Mahai egutegia eskuragarri

Ataria 2021eko abenduaren 2a

Tolosako San Esteban auzoan kokatutako bulegoan eskura daiteke 2022 urteko ‘Ataria’-ren mahai egutegia; gaurtik aurrera gerturatu daitezke harpidedunak eta aleak bukatu arte lortu ahalko dira.

Urtero moduan Tolosaldeko Atariak prest du 2022 urteko mahai egutegia. Etxeko txokoren batean nahiz bulegoko mahaian jartzeko egutegi praktikoa da, informazio gehigarri ugarirekin, eta eskuratzeko Tolosako San Esteban auzoko 20. zenbakian kokatutako Ataria-ren bulegora jo ahalko dute harpidedunek, gaurtik aurrera.

Koaderno formatua duen egutegia hilabetez hilabete dago banatuta orrika, eta orrialde bakoitza hilabete bati badagokio ere, aurreko eta hurrengo hilabetea ere ageri dira tamaina txikiagoan. Dakarren informazioari dagokionez, jai egun orokorrak eta eskualdekoak markatuta ageri dira, eta baita beste hainbat data esanguratsu ere, Euskararen Eguna, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, Emakumeen Eguna edota Kilometroak, kasu. Era berean, ilargiari buruzko informazioa eta urtaroen hasierak ere zehazten dira. Eta osatzeko 2023ko egutegia ere ageri da azken orrian.

Harrera oso ona
Ataria babesten duten harpidedunak aintzat hartu nahi dira opari txiki honekin. Asko eskertzen den produktua izan ohi da, gainera mahai egutegia, asko izaten baitira produktua noiz aterako zain egoten direnak Ataria-ren bulegora gerturatzeko. Egutegia eskura jarri eta egun gutxira aleak bukatu ohi dira, beraz, azkar ibiltzea gomendatzen da, 1.000 ale izango baitira. Ataria-ren babesleei esker egiten den produktua da mahai egutegia, eta horregatik, doan eskaintzen da harpidedunentzat. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!