Manifestazioa egingo du Kontseilu Sozialistak abenduaren 30ean

Ataria 2021eko abenduaren 9a

Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta, 'Biolentzia kapitalistari, langile batasuna' lelopean egingo dute; borroka sozialistara batzea «aukera bakarra» dela diote

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak manifestazioa egingo du abenduaren 30ean, «miseria kapitalistak» sortzen dituen egoera guztiak salatu eta «biolentzia kapitalistaren aurka borrokatzeak merezi duela lau haizetara zabaltzeko». Manifestazioa, Tolosako Trianguloa plazatik 19:00etan abiatuko da Biolentzia kapitalistari, langile batasuna lelopean.

2021. urtea langileriarentzat ez dela «gozoa» izan esan dute Kontseilu Sozialistako kideek eta horri berresteko datuak eman dituzte: «Urtea hasi zenetik, soldatapeko lanaren ondorioz 59 langilek galdu dute bizia Euskal Herrian. Bost emakume erail dituzte indarkeria matxistaren ondorioz. Zazpi pertsona hil dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zeharkatu nahian». Hiru datu hauetan jarri dute azpimarra, egungo egoeraren «krudelkeria» ilustratzeko.

Kontseilu Sozialistako kideen iritzian aipatutako adibideek «muturreko biolentziaren» izebergaren punta baino ez dira, euren ustez, oinarri-oinarritik biolentoa den gizarte eredu baten isla. «Aurrerabideaz urte luzetan hitz egin izan diguten arren, sistema kapitalistan zapalduekiko biolentzia behin eta berriz errepikatzen da».

Are gehiago, antolamendu sozialistaren ustez, langileriaren aurkako erasoak ugaritzen ari dira krisialdiak ezaugarritutako agertokian: «Geroz eta zailagoa zaienez etekin ekonomikoa lortzea, orduan eta langile eredu otzanagoa behar dute, hala nola, lan prekarioak onartzen dituena, interes unibertsalen alde antolatzen ez dena, edota kideak defendatzen ez dituena». Norabide horretan eman diren urratsen adibidetzat jo dute pandemiaren «kudeaketa poliziala», plataforma digitalen bidez aurrera eramaten den «interbentzio kulturala», edota azken urteetan kontrol sozialean eman diren pausoak. «Horrekin guztiarekin, gertakaririk larrienarekin ere erreakzionatzen ez duen langileria hezteko saiakeran dihardute».

Langileriaren aurkako ofentsiba horretara batu dira, Kontseilu Sozialistaren ustez, ezkerreko alderdi guztiak, «pandemiari aterabide poliziala ematea adostuz, eta besteak beste, poliziaren soldatak igotzen dituen aurrekontuak onartuz».

KALERA ATERATZEKO DEIA

Abenduaren 30ean Tolosan egingo du manifestazioa Kontseilu Sozialistak, «biolentzia kapitalistari aurre egiteko». Militante sozialistek kalera ateratzeko, «hutsaren hurrengoa ez garela aldarrikatzeko», inoiz baino premia handiagoa dagoela esan dute. Aldi berean, norabide komunistan indarra egingo duen antolakuntza «eraginkorra» sortu beharrean daudela aitortu dute.

«Langileria askatasun unibertsalaren aldeko borroka sozialistara batzea ez da aukera bat gehiago, aukera bakarra baizik». Aldarri hori eginez amaitu du Kontseilu Sozialistak manifestaziorako deia egiteko agerraldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!