Eskualdeko hiru gaztandegi, munduko onenen artean

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 17a, 07:59

Azaroko lehen astean izan da World Cheese Awards lehiaketa, Oviedon; Lizartzako Agour Etxeak, Asteasuko Goine Gaztak eta Berastegiko Gazpio Gaztak gaztandegiek hamahiru domina lortu dituzte.

Oviedon (Asturias) izan berri da 2021eko Munduko Gazta Txapelketa, World Cheese Awards-en 33. edizioa. Kontinente ezberdinetatik eramandako 4.000 gazta baino gehiago lehiatu ziren munduko gazta onenen txapelketa nagusian, eta 30 herrialdetako 250 epaileren ardura izan zen gazta onenak izendatzea. Aurten, Andaluziako Quesos y Besos gaztandegiaren Olavidia gazta izendatu dute Munduko Gazta Onena. Ahuntz esnearekin egindako gazta da, eta testura aldatzen dion Jaengo oliba-hezurretatik eratorritako errauts-lerro beltz bat du.

Nazioarteko gaztandegiek ez ezik, sari ugari eskuratzen dituzte Euskal Herrikoek ere, produktu honi bertan ematen zaion garrantziaren erakusgarri. Beste urte batez, euskal gaztagileak ez dira esku hutsik itzuli etxera; Tolosaldearen kasuan, hiru gaztandegik lortu dituzte dominak, zehazki, hamahiru. Hiruetako ordezkariak «pozik» agertu dira.

Batetik, Lizartzako Agour Etxeak urrezko bi eta zilarrezko bost domina eskuratu ditu. «Urtebete besterik ez duen gure gazta urdinak zilarrezko domina lortzea aberasgarria izan da», azaldu du Eduardo Ezkerro bertako kideak. Aurtengoak, baina, ez dira lehiaketa honetan lortu dituzten lehen dominak. «14 urte dira txapelketara aurkezten garela eta bi aldiz irabazi dugu munduko gazta onenaren saria. Izen handia duen gazta da gurea», gaineratu du.

Eduardo Ezkerro (Agour Etxea): «Urtebete besterik ez duen gure gazta urdinak zilarrezko domina lortzea aberasgarria da»

Bestetik, Asteasuko Goinek, zilarrezko domina bat eta brontzezko hiru lortu ditu. «Oro har, gazta krematsuak egiten ditugu, gehienak, Jatorrizko Izendapen Babestua duten Idiazabal Gaztak dira. Brontzezko dominak mota horretako hiru gaztek irabazi dituzte. Bat ketua da, beste biak, berriz, naturalak». Zilarrezko, domina, berriz, Kóres gaztak lortu du. «Alpeetako estiloko gazta da, Ardi Latxaren esnearekin egindakoa».

Gazta horiez gain, badute bat oso berezia: trufadun gazta. «Alga edota txia haziak nahastuz egiten direnak ere badira, baina nik nahiago dut gazta hutsa», azaldu du Joseba Otegik.

Azkenik, Berastegiko Gazpio Gazta etxearen bi gaztek, zilarrezko domina bana irabazi dute. Duela sei urte hasi ziren gazta ekoizten, eta 2019ko edizioan beraiek izan ziren eskualdeko gaztandegien artean domina gehien irabazi zutenak; bost gazta aurkeztu zituzten, eta horietatik lauk lortu zuten domina.

Jatorriaren garrantzia

Besteak beste, 4.000 gazten artean, Idiazabal Jatorri Izendapen Babestua duten gaztei banatu zaizkie sarietako batzuk. Kategoria honetan, Euskal Herriko 35 gazta nabarmendu dituzte, tartean, eskualdeko hiru gaztandegietako sei gazta: Agour Etxeko gazta bat, Gazpioko bi gazta eta Goineko hiru. «Euskal Herriko gaztandegiak berriz ere munduko gazta onenen artean sarituak izan dira, beren kalitate handia ziurtatuz eta gure gaztaren izen ona nazioartean zabalduz», adierazi dute Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapen Babestuko ordezkariek.

Joseba Otegi (Goine Gaztak): «Ardien elikaduraren kostua ia %40 igo da, esnea lehengo prezio berean mantentzen den bitartean»

«Etorkizun iluna»

Berriki, enpresaren 40. urteurrena ospatu du Agourrek, Lizartzako lantegian. «Horrelako errekonozimenduek lanean segitzeko gogoa ematen dute. Gainera, Lizartza gaztaren mapan kokatzea lortu dugu», aitortu du Ezkerrok.

Bestalde, ardien etorkizuna, «ilun» ikusten du Joseba Otegik: «Gaur egun, ardiekin ibiltzea baino estimatuagoa da gaztagintza, baina urte batzuen buruan, auskalo zenbat ardi geratuko zaizkigun Euskal Herrian. Prezioak gorantz doaz eta ardien elikaduraren kostua ia %40 igo da, esnea lehengo prezio berean mantentzen den bitartean. Lan sakrifikatua da gurea, eta neguan galerak izango ditugulakoan nago», azaldu du Asteasuko baserritarrak.

ESKUALDEKO IRABAZLEAK

Agour Etxea (Lizartza)

Urrezko bi domina: JIB (Jatorri Izendapen Babestuko) Ossau Iraty GM eta Esne Gordinezko JIB-ko Ossau Iraty gaztak.

Zilarrezko bost domina: JIB-ko Ossau Iraty PM, Chèvre Brebis, Brique Brebis, Urdina Brebis eta Idiazabal JIB-ko Agour gaztak.

Goine Gaztak (Asteasu)

Zilarrezko domina bat: Kóres gazta.

Brontzezko hiru domina: Idiazabal JIB-ko hiru Goine Gazta.

Gazpio Gaztak (Berastegi)

Zilarrezko bi domina: Bi Gazpio Gazta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!