Spanakopita greziar pastela

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2021ko urr. 7a, 11:09

Izenak agerian uzten duen bezala, Skanakopita Grezian egiten duten pastel bat da. Barazkiak ditu ardatz, eta eskulanak ere egin behar dira.

Gaurkoan Greziara bidaiatuko dugu. Bertako errezeta asko bezala begetarianoa da honakoa. Kristau ortodoxoek urtearen heren batean ez dute haragirik jaten eta horregatik daude horrenbeste errezeta begetariano Grezian.

Gaurko osagai nagusiak ziazerbak eta feta gazta dira. Feta gazta, greziar gazta da, ardi esneaz egina, jatorri izendapena baduena. Nik adibidez afaltzeko osatu izaten dut honako errezeta baina Grezian, irakurri dudanez, sarrera gisa jaten dute, edota gosaltzeko edo hamaiketakoa egiteko.

Errezetari hasiera emateko, baratxuria eta tipula zuritu eta xehe-xehe moztuko ditugu. Oliba olio zorrotada batekin zartagin batean su-eztituko ditugu, tipula goxo-goxo gelditu arte. Jarraian, ziazerbak garbituko ditugu, eta oso handiak izanez gero erditik zatituko ditugu. Eta gainontzeko barazkiekin batera, zartaginean botako ditugu. Ziazerben bolumena txikitu arte izango ditugu sutan, pare bat minutuz edo.

Bitartean, bol batean arrautza bat irabiatuko dugu eta feta gazta apurtuko dugu, eskuekin zati txikiak osatuko ditugu. Eta arrautza eta feta gazta ondo nahastuko ditugu. Bestetik, pasak ur baso batean sartu eta mikrouhin labean sartuko ditugu, minutu batez. Honela lortuko dugu pasak berriro hidratatzea. Jarraian, pasak eta ziazerbak bolean dugun nahasketara gehituko ditugu, iragazki batetik pasa ondoren, ahalik eta lehorren egon daitezen. Gatza eta pipermina gustuko izanez gero, orain gehituko genituzke.

Jarraian, labea piztuko dugu 200 gradutan, eskulanetan jarri bitartean. Mahaia gainean filo orri bat zabalduko dugu, olio pittin bat igurtziko diogu gainetik eta beste orri bat gehituko diogu gainean. Lan egiteko orduan binaka erabiliko ditugu orriak. Gainetik bolean dugun nahasketa botako dugu, orriaren izkina batean. Txorizo moduko bat egingo dugu, orria biribiltzen joango gara. Lauzpabost zilindro osatuko ditugu. Laberako ontzi borobil batean kokatuko ditugu gure zilindroak ensaimada baten itxura emanez. Sobera dugun arrautza irabiatu eta pintzel batekin gainetik margotuko dugu gure pastela. Gainetik sesamo haziak bota daitezke. 20-25 minutuz labean izango dugu, gainaldea gorritu arte.

OSAGAIAK

- Ziazerbak (kilo erdia).

- Feta gazta.

- Filo oreadun 10 orri.

- 2 arrautza.

- Tipula erdia.

- Baratxuria.

- Pasa eskukada.

- Sesamo haziak.

- Oliba olioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!