Tolosaldea LHII-k partaidetza arrakastatsua izan du EuskoSkills 2021 Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 26a, 13:57

Institutuko sei ikaslek hartu dute parte Irunen jokatutako txapelketan, urrezko bi domina eta zilarrezko beste bi lortuz.

Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuak espezialitate ezberdinetako sei ikaslerekin parte hartu du EuskoSkills 2021 txapelketan, emaitza oso onak lortuz. Oier Igoak eta Adrian Arellanok, sareko informatika sistemen administrazioko zikloko ikasleek, heziketa-zikloaren izen bereko kategorian parte hartu zuten, Raspberry Pi eta Cisco packet tracer erronkak landuz. Egun eta erdiko lanaren ondoren, Arellanok urrezko domina irabazi zuen.



Igor Garmendiak ere urrezko domina irabazi zuen. Kasu honetan, Soldadura eta Galdaragintza zikloko ikasleak, soldadura kategorian parte hartu zuen, egun eta erdian zehar hiru proba ezberdin eginez.

Bestetik, Oinatz Otegik eta Markel Muñozek, programazioaren produkzioko zikloko ikasleek, zennbakizko kontroleko fresadora atalean parte hartu zuten, pieza baten planotik abiatuta, fabrikatzeko programa eginez eta zenbakizko kontroleko fresatzeko makinan fabrikatuz. Azkenean, Muñozek zilarrezko domina lortu zuen.



Asier Sarasolak ere bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Instalazio elektriko eta automatikoak zikloko ikasleak, instalazio elektrikoen kategorian parte hartu zuen, etxeko zirkuitu elektriko baten instalazioa eginez.

Martxoan, Madrilera

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatua, Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatuta dauden eta egiten duten zikloarekin zerikusia duten lehiaketetan parte hartzen duten ikasleei zuzendutako lehiaketa da EuskoSkills. Lehiaketan parte hartzen duten ikasleek egiten duten heziketa-zikloaren berezko trebetasunak erakutsi behar dituzte egun eta erdiko txapelketan zehar.

 Ekimen honen helburu nagusia, txapelketen bidez, gaitasunek eta gaitasun-maila altuek arrakasta profesionala lortzeko eta errealizazio pertsonalerako dakarten funtsezko ekarpenez kontzientziatzea da.


Irungo FICOBA egoitzan jokatu da txapelketaren aurtengo edizioa. 19 kategorietan garatu da, eta EAEko Lanbide Heziketako 41 ikastetxetako 146 ikaslek  hartu dute parte. Kategoria bakoitzeko irabazleak EAEren ordezkari izango dira 2022ko martxoan Madrilen ospatuko diren SpainSkills estatu mailako txapelketan.



Tolosaldea LHII-ko zuzendaritza taldeak EuskoSkills 2021 Txapeketan parte hartu duten ikasle eta irakasleak eskertu, aitortu eta zoriondu zituen, atzo, zentroko areto nagusian egin zuten ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!