Elkar ezagutzeko zubia

Ataria 2021ko aza. 17a, 11:44

SOS Arrazakeriak antolatzen duen Bizilagunak egitasmoaren bazkariak egin dira aurreko igandean, eta eskualdean lau gauzatu dira.

Garazi Egiguren tolosarrak bigarren aldiz parte hartu du dinamizatzaile moduan. Duela pare bat urte hartu zuen parte Adunan. "Iaz ere errepikatzeko gogoz nengoen, baina pandemia izatearen ondorioetako bat horixe izan zen, bertan behera geratu zela. Aurten berriro ere aukera izatean, ez nuen zalantzarik egin. Berriz ere oso esperientzia ona izan da, eta hurrengorako ere desiratzen nago".

Egigurenek dioenez, Bizilagunak egitasmoa zubi bat da. "Nire kasuan egunerokotasunean hain murgilduta egonik, gero eta zailagoa egiten zait ingurura begiratu eta harreman sare berriak sortzea. Zer esanik ez, gure bizilagunak jatorriz euskaldunak ez direnean. Niri zailagoa egiten zait beraiengana hurbiltzea edo beraiek ezagutzeko aukerak sortzea. Alderantziz ere zer esanik ez, beste herrialde batetik etorri den familia bat integratzea pentsatzen dut oso zaila dela gaur egun, eta bizi dugun pandemia egoera bizita, are gehiago". Egigurenek gaineratu duenez, "oso zubi polita planteatzen du egitasmo honek, gure artean lotu, saretu, ezagutu eta harreman berriak martxan jartzeko aukera ematen diguna".

Ibarrako bikote baten etxean egin zuten bere bazkaria. "Saharar jatorria duten Adnane eta Nouraren etxean egon ginen. Anoetako Arene izan zen gonbidatua, eta laurok oso giro atseginean egon ginen", azaldu du Egigurenek. "Elkar ezagutzeko aukera izan genuen, bakoitza zertan aritzen ginen kontatuz, gure zaletasunak, aurrera begirako asmoak... Aukera izan genuen ere Saharan bizi duten egungo egoera lehen eskutik egiazko informazioa izateko". Harreman baten hasiera izan daitekeen gauzatu zela esan du Egigurenek, "hori guztia otordu goxo baten bueltan. Beraien tradizioa den cus cusa prestatu ziguten, Saharan prestatzen duten moduan, barazkiekin eta okelarekin. Beste hainbat gauza ere bai, eta oso eskuzabalak izan ziren bai janariarekin bai beraien bizipenen kontakizunean. Benetan aberasgarria izan zen esperientzia".

Egigurenek jendeari egitasmoan parte hartzeko gonbita egin dio: "Hasteko, probatzeagatik ez da ezer gertatzen. Aukera hori ematea bai bere buruari eta bai besteei ere. Helburua da beste herrialdeetatik datozen pertsonek aukera  izatea gu nolabait ezagutzeko, eta guk ere aukera izatea pertsona horiei gureganatzen uzteko, eta gu bereganatzen uzteko, modu xume baina sakonago batean elkar ezagutzeko aukera izateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!