Tatin tarta

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2021ko aza. 4a, 11:50

Historia berezia duen errezeta da aste honetakoa. Jarrain osagaiak, prestaketa eta ... on egin!

Gaurkoan goxo bat prestatuko dugu: tatin tarta. Frantziako errezeta bat da. Sagar tarta bat da berez, baina berezitasun bat badu: alderantziz egiten da honako pastela. Kondairak dio Loirako bailaran bizi ziren Tatin ahizpek hotel bat zutela, oraindik existitzen dena, eta halako batean labea izorratu zitzaiela edota akatsen bat izan omen zuten eta orea azpian jarri beharrean eta sagarrak gainean, lehenengo sagarrak jarri omen zituzten eta orea ahaztuta edo, gainean jarrita sartu zutela labean. Sukaldari ezagun batek Parisera eraman zuen tarta eta han ezagun bilakatu zen.

Karameloa preparatzen hasiko gara. Horretarako, azukre eta gurina neurri berdian beharko ditugu: 150 gr bakoitzetik, alegia. Hau da, gaurkoan karamelo goxo eta koipetsu bat egingo dugu. Horretarako, laberako egokia den zartagin edo kazuela bat erabiliko dugu. Izan ere, aurrena sutan jarriko dugu honako zartagin edo kazuela eta gero labean sartuko dugu.

Lehenik beraz, gurina urtzen utziko dugu, azukrea gehituko diogu eta egurrezko koilara batekin, suabe-suabe bueltak emango dizkiogu, sua suabe samar dugula. Azkenean, karameloak toffee tonalidadea hartuko du, marroia, distiratsu-distiratsua. Honek adieraziko digu gure karameloa prest dagoela.

Jarraian sagarrak gehituko ditugu. Hala ere, sagarrak gehitu aurretik, karameloa apurtxo bat hozten utziko dugu, gure sagarrak erre ez daitezen. Bitartean, gure sagarrak prestatuko ditugu: moztuko ditugu, azal eta guzti. Sagar bakoitzetik zortzi puska aterako ditugu, bihotza kenduta. Kazolan kokatzen hasiko gara sagar horiek, era homogeneo batean. Hau da, karameloa azpian eta sagarra gainean geratzeko. Kokatuta ditugunean, sua martxan jarri eta egosten suabe-suabe 20 bat minutuz izango ditugu, ukitu gabe. Azkenik, sagarrak karamelo horretan busti egingo dira, kolore marroia goraino iritsiko da.

Hurrengo pausoa, sagarrak berriro hozten uztea izango da. Behin hotz daudenean, orea kokatuko diegu gainetik. Labea 180 gradutan piztuko dugu eta kazola labean bertan sartuko dugu. Bertan 25 bat minutuz izango dugu, gure oreak urre kolore polit bat eduki arte. Labetik atera, hozten utzi eta buelta emango genioke gure tartari. Orduan, jateko prest izango genuke gure tatin tarta!

OSAGAIAK

- 4-5 sagar.

- 150 gr gurin.

- 150 gr azukre.

- Brisa orea (200-250 gr).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!