Aurten ere, Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera atera da; eskualdean ere kaleak bete dituzte. Tolosako Asanblada Feministak deituta, manifestazioa egin dute iluntzean; dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. "Emakume izate hutsagatik, egunero pairatzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeak aldarrikatzeko. Indar handiagoz erantzuteko gainera, esaneko eta geldirik nahi gaituen sistemaren aurrean. Ez duzue lortuko!", oihukatu dute ekitaldiaren amaieran.
Matxismoak, arrazakeriak eta klasismoak sistema kapitalistan "korapilo bat ehundu" dutela, eta soka bakarrari tiraka, korapilo hori askatzea "ezinezkoa" dela adierazi dute Tolosako Asanblada Feministako kideek: "Guztiak etetea da beharrezkoa. Matxismoa ez da desagertuko, jendarte honek bere izate eta aldaera guztiak gaitzesten dituen akordio sozial bat adosten ez duen arte. Eta, horretarako exijitzen dugu, eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea. Erakunde konprometituak behar ditugu, eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze eta argazkiak: nazkatuta gaude promesa faltsuez!".
Bestetik, indarkeria matxistak euren bizitzen gainean jazartzeko erabiltzen dituen aurpegiak eta formak "kontaezinak" direla nabarmendu dute asanbladatik: "Minduta, nazkatuta eta amorruz iritsi gara aurtengo azaroaren 25era ere: izugarria izan da etxean zein kalean jasan behar izan dugun biolentzia-maila eta, izugarria, era berean, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto-diskurtso eta baztertzea. Horregatik, aurten, zuzen-zuzenean gure gorputzaren aurka eraso egiten duen biolentzia matxistari jarri nahi izan diogu fokua".
Gaurko ekitaldietan, gogoan izan dituzte 2003az geroztik Euskal Herrian erail dituzten 112 emakume eta 11 adin-txikikoak. "Ehun eta hamabi. Bat-bat-bi. Larrialdietako zenbakia, bai. Aurrerantzean, zenbaki hori ikusten duzuen bakoitzean, emakume horietako bakoitzarekin gogoratzea espero dugu, hau benetako larrialdi egoera delako. Aski da!", aldarrikatu dute.
Irakurketaren amaieran, guzti honekin bukatzeko eskatu dute beste behin. "Zuen esku ere badago. Guk aspaldi esan genuen nahikoa dela, gure aurrekoek esan zuten eta antolatzen hasi ziren, eta antolatuta egoten jarraitzen dugu. Ez gara bi, lau edo hamar. Asko gara eta gehiago izaten jarraitzeko deia egin nahi dizuegu. Boteretze kolektiboa eta autodefentsa feminista delako gure sostengurik onena", esan dute.
Gaurko ekitaldiari amaiera emateko, Maddi Aranak biolina jo du:
'Bizitzak orain' aldarrikatu dute Aiztondon
Lurgatz eta Akain talde feministek deituta manifestazioa egin dute arratsaldean Villabonako Malkar plazatik, Zizurkilgo Joxe Arregi plazara. Giro makurrari aurre egin eta kalera atera dira emakumeak, "eraso guztien aurrean, autodefentsa feminista" aldarrikatzera.
Manifestazioaren amaieran larrialdi egoeran gaudela esan dute Aiztondoko feministek, “Euskal Herriak 112 emakume erail dituzte 2003tik. Ba al da hau baino egoera larriagorik?”, galdetu dute. Lurgatz eta Akain taldeetako kideen esanetan, krisi ekonomiko eta sozial baten aurrean gaude era guztietako biolentziaz inguratuta. “Indarkeria matxistak asteko egun guztiak marrazten dizkigu. Nazkatuta gaude gure gorputzak zalantzan jartzeaz, nazkatuta babosoak aguantatzeaz, emakume* izate hutsagatik zapalduak izateaz, baita dena sostengatzen duen sistema heteropatriarkalaz”.
Eraildako emakume bakoitzeko, bortxatutako, iraindutako eta kolpatutako emakume bakoitzeko antolatuko direla hitz eman dute feministek: “Gu haserre gaude, nazkatuta eta minduta. Baina borrokarako prest. Zirikatzaile jaio ginen, probokatzaile eta erradikal. Urteetan zehar zapaldu gaituen sistema eutsi eta beldurra aldez aldatuko dugu, gure hileroko odol eta besazpiko ileetan itotzen zareten arte”.
Euskal Herri feminista bat eraikitzera doazela esan dute Lurgatz eta Akain taldeetako kideek, saretuz, borrokatuz eta kaleak hartuz; “ez dago geldituko gaituenik”.
Herri txikietan ere, indarkeria desagertzearen alde
Eskualdeko herri txiki bakoitzak ere bere aldarria egin du indarkeria matxistaren aurka egiteko. Ikaztegietan, esaterako, elkarretaratze zaratatsua egin dute herriko zubian, tapak, koilarak eta txilibituak atera dituzte. 30 bat pertsona elkartu dira, haur eta heldu. Berastegin aldiz, udaletxeko arkupetan elkartuta egin dute protesta.
Bidania-Goiatzen aterpea bilatu eta pilotalekua egin dute aldarrikapena. 112 zinta more eta beltz jarri dituzte 2003. urtetik hona 112 emakume erahil dituztelako. "Minduta, nazkatuta eta indarrarekin" iritsi dira Bidania-Goiatzen, azaroaren 25era. "Indarkeria matxistarik gabeko bizitza gure eskubidea da", esan dute, eta Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzionalei lan egiteko eskatu diete.