ATARIA IRRATIko Baserritik saioko protagonista izan da Xabier Goikoetxea albizturtarra. Kalean jaio bazen ere, baserritik bizitzeko hautua egin zuen. «Oso harro nago egindako hautuaz, eta lanbide honekin oso-oso gustura nago», dio. Tolosako azokan jartzen du postua larunbatero. Babarrun elkartean ateak zabalik dituzte ekoizle berrientzat.
Baserrian jaio zinen?
Kalean jaioa naiz, baina nire aita eta ama biak ziren baserritarrak. Bien baserriekin izan dut lotura. Txiki-txikitatik asko joaten ginen, eta aitak baratzea, ganadua eta denetarik izaten zuen. Bere aldamenean ibiltzen nintzen eta pentsatzen dut hor sortuko zitzaidala afizioa. Fraisoron egin nituen ikasketak. 90-91. urtean inbertsio batzuk egin, eta baserrian hasi nintzen lanean.
Ikasketak aukeratzerakoan ez zenuen zalantzarik izan?
Gaztetan beti izaten dira gorabeherak, baina behin erabakitzean ez nuen zalantzarik eduki. Oso-oso urte onak pasa nituen Fraisoron, eta oso gustura nago egindako ikasketekin.
Zer zegoen hasierako baserri hartan?
Gauza gutxi, behi batzuk. Orduan erabaki genuen behiak baserritik ateratzea, eta ukuilu berri bat egin genuen. Ganadu gehiago jarri, eta aita eta biok aritzen ginen. Nire ama gaztetan Tolosako Azokara joaten zen, eta orduan, berriz ere, azokan postua eskatzea erabaki zuen eta 90az geroztik, berriz ere, Tolosako azokan postua dugu.
Hasieratik izan zara Tolosako babarrunaren ekoizle?
Bai. 94. urtean babarrun elkartea sortu zenean, sortzaileetako bat izan nintzen. Nuen lanbideagatik proiektua bultzatzeko aukera ere izan nuen, eta pixkana-pixkana konturatzerako barruan sartu eta barruan gelditu naiz.
Askotan babarrunak prezio garestia duela esan ohi da.
Babarrunaren kasuan argumentua oso-oso erraza da. Konparaketak beti izaten dira gorrotagarriak, eta badaude babarruna direnak eta askoz ere merkeago saltzen direnak. Hemengoa da, bertako baserritarrek ekoiztua, eta ez du zerikusirik batak bestearekin, nahiz eta izen berdina izan. Babarruna kilo batekin 8-10 lagunek jan dezakete. Ez da bi eurotara iristen platera, eta bestea merkeagoa izango da oraindik, baina ez da gauza bera.
Lan handia dago kilo baten atzean, ezta?
Bai. Babarrun kilo garbi bakoitzeko baserritarrak bere denborako ordu erdi bat behar du. Ordu erdi horri nahi duenak nahi duen balioa jarri diezaiola. Gaur egun dauden eskulan kostuekin bere dirua balio du. Kanpotik datorren babarrunak ez du zerikusirik. Ez landareak berak, ez eta lan egiteko moduak ere.
Noiz ereiten da babarruna?
Maiatzeko bigarren hamabostalditik ekainaren aurreneko astera, urtearen arabera. Eta biltzen, berriz, irailaren azkenean hasita urrian egiten da bilketa gehiena.
Erein ostean jarraipena egin behar, ordea.
Babarrun gutxi batzuk luzeak dira, eta Tolosako babarrunaren ezaugarria hori da. Zerbait behar dute igotzeko. Babarrun horiek eskulan handia eskatzen dute. Eta merkatuan bilatzen baldin baditugu askoz ere garestiagoak dira. Eskulan handia dute, eta ekoizte kostuak handigoak dituzte. Babarruna ereiten dugunean, historikoki artoarekin batera egin izan da. Artoa erabili da babarruna igo ahal izateko, eta gaur egun, asko erabiltzen dena sarea da. Egitura muntatzen da.
Bilketa da lan pisutsuena?
Ordurik gehien bilketak eskatzen du. Landaketa guztiko lan orduen %65-70 bilketa da. Udako lana oso eramangarria da; landaketa jarraitu, zaindu, belar txarrak kendu,... Lan handiena bilketa da, eta bilketan eskuak behar izaten dira. Nahikoa esku ez baldin badago kanpotik ekarri behar da, eta horrek kostua du.
Behin bilketa eginda.
Bilketa egindakoan lehortu egin behar dute. Arrazoi nagusia kontserbatu egin behar dela da. Biltzen den garaian nahiz eta lekak lehorrak egon, eta nahiz eta iruditu babarruna lehorra dagoela, babarrunak bere hezetasuna du. Pilatzen den momentutik usteldu egingo litzateke. Behin lehortzean aletu egin behar da. Eta kasu honetan, Tolosako Babarrun Elkarteko baserritarrek egiten duten lana hori da. Behin lehortutakoan elkartera ekartzen dituzte.
Orduan iristen da elkartera babarruna.
Bai, eta hortik aurrerako lanak elkartean egiten dira. Babarrunak bereizi, garbitu, izoztu, ontziratu eta saldu.
Soldata bat atera daiteke babarruna ekoiztetik?
Babarruna ekoiztetik ez da inor bizi. Baserritik bizi diren ekoizleak badira, eta Tolosako babarruna bere urteko diru sarrera garrantzitsu moduan dute, baina badute beste aktibitate bat. Azkenean, soroan lana izango da, baina urteko hilabete askotan ez gara babarrunaz gogoratu ere egingo. Udako lana da.
Osagarri da beraz.
Hemengo kide gehienek kanpoan lan egiten dute, hau da, lantoki batean lan egiten dute, eta ez dira baserritik bizi.
Eguraldi txarrak eraginik badu uztan?
Biltzeko garaian astebete edo hamar egunez euria jarraian eginez gero, uzta guztia galtzea gerta daiteke. Esaterako, 2020ko uzta oso txarra izan zen.
1994an Tolosako Babarrun Elkartea sortu zenuten.
Tolosako babarrunak izena bazuen, baina landaketa galtzen ari zen. Agian, gaur egun baino baserri gehiagotan egingo zen babarruna, baina justu etxerako eta saltzeko gutxi. Gero eta gutxiago ordaintzen zen. Horri irtenbide bat emateko sortu zen elkartea. Gogoan dut 33 pertsona hasi ginela, eta 33ren artean, soroak neurtu eta bi hektarea eta erdi osatu ezinik ibili ginen. Gaur da eguna, eta urtearen arabera ezberdina bada ere, 35-40 lagunen artean 20 hektarea ereiten dituguna; 20 bat tona babarrun. Gure errekorra 2012an izan zen, eta 26 hektareara iritsi ginen.
Bultzada eman zenioten.
Dudarik gabe. Eta geroztik makina bat lan egin da; bai ekoizpen aldetik eta baita salmenta aldetik ere. Aurrerapenak ere egin dira landaketari eta ontziratzeari begira.
Nolako etorkizuna ikusten duzu?
Gazteak falta dira. Gazteak sartzen badira, ona. Gipuzkoan eta Bizkaian nekazaritza sektorean daukagun arazoa orokorra da; ez da babarrun elkartearena bakarrik. Badu etorkizuna sektore honek, baina nahi izatea falta da. Eta akaso gazteen kultura beste bide batetik doala iruditzen zait.
Tolomendik babestutako tartea