“Euskaldunak beraiek izan dira Tolosako babarrunaren izen ona zabaldu dutenak”

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 15a, 15:59

Baserritik saioko protagonista Xabier Goikoetxea da. Albizturren du baserria eta Tolosako azokan jartzen du postua, baina, horrez gain, Tolosako Babarrunaren elkarteko arduraduna da. Sortzaileetako bat izan zen, eta babarrunak jateko garaia den honetan Tolosako babarrunaz hitz egiteko baliatu dugu saioa.

Xabier Goikoetxea albizturtarra da, eta kalean jaio bazen ere baserritik bizitzeko hautua egin zuen Fraisoron ikasketak egin ostean. “Oso harro nago egindako hautuaz, eta lanbide honekin oso-oso gustura nago”, dio albizturtarrak.

Ia galtzear egon zen Tolosako babarrunaren ekoizpena baserrietatik kanpo. Baserritarrek beren etxerako lain ekoizten zutela ekarri du gogora, eta Tolosako Babarrunaren elkartea sortzeko lanean aritu zenetako bat da Goikoetxea. Argi du elkarteak bultzatu dituela eskualdeko baserritarrak Tolosako babarruna ekoiztera. Gustura da Tolosako babarrunak duen harrerarekin. Perla beltzaren izen ona euskaldunek zabaldu dutela dio, eta gehien Gipuzkoa eta Bizkaian kontsumitzen bada ere, Espainiar estatuan asko saltzen dutela, eta kanpotik ere jendeak eskatzen duela kontatu du.   

 

20 bat mila kilo babarrun ekoizten dute egun, eta ekoizpen txikia dela dio. Ekoizle gehienek baserriko lanaren edota beste lanbide baten osagarri moduan ekoizten dute babarruna.

Tolosako babarruna "osasuntsu" dagoelakoan da, baina etorkizuna ziurtatu nahi bada ekoizle gazteak behar dituztela nabarmendu du. Animatu

Tolosako babarrunak beti izan du asteburu bat berea, eta iazko hutsegitearen ostean, aurten, ohiko moduan ez bada ere, Tolosako kalera aterako da babarruna. Larunbat goizean egingo dituzte Tolosan, ekoizle eta sukaldari lehiaketak. Ekoizle lehiaketa Trianguloan eta sukaldariena Alondegian izango dira.

 

Tolomendik babestutako tartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!