Euskaldunen bizi kalitatea hobetu nahian, ahaldunduz

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 18a, 19:59

Galtzaundi Euskara Taldeko Imanol Artola teknikariak estres linguistikoa arintzeko talde ikerketa egin du.

Estres linguistikoa nola arindu aztertzeko talde ikerketa egin du Galtzaundi Euskara Taldeko Imanol Artola teknikariak. Ikerketarako gertuko jendea bildu du, «euskal kontzientziatuak eta estres linguistikoa pairatzen dutenak» nahi baitzituen. «Oso-oso gertuko jendearengana joan naiz. Sei pertsona izan dira, eta bat edo bi kenduta Galtzaundirekin harreman estu samarra dutenak izan dira. Eta besteak ere banekien estres linguistikoa zutela», esan du Artolak.

Bost aste eta sei saio egin dituzte, eta lau zailtasun edo arrazoi topatu dituzte: ezezagun bat hizketan hasi eta gaztelaniaz aritzea, horri euskaraz erantzutea; hizkuntza ohiturak aldatzea; botere posizioan egotea eta ulermen zulatua dutenen kasua, hau da, ezagun edo ezezagunekin, baina ondo ulertzen ez dutenean euskaraz egitea.

Astelehen arratsaldero Galtzaundi elkartean bertan elkartu dira. Ikerketaren nondik norakoak azaldu, eta lehen egunean bakoitzak bere estres linguistikoa kokatu behar izan zuen. Lanean, lagunekin,... eta kasu asko izanez gero, batzuk aukeratu zituzten helburuak jartzeko. Beti ere, errazenetatik hasita.

Astero, hasteko teoria labur bat azaltzen zien Artolak taldeko kideei, eta gero bakoitzari hitz egiten uzten zion, eta aurreko astean bizi izandakoa kontatzen zuten. Idatziz edo audio bidez erregistratu zituzten bizipenak. «Elkartu, bakoitzak berea kontatu, hurrengo asterako helburuak jarri eta etxera». Ordu eta erdiko saioak egin zituzten.

ELKARTZEAREN GARRANTZIA

Artolak sei kideko taldea osatu bazuen ere, zehaztu du guztiek ezin izan zutela astero azaldu: «Horrek berak, oso ondo demostratu dit taldean elkartzeak zer nolako garrantzia duen», argitu du. «Taldera gutxien agertu diren horiek dira urrats gutxien eman dituztenak. Aldiz, maiztasunez joan direnak lehenengo astean jarritako helburuak baino gehiago lortu dituzte».

Artolak Gemma Sangines izan du tutore ikerketa egitean: «Telp tailerrak-eta beraiek asmatuak dira, eta egunero estres linguistikoa pairatuz gero, bizi kalitatea jaisten duela diote». Pertsona batzuk egunean hogei aldiz bizi dezaketela kontatu du: «Autobusera sartzean, denda batean, lankideren batek euskara ez du hitz egiten baina ulertzen du eta nahi diozu euskaraz egin baina ez zara ausartzen... ».

Galdera luzatu du: «Beraien bizi kalitatea hobetu ahal genezake estres linguistikoa gutxitzen baldin badugu?». Horri tiraka hasi zen ikerketa gauzatzen.

Euskara elkarteetan eta gizarte mugimenduetan orain arte beti lana gizarteari eragiteko egin dela argitu du. «Inguruari eragiten saiatzen gara, baina eskatzen dugun hori zilegi al da eskatzea? Hor konturatu nintzen estres linguistikoa dudala, eta gizarte eragile moduan akuilu lana egin beharra daukagu, baina agian hobe genukeela jendeari etengabe eskatzen aritu gabe, gure barruak goxatu, eta hori ere guk egin beharreko lan bat ote den begiratzea». Orain arte euskara elkarteetan ez da egin, beste gizarte mugimendu batzuetan edo beste terapia batzuetan egin izan den moduan: «Elkartu eta gure arazoen inguruan hitz egin, eta hori izatea helburua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!