ELKARRIZKETA

«Nahiz eta toki euskaldunean egon ez gaude estres linguistikorik gabe»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 18a, 19:58

Estres linguistikoaren gaineko talde ikerketa egin ostean, Imanol Artolak (Amezketa, 1989) atera duen ondorioetako bat izan da taldean elkartzeak asko lagundu diela parte hartzaileei, batez ere, «norberak kontatzea baino interesgarriagoa izan baita besteek esaten duten hori norbere emozioekin barneratu eta ulertzea».

Zer da estres linguistikoa?

Hitzak berak esaten duenez, estresetik badu zerbait, beraz, ona ezta. Linguistikoa denez badakigu hizkuntzarekin lotura duela. Estres linguistikoa da zuk ez jakitea zein hizkuntzatan hitz egin behar duzun momentu horretan. Elebakarrei, hau da, hizkuntza bakarra dakitenei ez zaie gertatzen, eta ez dute estresik. Beti hizkuntza horretan egingo dute. Euskaldun guztiok, ordea, bi hizkuntza behintzat badakizkigu. Agian, egia da, estres linguistikoa Amezketan, Abaltzisketan,... herri euskaldunetan txikiagoa izan daitekeela, eta herri erdaldunetan handiagoa. Esaterako, denda batera sartu eta iruditzen bazaizu, pareko dendariak jakingo ote du edo ez euskara? Zalantza txiki hori da estres linguistikoa. Zalantza egiten dugun aldiro, nolabait, ez gaude hain eroso eta horri deitzen zaio estres linguistikoa.

Nolatan egin duzu ikerketa?

Tolosaldetik ateratzen baldin bagara guztiei iruditzen zaie hemen erabat euskaraz egiten dela. Iruditzen zaie Amezketan gaztelaniaz ez dugula hitz egiten kalean, eta ez da egia. Euskaraz ez dakitenak herri guztietan daude. Nahiz eta toki euskaldunean egon ez gaude estresik gabe.

Ahalduntze prozesuan dauden euskaldunak taldean biltzeak estres linguistikoa murriztea dakar?

Gure kasu partikularrean horrela gertatu da. Ikerketa bat zen, baina ni gizarte mugimendu batean nabil eta batez ere gizarte mugimenduen alorra interesatzen zait. Ikerketa egin dugu, eta orain, gizarte mugimendu baten urteko jardunera nola ekartzen dugu? Hori da niri interesatzen zaidana. Eta hor ikusiko dugu ea beste taldeak ere ahalduntzen dituen. Beste ahalduntze prozesu batzuk egin dituzten talde feminista batzuekin-eta ari naiz. Eta orain hau nola eramaten dut herrietara? Bere horretan eramanda ez du ahalduntzea ekarriko. Talderen bat sortuko balitz, talde hori nola antolatu beharko genukeen aztertzen ari naiz. Nik ez dut psikologiarik ikasi, eta aditurik gabe, taldean elkartuta posible al da ahalduntzea?

Aurrera nola egin aztertu behar, beraz?

Galtzaundi gizarte mugimendu bat den neurrian, zailena egiten ari zaidana da taldeak irekia edo itxia izan behar duen erabakitzea. Irailetik ekainera, demagun, konpromisoa hartu behar du talde horretako jendeak maiztasun jakin batekin elkartuko dela eta bat eta beste. Edo irailean hasiko gara batzuk eta abenduan sartu dadila nahi duena? Talde itxi batean gidari batekin gertatu da, baina hau herrietara eramaten denean, horrek esango digu benetan ahalduntzea gertatzen ote den edo ez.

«Lehenik norbanakoak ahaldundu, ondoren, aktibista bilakatzeko». Helburuetako bat hori litzateke?

Bai. Galtzaundik bere burua elikatu nahi du eta nahi ditu Galtzaundi kide gehiago, eta nahi ditu herrietan militante gehiago. Baina estres linguistikoa gainditzen duen bat oraindik eta aktiboago bilakatuko da? Edo deserosotasun horrek garamatza aktibista izatera? Feminismoari zeharka begiratuta, nik esango nuke ahalduntzen dena gero aktiboago ikusten ote dudan. Eta gizarte mugimendu bat garen neurrian, ikusiko bagenu lehenengo norberak bere buruarekin lan egindakoan gero gizarteari emateko prest dagoela, orduan, euskara elkarteak abiatze prozesu bat behar duenean, badakigu, lehenengo etxeko lana euskara elkarte horretako kideak ahalduntzea dela, eta gero eragingo dute gizartean. Eta ziurrenik biak batera joan beharko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!