Gaztaina morkotsak lurrera erorita Ikaztegietako basoan. E. MAIZ

Urteko hirugarren urtaroa da udazkena, eta besteak beste, paisaiak hartzen duen koloreak bereizten du; uzta biltzeko urtaroa da, ereindako uzta edota naturak ematen duen uzta.

Gorria, horia, berdea, marroia edo horien nahasketa da udazkeneko kolorea. Zuhaitzek behintzat esaten digute urtaro aldaketa iritsi dela, eta bide batez, uzten urtaroan ere sartu garela. Hego haize epelak ere orrazten du udazkena. Udaren osteko eta negurako prestatzeko izan ohi den urtaroa da.

Basoek udazken kolorea hartzen dute. Orbelak manta ederra jartzen die basoei neguaren aurretik, eta bertatik oinez dabilenak orbelaren soinu banda ederra izaten du lagun. Haizea lagun, hostoen dantzak ere ikus daitezke. Ez da basoan bakarrik, hiriko kale batzuk ere hostoz betetzen dira, zuhaitzek biluzteko ohitura baitute udazkenean. Eta egunak, berriz, laburtzeko joera hartuko du udako eguzki orduak gutxituz, eta ordu horiek ordainetan gauak irabaziko ditu. Hego haizea izan arren, tenperaturak beheranzko joera izaten du, eta udako arropak albo batera utzi eta hotzari aurre egiten hasteko prestatzen da batik bat armairua. Egurra eta sua. Tximinietatik kea.

Baina, armairuaz gain, etxe, elkarte eta jatetxeetako platerek ere udazken kolorea hartzen dute. Asko, sasoi honetan, lurrak ematen dituen altxorrak aurkitu nahian ibiltzen dira. Perretxiko edo, batez ere, onddo zaleek udazkena izaten dute horretarako garai ona. Inork ez du esango non, baina guztiak galduko dira mendiko bazter ezberdinetan. Guztietan preziatuenetariko bat onddo beltza izan ohi da, eta dagoeneko puri-purian daude zenbait tokitan. Baso zabaletan, orbel artean,... eta saskia eskuan dabil jendea.



Jana eta edana

Garai honetan pintxodun azalaren barruan sortzen den marroi koloreko gaztainak ere ederrak izan daitezke jateko. Gaztaina egosiak edo erreak etxebizitzetako ohiko jatekoak izan ziren duela urte batzuk arte. Orain, aldiz, sarritan egun nabarmenetan baino ez dira jaten. Gabon usaina dutela ere esan daiteke gaztainek. Zenbait herritako kale bazterrek ere izaten dute gaztaina erre usaina. Gero eta gutxiago diren arren, saltzaileek kalean erre ohi dituzte herritarrei saltzeko. Euskaldunen artean gaztaina jatearen aitzakian familian edota lagunartean elkartzeko aitzakia ere bada gaztaina bera.

Gaztaina ez ezik, ezkurra ere udazkeneko fruitua da, eta basoak ezkur alez beteta daude. Eta ezkurra bezala, sagar urtea izaki sagardo asko ekoitziko da aurten, baina ez da sagardoa bakarrik, patxarana gustuko duenak ere, urte sasoi hau baliatu behar izaten du basora joan eta basaranak biltzeko. Eta anisa tarteko, sei bat hilabetera-edo, gutxi gorabehera, edari alkoholduna sortuko da.

Ereindako uzta biltzeko urtaroa ere bada. Artasoroek dagoeneko makina bat artaburu dituzte, arto-bizar marroiak agerian dituztela. Eta sarritan, hain gurea den Tolosako babarrunak izan ditzakete bueltan. Babarrunak biltzeko garaia edo bildu direnak eguzki izpien bila baserri ataritan ikus daitezke.

Neguko hotzari aurre egiteko prest izango dira babarrunak. Babarrunak berarekin sakramentuen festa; berarekin izaten du aza, esaterako, baina baita odolkia ere. San Martin egunaren bueltan txerri guztiei heltzen omen zaie bukaera, eta txerritik eratortzen da odolkia. Babarruna ia baserri eta etxe guztietan hutsik egiten ez zuen elikagaia da; gosea kendu zuen elikagaia. Egun, ordea, behar bezala prestatzeko eskatzen duen denbora dela eta, askok egun jakinetan baino ez ditu jaten. Eta babarrun jateak ere, kuadrillak elkartzeko erabiltzen dira.

Bukatzeko, eta oso zabaldua ez den arren, Goierrirekin muga egiten duten eskualdeko herrietan, batik bat, mondejuak jateko ohitura dago. Zaldibian jatorria duen hestebeteak ardikiarekin egiten dira, eta mondejuaren bueltako otorduek ez dute hutsik egiten urte sasoi honetan. Amezketa, Ugarte edo Bedaion ere mondejuak jateko ohiturari eusten diote eta porru usaina duen jakia preziatua da jende askorentzat.

Azken batean, gaztaina, onddo, babarrun edo mondeju, mahaiaren bueltan elkartzeko aitzakia dira. Jatekoari, suaren epeltasuna gehituta.

Erlazionatuak

«Porru asko behar du, ez dago beste sekreturik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 urr 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!