Tolosaldeko Mugimendu Feministak batu dira gaurkoan ekintzaz beteriko goizaz gozatzeko. Goizean goiz hasita, Santa Lutzia auzoko Miserikordia zaharrera irteera egin dute. Horren ostean, 2003tik gaur egun arte Euskal Herriko indarkeria martxistak eraildako 112 emakume zein adingabe omendu dituzte Tolosako Triangulo plazan.
112 zifra oso esanguratsua dela aipatu du Amagoia Eskudero, Amasa-Villabonako Lurgatz Talde Feministako kideak. Hori dela eta, zifra horrekin haserre kanpaina bat sortu dutela azaldu du: “112 zenbakia zabaldu da jendeak ikustarazteko zer ote den zenbaki hori. Kanpainari orain eman diogun azken ukitua herrietan pankartak jartzea izan da herritarrak 2003tik gaur arte erailak izan diren emakumeen kopurua ikusi dezaten”.
Egoera hobetzeko lan izugarria egiteko dagoela aipatu du Eskuderok. Hala eta guztiz ere, urteak aurrera joan heinen lanketa bat eta indarkeria matxistaren inguruko kontzientziazio bat dagoela ere gehitu du: “Ahalduntze puntu horretan egunetik egunera gu geu egiten dugu lanketa, eta geroz eta gehiago, gainera. Horrek ez du esan nahi oraindik zeregin ugari dagoela, txoko guztietan behin eta berriro entzungai baitugu gertakariak daudela, bai hemen bai edozein txokotan. Ez da hemengo gauza bat edo horkoa, emakumeok bizitzen dugun genero zapalkuntza da”.
Ostegunean manifestazio eta elkarteratzeak
Emakumeen zapalkuntzari aurre egiteko eta indarkeria martxistari ez ozen esateko helburuarekin azaroaren 25ean deialdi kolektiboa antolatu dutenaren berri eman du Eli De Arriba Tolosako Asanblada Feministako kideak.
- Villabonan. 19:00etan manifestazioa Malkar plazatik.
- Tolosan. 19:00etan manifestazioa Triangulotik.
- Altzon. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
- Anoetan. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
- Iruran. 19:00etan ekitaldia plazan.
- Ibarran. 19:30etan elkarretaratzea plazako aterpean.
“Ez gara bi, lau edo hamar. Asko gara, antolatuta gaude eta indarkeria martxistari autodefentsa feministaz erantzun eta egingo diogu aurre”, esan dute feministek.