Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2021

Eraildako 112 emakumeak izango ditu gogoan eskualdeko mugimendu feministak

Ataria 2021ko aza. 19a, 10:00

Igandean, azaroaren 21ean, eskualdeko talde feministek mendi irteera egingo dute Santa Lutzia auzoko Miserikordia zaharrera. Azaroaren 25ean mobilizazioak izango dira herriz herri.

Indarkeria matxistari "ozen eta altu" ezetz esateko deialdi kolektiboa egin du eskualdeko mugimendu feministak. Aurten indarkeri fisikoan jarriko dute azpimarra, Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Kontrako egunaren bueltan antolatutako ekitaldietan. "2003tik Euskal Herrian eraildako 112 emakume eta 11 adin txikikoak ekarri nahi ditugu gogora. 112 zenbakia, larrialdi zenbakia da, eta aldi berean aldarrikatu nahi dugu indarkeria matxista larrialdi egoera bat dela gure jendartean", esan du Eli De Arriba Tolosako Asanblada Feministako kideak. 

112 zenbakia duen pankarta handi bat zintzilikatuko dute egunotan Tolosako Zerkausiko balkoitik eta bertan jarriko dituzte eraildako emakumeen izen eta abizenak. Igandean, eskualdeko talde feministek elkarrekin antolatu duten ekintza kolektiboan ere, banan-banan aipatuko dituzte emakume horien izenak.

Santa Lutzia auzoko Miserikordia zaharrera irteera antolatu dute iganderako eskualdeko feministek. Bi hitzordu egin dituzte bertara igotzeko: 10:30ean Zerkausian eta 10:45ean Samaniegoko aparkalekuan. Miserikordia zaharrera iritsitakoan hamaiketakoa egingo dute. Handik bueltan 13:00 aldera Zerkausian egingo dute ekitaldia. Eraildako 112 emakumeak omendu eta xingola moreak zintzilikatuko dituzte indarkeria matxistari aurre egiteko.

"Argi eta garbi utzi nahi dugu emakume izateagatik jasaten dugun indarkeria, autodefentsa feministatik erantzungo dugula. Ez dugu bat bere ere pasatzen utziko", esan du De Arribak. Gizonezkoei ere dei zuzena egin nahi izan die: "Zuei, bai, zuek jipoitzen, iraintzen, bortxatzen eta erailtzen gaituzuelako. Oso ondo dago azaroaren 25eko manifara etortzea, oso ondo dago etxean lanak tarteka konpartitzea, feminismoaren aldeko hitz politak izatea. Baina egin behar duzuena da, behingoz zuen inguruko jarrera matxistak aktiboki gelditu. Zuek zuzenean indarkeria erabiltzen ez baduzue ere, konplizeak zaretelako. Zuen esku dago errotik moztea, ze ez baduzue egiten edozein egunetan gertatuko da gizon batek eskubidea sentituko duela emakume batekin nahi duena egiteko; bortxatzeko, hil arte kolpatzeko".

Ostegunean elkarretaratzeak

Igandeko ekitaldi kolektiboarekin batera, Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Kontrako egunean, herriz herri egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute eskualdeko feministek, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak nahi ditugula ozen eta garbi aldarrikatzeko".

"Ez gara 2, 4, 10... asko gara eta antolatuta gaude, baita Tolosaldean ere", esan dute feministek. Mobilizazio hauen berri eman dute:

  • Altzon. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Anoetan. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Iruran. 19:00etan ekitaldia plazan.
  • Villabonan. 19:00etan manifestazioa Malkar plazatik.
  • Tolosan. 19:00etan manifestazioa Triangulotik.
  • Ibarran. 19:30etan elkarretaratzea plazako aterpean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!