Altuna III.aren ondoren Jakaren txanda, bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 11a, 12:12

Erik Jakaren eta Mikel Urrutikoetxearen arteko partidak itxiko du lau eta erdiko txapelketako lehen jardunaldia, final-laurdenetako ligaxkari dagokiona. Tolosako Beotibar pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak, bihar, 17:00etan hasiko den jaialdian.

Aurrez, Victor-Tolosa eta Artola-Arangurenen arteko partida jokatuko da. Jaialdia amaitzeko, Bakaikoa-Aretxabaleta eta Salaberria-Etxebarria irtengo dira kantxara.

Jokin Altuna, 22-17
Altuna III.ak txapelketako lehen partida igandean jokatu zuen, Eibarren. Amezketarrak 22-17 irabazi zion Aitor Elordiri. Bizkaitarra, ligaxkako partidara, aurrez bi norgehiagoka irabazita iritsi zen. Egungo lau eta erdiko txapelduna, aldiz, partidarik jokatu gabe. Ez zen alderik nabaritu, ordea, Altuna III.a 9-1 aurreratu baitzen hasieran. Errentari bikain eutsi zion partidaren lehen zati horretan amezketarrak, 14-10 jarriz. Sakearekin eta errematearekin maisu ibili zen txapelduna.

Lehiaren bigarren zatian, ordea, Elordik lehen mailako pilotaria dela erakutsi zuen. Jokin Altuna estu hartzeaz gain markagailua berdintzetik gertu izan zen bizkaitarra, 18-17koan. Opari argia egin zion une horretan amezketarrari, eta honek, okerren zen unean, txapeldunaren izaera agertu zuen eta azken lau tantoak jarraian egin zituen. Azpimarratzekoa izan zen Jokin Altunaren 20. tantoa, horma biko dotore batez amaitu zuena. Harmailetara zoramena ekarri zuen, eta izan zen txapela kantxara bota zuenik. 

Sufrituz baina garaipenarekin hasi du txapelketa Altuna III.ak, eta garrantzitsuena, fisikoki hurrengo partidarako arazorik gabe.

Bigarren jardunaldia
Ligaxkako bigarren jardunaldia hurrengo asteburuan jokatuko da. Jokin Altunak larunbatean jokatuko du bere partida, Peio Etxeberriaren aurka. Lehia hori Bergarako pilotalekuan izango da, 17:15ean hasiko den jaialdiaren barruan. 

Eskualdeko beste ordezkariak, Erik Jakak, bigarren jardunaldiko partida berriro Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko du, astelehenean. Bere aurkaria oraindik zehaztu gabe dago. Bihar irabaziz gero, Joseba Ezkurdia izango du aurrean urriaren 18an. Urrutikoetxea nagusituko balitzaio, lizartzarrak Lasoren aurka neurtuko ditu indarrak bigarren jardunaldi horretan. Jaialdi hori 16:30ean hasiko da. Pilotak, urriaren 14an aukeratuko dituzte Beotibarren, 11:00etan. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!