Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2021

Ekitaldi sorta antolatu du Itaiak, A25ari begira

Ataria 2021eko azaroaren 11

Erakusketak jarriko dituzte, kafe tertulia egingo dute, eta azaroaren 27rako egun osoko egitaraua antolatu dute, hitzaldi, bazkari eta kontzertuekin.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, Tolosaldeko Itaiak hainbat ekitaldi antolatu ditu, Egungo kultura progresista: Emakumeon ahalduntzea ala Indarkeriaren normalizazioa? izenburupean.

Batetik, gaia lantzeko erakusketa jarriko dute eskualdeko hainbat herritan. Ibarran, ostiralean, azaroaren 12an izango da ikusgai, plazan, 16:30etik 20:00etara; Zizurkilen larunbatean, azaroaren 13an, Joxe Arregi plazan, 18:00etatik 20:00etara; Alegian, hurrengo ostiralean, azaroaren 19an, plazako arkupeetan, 18:00etatik 20:00etara; eta Tolosan, hurrengo larunbatean, azaroaren 20an, Trianguloa plazan, 11:30etik 13:30era.

Bestetik, Oh gu hemen! saioaren proiekzioa egingo dute Ibarrako gaztetxean larunbatean, azaroaren 13an, 17:00etan. Horrelako galderei erantzuna ematen saiatuko dira saioan: "Ze proposamen egiten dira indarkeria matxista kasuetan esku hartzeko? Etengabe ez errepikatzeko? Nahikoa dira? Zein da gaur egungo egoera?". Saioaren ostean, kafe tertulia egingo dute.

Azaroaren 27rako, berriz, egun osoko egitaraua antolatu du Tolosaldeko Itaiak. Tolosan izango da, eta hitzaldiak izango dira, bazkaria eta arratsaldean zehar kontzertuak.

Azaroaren 25erako Donostian Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean deitu duten manifestaziora joateko deia ere egin du Itaiak. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta Tolosan 17:05ean eta Villabona-Zizurkilen 17:20ean egin dute hitzordua trenez Donostiara joateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!