Lehenik gure alberjinia edo berenjenak prestatuko ditugu. Horretarako, kanpotik garbituko ditugu eta erditik moztuko ditugu, luzeka zuztarretik ipurdira bitarte, txalupa moduko forma lortuz. Hauek beteko ditugu, ontzi gisara erabiliko baititugu. Berenjenen haragiari ebaki batzuk egingo dizkiogu, erronbo forman. Hau da, pixka bat ireki daitezen, ondoren mami hori kendu ahal izateko, aurretik berotu egin beharko ditugu. Azkar egiteko mikrouhin labean sartuko ditugu hamar minutuz. Honekin lortuko dugu gogorra dagoen mami hori biguntzea, erdi egostea. Jarraian beraz, mamia koilara batekin erraz aterako dugu.
Mikrouhin labean ditugun bitartean barruko betegarria prestatzen joango gara. Horretarako tipula xehe-xehe moztuko dugu eta olio koilarakada pare batekin zartagin batean erregosiko ditugu, su eztitzen joango gara. Behin tipula kolorez aldatzen denean, bi tomateak gehituko dizkiogu txiki-txiki eginda eta baita pikillo piperrak ere. Barazkiei gatza eta pipermin beltza gehituko diegu momentu honetan. Behin barazki guztiak eginda daudenean, hegaluzea gehituko diegu. Hegaluzea zartaginera gehitu aurretik ondo-ondo lehortuko dugu. Horretarako, bitsadera edo iragazki bat erabiliko dugu; zanpatuz, sobera duen olio guztia kenduko diogu.
Mikrouhin labetik ateratako alberjiniak hustuko ditugu. Kontu handiz aterako diegu barruko mamia, azala apurtu gabe. Bol edo txalupa baten itxura emango diegu gure alberjiniei. Eta jarraian txalupatxoak betetzen joango gara. Ez dira gehiegi bete behar. Izan ere, gero labean sartuko ditugunez, bigunduko direnez, gainezka egiteko aukera dago. Gainetik gazta txigortua botako diegu. Kasu honetan grana padano bat erabiliko dugu. Gazta potentea da honakoa. Berenjenak labean sartuko ditugu, gaztari azken ukitua emateko; izan ere, berenjena eta bere betegarria jada eginda daude. Bost minutu sartzearekin nahikoa da, gazta urtu arte. Hau da, gaztaren goiko partea gorritzen hasten dela ikusten dugunean, prest egongo litzateke gure platera. Beroan jateko platera da gaurkoa: alberjinia beteak.
OSAGAIAK
- Bi Alberjinia.
- Tipula bat.
- Hegaluze tarro bat.
- Bi tomate heldu.
- Oliba olioa.
- Grana Padano gazta.
- Pikillo hiru piper.
- Gatza.
- Piper beltza.