250 hautagai bideratu ditu Enpleguneak Tolosaldeko enpresetara

Ataria 2021eko abenduaren 3a

50 lan eskaintza berri baino gehiago eskaini dituzte 2021eko Enplegunean, eta 63 izango diren orotara diruz lagunduko dituzten kontratazioak

Goizeko lehen ordutik Lehiberri Zentroa elkarrizketa-gune bihurtu da. Enplegunearen aitzakian, eskualdeko enpresa ugari aurrez aurreko lan-elkarrizketak egiten ari dira.

50 lan eskaintza berritik gora eskaini dituzte 2021eko Enplegunean, nahiz eta 63 izango diren orotara diruz lagunduko diren kontratazioak, laguntza horietako batzuk, urtean zehar egindako kontratazioenak izango baitira. 

Lan-eskaintza horietarako lanpostu bakoitzaren eskakizunekin bat zetozen Tolosaldeko 250 hautagai inguru bideratu dira enpresetara. 25 enpresak parte hartu dute Enplegunean. Zenbaitek beren lantegietan egin dituzte elkarrizketak, lanpostuen xehetasunak bertatik-bertara erakustearren. Eta bada datorren astean elkarrizketak egiten jarraituko duen enpresarik ere.

Lan eskaintza batzuetarako hautagaiak bilatzea zaila suertatzen ari dela esan dute Tolosaldea Garatzenetik, hortaz, oraindik izena emateko aukera zabalik da kasu horietarako. Interesatuek Enplegu Sailarekin harremanetan jarri beharko dute, lan@tolosaldea.eus helbidera idatziz.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!