Larramendi auzoko jaietan ere gau beltza ospatuko dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 27a, 11:57

Ostiralean emango diete hasiera bi egunez luzatuko diren festei; larunbatean, etxetik mozorrotuta ateratzeko gonbita luzatu dute auzotarrek.

Dena prest dute Larramendi auzoan aurtengo festak ospatzeko. Hala ere, zerura begira eta eguraldi iragarpenei so dira bertako bizilagunak, balitekeelako prezipitazioak izateko arriskuak gora egitea. «Karpa eskatu dugu badaezpada, baina ez dakit guztiok sartuko ote garen», adierazi du Virginia Gutierrez auzotarrak.

Aurreko urteetakoa baino laburragoa da aurtengo egitaraua, ostiralean hasi eta larunbatean amaituko baitira festak. «Osasun egoeraren ondorioz, murrizketak izan dira azken hilabeteetan, baina ez dugu denbora tarte handirik izan jaiak behar bezala ospatu daitezen antolatzeko», azaldu du Gutierrezek. Sei lagunen artean aritu dira egitaraua prestatzen. «Antolakuntzako kideez gain, auzotar asko dabiltza boluntario modura laguntzen, eta lantalde ezberdinak sortu ditugu», gaineratu du.

Aipatu moduan, etzi emango die hasiera jaiei, 18:00etan lehertuko den txupinarekin. Lehen ekitaldi horretan, aitortza bat egin nahi izan dute auzotarrek, izan ere, Euskotren Ligara igotzea lortu duten Tolosaldea traineruko arraunlariek piztuko dute suziria. Ondoren, buruhandiak izango dira, eta azken hamarkadetako musikarekin girotuko duten pintxo-potearekin eta Meliora taldeak eskainiko duen kontzertuarekin borobilduko dute eguna.

Larunbatean, berriz, egun eta gau beltza ospatuko dute. Aspaldiko partez, Tolosan mozorrotzeko aukera eskainiko dute auzotarrek; behintzat, horretara animatu nahi dituzte herritarrak. Egun horretan, gainera, kuadrillen arteko bazkaria egingo dute. «Lehen igandean egiten genuen, baina badirudi eguna aldatzeak arrakasta izan duela. Oraingoz 250 lagun inguruk eman dute izena», esan du antolatzaileak. Gogorarazi duenez, auzotar bakoitzak bere janaria eta mahai-tresnak eman beharko ditu, edalontziak eta platerak antolatzaileek jarriko dituzte eskuragarri, eta edatekoa txosnan erosi beharko da.

Bazkalostean, gertuko magiaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. «Gu eserita egongo gara, eta hiru mago ariko dira mahaiez mahai saio txikiak egiten. Beranduago, gainera, emanaldi luzeagoa eskainiko dute hirurek batera». Tartean, nahi duen orok bere aurpegia margotu ahal izango du, mozorroaren osagarri gisa. Azkenik, aurtengo jaiei amaiera emateko, Tolosako Alaiki musika taldeak bi emanaldi eskainiko ditu; lehenik, haurrentzat, eta ondoren, helduentzat.

 

LARRAMENDIKO FESTETAKO EGITARAUA

Urriak 29, ostirala

18:00. Txupinazoa.

Segidan. Buruhandiak.

18:30. Pintxo-potea, 80ko hamarkadako musikarekin girotuta.

22:30. Meliora taldearen kontzertua.

Ondoren. DJa 80ko eta 90eko hamarkadetako musikarekin.

Urriak 30, larunbata

Egun eta gau beltza

10:00. Diana dultzaineroekin.

11:00-13:00. Zirko eta ponpa tailerra Intujairen eskutik.

14:00. Bazkaria (bakoitzak eramanda). Platerak eta edalontziak eskuragarri egongo dira eta edariak txosnan erosi beharko dira.

15:00-16:30. Gertuko magia saioa.

15:30. Aurpegi margotzea.

17:30. Magia gala.

19:00. Alaiki musika taldea (haurrentzat).

22:00. Alaiki musika taldea (helduentzat).

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!