzen, baina, hala ere, jaso zituzten hodeiak. Askok, bat baino gehiago eraman nahi zuten etxera; bakarrarekin konformatu behar izan zuten, ordea.



Hodeiez gain, eskolako materialez betetako kutxak ere eraman genituen, eta ikastetxeko zuzendariaren eskuetan utzi genituen, ikasturtean zehar erabili ditzaten.

Jarrai dezala bidaiak!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!