Tolosa CF-koen emaitza onak Espainiako Kros Txapelketan

Ataria 2021eko azaroaren 24a

Tolosa CF Atletismo taldeko hemeretzi atleta joan ziren asteburuan Sevillara (Espainia), kluben arteko Espainiako Kros Txapelketan parte hartzera.

Emaitza onak lortu zituzten atletek, eta guztietan nabarmentzekoa da 18 urtez azpiko neskek lortutako bosgarren postu bikaina.

Guztira lau talde joan ziren Tolosa CF-tik, eta «esperientzia bikaina» bizitu zutela adierazi dute klubetik. Beste hiru taldeek ondoko emaitzak lortu zituzten: 16 urtez azpiko neskak 20. postuan sailkatu ziren, 16 urtez azpiko mutilak 24. postuan eta 18 urtez azpiko mutilak 32. postuan.

Bestalde, Maria Lasa irurarrak Playas de Castellon taldearekin parte hartu zuen ere txapelketan, 23 urtez azpiko mailan. Bere proban hamargarren postua lortu zuen Lasak, 19.36ko denbora eginez, eta irabazlearengandik minutu eta sei segundora helmugaratuz. Kluben sailkapenean lehenengo postua lortu zuten Lasak eta bere taldekideek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!