Ostirala da Gabonetako Pilota Topaketan izena emateko azken eguna

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 7a, 19:59

Alegia, Altzo, Amezketa eta Ikaztegietako guraso elkarteek eta Intxurre Pilota Eskolak, aurten ere, Gabonetako Pilota Topaketa antolatu dute. Iaz COVID-19 medio ezin izan zuten antolatu, eta aurten, XIX. ekitaldia izango da egingo dutena. Parte hartu nahi dutenek ostirala izango dute apuntatzeko azken eguna.  

Intxurre Pilota Eskolak jada martxan jarria du XIX. Gabonetako Pilota Topaketan izena ematea. Alegia, Altzo, Amezketa eta Ikaztegietako guraso elkarteen laguntzarekin, Abaltzisketako, Alegiako, Altzoko, Amezketako eta Ikaztegietako eskoletan banatu dute deialdia, eta baita Alegiako Aralar Institutuan ere. Ikastetxeetan banatutako orrien bidez egin beharko da izen ematea, eta horretarako azken eguna, hilak 10, ostirala, da.

Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa eta Ikaztegietako eskoletan egingo dute izen emateen bilketa. Hala eta guztiz ere, norbaitek izen emate orria beharko balu edo zalantzaren bat argitzea nahiko balu udakopelotaeskola2021@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake. Partaideek banaka eman behar dutela izena zehaztu dute antolatzaileek, eta beraiek egingo dituztela bikoteak, dagokien adin mailetan banatuta (6 adin-maila egingo dituzte). 
 
6 eta 15 urte bitartekoek –2006-2015 bitartean jaioak–, biak barne, eman dezakete izena. Prebenjamin, Benjamin, Alebin, Infantil, Infantil/Kadete Neskak eta Kadete Mutilak dira banatuko dituztenak. Nesken kasuan, eskuz, infantilak eta kadeteak elkarrekin jarriko dituzte. Eta, eskuz, pilota goxoekin jokatuko dute.
 
Topaketaren egunak ere aurreratu ditu Intxurre eskolak. Sailkapenak, abenduaren 27an eta 28an jokatuko dira; hori bai, herriak eta orduak, izen ematearen arabera zehaztuko dituzte, eta hilaren 17an emango dituzte ezagutzera bikoteak eta egutegia.
 
Finalak Amezketako pilotalekuan jokatuko dira, hilaren 30ean, ostegun arratsaldez. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta bertaratzen direnentzat merienda banatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!