Heldu da kalabazak hustu eta kandelak pizteko garaia

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 27a, 09:59

Urriaren 31ren bueltan, arimen eguna edo gau beltza bezala ezagutzen den festa ospatzen da eskualdeko herri askotan; aurten ere egitarau zabala prestatu dute.

Udazkenetik negura igarotzeko geroz eta ilunagoak izaten diren egunetan, erritu ezberdinak egin ohi dira: urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… Barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek, eta aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko aukera eman ohi du.

Hori dela eta, urriaren 31ren bueltan, gau beltza edo arimen gaua ospatzen da Euskal Herrian. Askorentzat harrigarria bada ere, herri askotan bizirik iraun zuen ohitura izan zen, duela urte batzuk Ameriketako Halloween jai komertzialak apur bat itzali zuen arte. Hala ere, ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri, baita Tolosaldean ere.

Beste urte batez, kalabazak hustu eta kandelekin argiztatuko dituzte herritarrek, aurpegi itxura emanez. Lehen, bizilagunak izutzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko argiztatzen ziren; orain, berriz, etxez etxe eskean ibili edo aurrez prestatutako ibilbideak osatzeko baliatzen dituzte. Horrez gain, kalera mozorrotuta ateratzeko ohitura dute herritar askok, izarak eta arropa zaharrak jantzita.

ARIMEN EGUNA EDO GAU BELTZA TOLOSALDEAN

Urriak 28, osteguna

Alkiza.
Arimen gaueko kontuak Ameli eta xirrikituen jostunek ipuin kontalarien eskutik, kultur etxeko salto-gelan. 17:00etan, LH 1 mailara bitarteko haurrentzat. 18:00etan, LH 2 mailatik aurrerako haurrentzat.

Urriak 29, ostirala

Anoeta.
Xanduli manduli... Arimen gaueko kontuak ipuin kontaketa antzeztua, liburutegian. 18:00etan, LH 1, 2 eta 3 mailetako haurrentzat. 18:45ean, LH 4, 5 eta 6 mailetako haurrentzat.

Asteasu. Kalabazak hustu eta Gau Beltzaren apaingarriak egiteko tailerra izango dua, 19:00etan plazan.

Urriak 31, igandea

Amasa-Villabona.
18:00etan Gazteleku kanpoan elkartu eta haurrak taldetan sartuko dira arimen ibilbidera (arropa zaharrarekin eta aurpegian maindireekin mozorrotuta joateko deia egin dute. 19:30ean, arima guztiak Errebote plazan elkartuko dira. Suak piztu, beldurrak erre, gaztainak jan eta kopla abestea izango da.

Anoeta.
19:00etan, Iturtxulo plazatik abiatuta, beldurren ibilbidea (mozorrotuta eta kandelez lagunduta joateko gonbita luzatu dute). Ondoren, beldurrak erretzea eta gaztaina jatea, plazan.

Asteasu. 18:00etan aurpegiak margotuko dituzte plazan, 19:15ean ezustez betetako ipuina izango da, eta amaitzeko gaztaina jatea eta trikitilariak izango dira.

Baliarrain.
Udazken kulturalaren barruan, gau beltza, guraso elkarteak antolatuta.

Elduain.
11:00etan, marrazkiak eta dekorazio prestaketa (etxetik eraman behar dira kartoiak eta margoak). 17:00etan, plazara mozorrotuta azaltzeko deia (aurpegiak margotzeko aukera egongo da bertan). Gero, kalabaza bilketa etxez etxe. Ondoren, kalabazak hustu eta plazan jarriko dituzte, txokolate beroa banatuko dute, eta jolasak ere izango dira. Iluntzean, kandelak piztu eta gaztaina jatea egingo dute.

Lizartza.
18:00etan, 3 eta 9 urte artekoentzat, Lizartzako sorgina ipuin kontaketa plazan, Vera Makucevicaren eskutik. 10 urtetik gorakoentzat, scape room-a. Ondoren, beldurraren ibilbidea. 19:30ean, gaztaina erreak eta afari-merienda plazan, haur eta helduentzat.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!