Nahia Garridok bi domina lortu ditu Mediterraneoko Kopan

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 21a, 11:58
Nahia Garrido eta Joseba Zubeldia, Mediterraneoko Kopan.

Lehen aldiz lortu du Tolosaldea IKTko igerilari batek nazioarteko txapelketa batean domina bat. Urrea eta zilarra lortu ditu bizkar estiloko bi probatan.

Tolosaldea IKT taldeko Nahia Garrido igerilariak bi domina lortu ditu asteburuan Belgraden jokatu den Mediterraneoko Kopan, 14 urteko mailan. Urrezkoa 100 metro bizkar proban lortu du eta zilarrezkoa 200 metro bizkar proban. Nazioarte mailan lehen aldiz parte hartu du taldeko igerilari batek eta gainera dominak lortu ditu.

Tolosaldea IKTko Joseba Zubeldia entrenatzailea ere Belgraden izan zen, Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzaile moduan. Esperientzia «ona eta positiboa» izan dela azaldu du: «Beste maila bateko txapelketa bat da, atzerrian. Ez gaude ohituta Espainiako selekzioarekin joatera, eta esperientzia aberasgarria izan da, eta garrantzitsua ere, pauso bat aurrera ematea izan delako bai Nahia eta niretzat, eta baita Tolosaldea IKTrentzat ere».

Aurkarien berri gehiegi ez zutela azaldu du: «Ez genekien beste selekzioetatik ze igerilari izango ziren, ezta beraien maila ere, eta parte hartzaileen zerrenda bi egun lehenago atera zen», zehaztu du Zubeldiak.

Ez zituzten espero emaitza horiek lortzea. «Nahia oso ondo lehiatu zen eta dominak lortzeko bere aukerak baliatu zituen», esan du entrenatzaileak. «Asko ikasten ari den seinale da hori. Kontuan izan behar da hamalau urte dituztela eta asko dutela oraindik ikasteko».

Tolosaldea IKTrentzat lorpen berezia izan da Garridok eskuratutakoa. Kontuan izan behar da Hego Euskal Herriko inork ez duela txapelketa horretan dominarik lortu, eta are gutxiago urrezkoa. «Alde horretatik talde bezala ere pauso bat aurrera goazela esan daiteke, eta ea bide horretatik jarraitzen dugun», esan du Zubeldiak.

Emaitzez gain, garrantzi berezia ematen dio Zubeldiak horrelako txapelketa batean parte hartzeak suposatzen duen esperientziari. «Atzerrira ateratzea bakarrik berezia izan zen. Grezian geldialdia egin genuen, Serbiara iritsi ginen, eta hainbeste kontrol pasa behar dira orain... Hori bakarrik ikasgai bat izan da», esan du Zubeldiak, eta ez dela bakarrik lehiaketa bera kontuan hartu behar, txapelketa batean parte hartzeari bere osotasunean begiratu behar zaiola gaineratu du.

HAMALAU URTEKOEN MARKA

Garridoren aurkari zuzena azkenean Espainiako selekzioarekin zegoen Estella Llum Tonrath izan zen. Hain justu, Garrido bigarren izan zen proban lehen postuan sailkatu zen Tonrath, eta postua aldatu zuten 100 metrokoan. «Laguna da eta aldi berean aurkaria lehiatzerakoan», azaldu du Zubeldiak. «Batak besteari mesede egiten dio hobetzeko garaian, eta horrela gertatzen ari da».

Bere marka ez zuen hobetu ahal izan 200 metroko proban Garridok, baina 100 metrokoan hamalau urteko mailan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bere marka hobetu zuen, 1.03.63ko denbora ezarriz. «Maila altuko marka da, eta proba bera ez zuen egin infantil mailan egin ohi den moduan, helduek egiten duten moduan egin zuen», esan du Zubeldiak. «Gauza asko ikasita ditu, beste infantil askok ez dakitena. Maila handiko proba egin zuen, egia esan». Kontuan hartzekoa da lortutako marka orain arteko bigarren onena dela absolutu mailan.

Zubeldiarentzat ere berezia izan zen Mediterraneoko Kopa, lehen nazioarteko txapelketa izan baitzen berarentzat ere entrenatzaile moduan. Gainera, Garridok eta Tonrathek berarekin hitz egin zuten 200 metroko probaren inguruan aholkuak jasotzeko. 100 metrokoan, berriz, Garrido izan zen Zubeldiaren aholkuak eskatu zituen bakarra. «Nik ere nire urduritasunak izan nituen, eta poztu nintzen Nahiak urrea lortzerakoan», esan du entrenatzaileak.

Aurrera begira jarrita, hurrengo txapelketa Garridorentzat zein Tolosaldea IKTko kideentzat absolutu mailako Espainiako Txapelketa izango da. Mallorcan (Herrialde Katalanak) egingo da, azaroaren 25 eta 28 bitartean. «Aurten hamar igerilari daude gutxieneko markarekin, inoiz baino gehiago», esan du Zubeldiak, eta nabarmendu du lehen aldiz bai mutiletan zein nesketan erreleboetan parte hartzeko gutxieneko markak lortu dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!