Beste pauso bat eman du Tolosaldea IKT igeriketa taldeak

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 1a, 11:57

Espainiako Txapelketara joan ziren Tolosaldea IKTko kideak.

Absolutu mailako Espainiako Txapelketan Tolosaldea IKTko hamar igerilari izan dira. Nahia Garridok sekulako marka egin du.

Tolosaldea IKTko hamar igerilari izan dira absolutu mailako Espainiako Txapelketan. Asteburuan egin zen, Mallorcan, eta taldetik orain arteko igerilari kopuru handienak parte hartu zuen. Igerilariekin joan zen txapelketara Joseba Zubeldia entrenatzailea eta talde bezala izandako parte hartzea nabarmendu du: «Pozik gaude eraman dugun igerilari kopuruarekin, eta azken urte hauetan erakusten ari garen bilakaeran beste pauso bat dela uste dugu». Ehundik gora taldek parte hartu zuten, eta Tolosaldea IKTk emakumezkoetan 24. bukatu zuen eta gizonezkoetan 30. postuan.

Norbanako emaitzei begiratuta, Nahia Garridok lortutako marka nabarmendu behar da. 200 metro bizkar estiloan 14 urteko Espainiako marka bi aldiz hobetu zuen Garridok, 2.10,42ko denboran utziz. Gainera, finalean bosgarren postua lortu zuen, bere aurkariak maila handiko igerilari eta txapeldunak izanik. Horrez gain, 400 metro estiloko proban, zein 50 metro eta 100 metro bizkar estiloan 14 urteko Euskadiko errekorrak egin zituen. Azken proba horretan, 100 metro bizkarrean, gainera, B finalerako sailkatu zen eta irabazi egin zuen, sailkapen orokorrean bederatzigarren geratuz.

Bere aldetik, Nahia Sarasolak Euskadiko errekorra egin zuen 15 urteko mailan 100 metro tximeletako proban. Eneko Garmendiak bere markarik onenak egin zituen 50 eta 100 metro bizkar estiloetan, Euskadiko errekorretik nahiko gertu geratuz. Parte hartu zuten beste igerilariak Maddi Barriola, Nahia Cristobalena, Markel Garmendia, Enaitz Goñi, Kepa Oiartzun, Unai Zubeldia eta Imanol Ezeiza izan ziren.

Bestalde, erreleboetan ere parte hartu zuten, gizonezkoetan 4x100 metro estiloetan eta 4x50 libreetan, eta emakumezkoetan 4x100 metro estiloetan. «Mutiletan aurretik parte hartu genuen erreleboren batean, baina lehen aldia izan da bai mutiletan zein nesketan erreleboa izan dugula, eta oso pozik gaude horregatik», esan du entrenatzaileak.

Hurrengo erronka garrantzitsuena Euskal Herriko Kopa izango dute, abenduaren 11 eta 12an Irunen jokatuko dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!