ERREPORTAJEA

Gazteak ere triatloian

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 25a, 07:57
Zutik, Axier Tejeria, Mara Arruti, Ximena Ceberio eta Aratz Urkola. Makurtuta, Elur Urkola, Iker Otamendi eta Joanes Zubeldia. ATARIA

Gero eta gazte gehiago animatzen dira triatloia praktikatzera, Tolosaldeko Triatloi Taldea ere bada horren erakusle. 

Tolosaldeko Triatloi Taldean kide gazteak hasi dira pixkana sartzen. Asier Mujika ibartarra taldeko kide beteranoetako bat da, eta betidanik, bere nahia gazteak triatloia egiten hastea izan da: «Gorputz Hezkuntzako irakaslea naizenez, igeri egiten zutenei eta kirola egitea gustatzen zitzaien nire ikasleei, beti proposatzen nien taldera etortzeko eta triatloia probatzeko». Ez zuela arrakasta handirik izaten gaineratu du, baina behintzat mezua zabaltzen zuela gazteen artean. Mara Arruti tolosarrak aurreko uda eta gero idatzi zion esanez igeri egiteari utziko ziola eta animatzen zela triatloia probatzera. «Mara horrela hasi zen, eta gero guraso batzuk jakin zuten gazteen taldetxo bat martxan jarri nahi zela, semeak futbola utzi eta animatu zen, eta bere atzetik beste batzuk iritsi ziren», azaldu du Mujikak.

Egun bi junior mailako (20 urte azpikoak), lau jubenil eta kadete bat daude taldean. Arruti igeriketan aritu da betidanik: «Pena eman zidan uzteak, baina iritsi zen momentu bat 'honaino' esan nuela. Eta Asierrek beti soinketan triatloia probatzeko aukeraz hitz egiten zidanez, deitu nion, hasi nintzen eta oraingo hau bigarrengo denboraldia izango da». Triatloira igeriketatik pasatu da, baina aurretik ere atletismoa egin zuen Arrutik, eta gustuko du korrika egitea. «Bizikleta ez nuen inoiz probatu eta gustatzen zait».

Hiru kirol izanik, ez da hain erraza izaten gazteak triatloia egiten hastea. «Azken finean bizikleta behar da, igerilekura joateko aukera... Bai eskatzen duela aukera ezberdinak izatea», zehaztu du Mujikak, eta laguntza moduan Gipuzkoako Federazioak probatu nahi duten kirolari gazteei bizikletak uzten dizkiela azaldu du. «Urte guztirako uzten ditu, 50 euro inguru ordainduta. Beraz, kontua probatzea da eta ikustea gustatzen ote zaizun».

Entrenamenduek ere bere antolakuntza behar dute. Arrutik, adibidez, egunero kirol bat egiten du, astean zehar atletismoa eta igeriketa uztartuz. Asteburutan, eguraldiaren arabera, bizikletan ateratzen dira. «Ondo eramaten da, entretenigarriagoa da kirol ezberdinak egitea, ez delako denbora guztian kirol berdina egitea», esan du tolosar gazteak.

Mujikak zazpi bat urte daramatza triatloia egiten. Aurretik futbolean aritzen zen, eta udan triatloia egiten zuen. Gero, futbola utzi ondoren, triatloian gehiago sakondu ahal izan du. Bere agenda moldatzen saiatzen da hiru kirolak entrenatu, eta egunero zerbait egiteko. Mujikak berak laguntzen die gazteei entrenamenduak osatzen: «Adin horietan garrantzitsua da jendearekin entrenatzea. Gero, gure adinarekin, lana dela-eta, ahal duzun moduan moldatzen zara, eta burugogorra garenez, ateratzen dugu tartea entrenatzeko. Baina adin horretan beste batekin errazagoa egiten da, erosoagoa da». Astean hiru egunetan behintzat elkarrekin entrenatzen dute gazteek, eta ahal bada baita laugarren bat ere. «Ez da entrenatzea soilik, baita sozializatzea, elkarrekin giro onean egotea», esan du Mujikak, eta Arrutik bat egiten du: «Nik uste dut oso garrantzitsua dela jendearekin kirola egitea. Bakarrik gogorra izaten da, eta taldean errazagoa izaten da».

Ateak zabalik

Aurtengo denboraldiari dagokionez, Arrutik Portugaleten parte hartu zuen eta oraingoz ez du besterik izan. «Orain entrenatzen hasi naiz eta ez nago sasoi betean. Pixkana erritmoa hartzen ari naiz, eta ikusiko dugu besteren batean parte hartzen dudan», zehaztu du tolosarrak.

Mujikak, bere aldetik, hirugarren postua lortu zuen Euskadiko Triatloi Esprint Txapelketan. «Oso gustura nago lortutakoarekin, ez baikenuen espero», esan du. «Abuztuan oporretan egon ondoren, inongo helbururik gabe etorri nintzen, eta oso gustura emaitzarekin». Aurten urte arraroa izan dela gaineratu du, uda aurretik ez baita probarik egon. «Mara-eta izan ziren Portugaleten, baina bestela Euskadiko zirkuituan ez da gehiagorik antolatu. Triatloi guztiak irailera eta urrira atzeratu dira».

Euskadiko Triatloi Esprint Txapelketan, Mujikaz gain, taldeko beste bi kide ere igo ziren podiumera. Pili Esnaolak bigarren egin zuen beteranoen mailan, eta Elur Urkolak hirugarren jubenil mailan. «Taldetik kirolari asko joan ziren, adin ezberdinekoak, eta oso polita izan zen», azaldu du Mujikak. Bestalde, Iparraldean egindako triatloi batean Jon Artutxa taldekideak beteranoen mailan irabazi zuen.

Egun taldeko triatletak entrenamenduetan murgilduta daude. «Ikusiko dugu hurrengo urtera begira zer egutegi jartzen duten, eta horren arabera jarriko ditugu helburuak», esan du Mujikak. Berak aholkatzen die gazteei zer probetan izena eman: «Ibilbidea ikusten dut eta esaten diet batean edo bestean izena emateko, polita delako edo bizikletako ibilbidea erraza duelako». Orokorrean 22 lizentzia dituzte gaur egun Tolosaldeko Triatloi Taldean. Helduen kategoriakoak bakoitza bere kasa entrenatzen da eta elkarrekin erabakitzen dute zein probatan parte hartu. «Whatsapp talde bat dugu eta elkarren artean adosten dugu bakoitza zein probatan nahi duen izena eman, eta nolabait elkarrekin joateko antolatzen gara», esan du Mujikak.

Taldeko kide izan nahi duenak ateak irekita dituela nabarmendu dute. «Oso giro polita dago eta probatzeko gomendatzen diet. Probatzen duenari uste dut gustatuko zaiola, oso entretenigarria delako», esan du Arrutik, eta Mujikak gaineratu: «Edozein zalantza duenari klubetik laguntzeko gaude, edozein dela ere kirolariaren adina».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!