Aurtengo pelikula bat da, Lee Danielsek zuzenduta eta Andra Dayk Billie Holidayren papera antzeztuta. Billie Holiday, edo hobeto esanda, Eleonora Holiday Fagan, Filadelfian jaio zen 1915. urtean eta 44 urterekin hil zen New Yorken, zirrosia jota, poliziaren zaintzapean zegoela.
Bere abesti ezagunarekin hasi gara Billie Holidayren ahotsean murgiltzen: Strange Fruit. Time aldizkariak XX. mendeko abesti onena bezala izendatu zuen. Abestiak lintxamendu bat kontatzen du, beltzek poliziaren eskuetan pairatzen zituzten lintxamenduak, alegia. Poliziaren jazarpena jasan zuen bere bizitzan Strange Fruit abestia kantatu ez zezan. Abestiagatik kartzelan sartzeko aukerarik ez zutenez, droga kontsumoan oinarritzen zituzten euren atxiloketak.
Heroina edukitzeagatik atxilotu zuten Billie Holliday eta zortzi hilabetez kartzelan egon zen. New Yorkeko klubetan kantatzeko zuen baimena (New York City cabaret card) delakoa baimenik gabe utzi zioten eta bere bizitzako azken hamabi urtetan ezin izan zuen klubetan kantatu. Guztia Strange Fruit abestia kantatzeari erantzun gisa. 1978an Billie Holidayren Strange Fruit abestia Grammy Fama aretoan sartu zen. Baina berak salatzen zituen lintxamenduak ez dira Ameriketako Estatu Batuetan legez deuseztu oraindik. Izan ere, 2020an Emmet Till lintxamenduen kontrako legea eztabaidatu zen Senatuan, eta oraingoz ez dute onartzerik lortu.
Strange Fruit abestiaz gain, Billie Holliday jazz abeslaria beste kanta batzuetan entzuteko aprobetxatu dugu gaurko Entzuteko Jaioak honetan: All of me, I only have eyes for you, Lover man, I wished on the moon, If you were mine, God Bless the Child, You can’t lose a broken heart, Don’t explain, All or nothing at all, April in Paris, Blue Moon, Lady sings the blues eta Too marvelous for words.