ELKARRIZKETA

«Ez dakit noiz, baina helburua Olinpiar Jokoetan lehiatzea da»

Iñigo Terradillos 2021ko ira. 25a, 07:58
Paula del Pozo Rigan (Letonia), Europako Kopan lehiatzen, abuztuan. ATARIA

Paula del Pozo triatloilari alegiarrak 19 urte ditu, eta orain arteko emaitzei erreparatuta, etorkizun oparoa du aurretik. Une honetan Madrilgo Blume goi errendimenduko zentroan ari da prestatzen.

Nolatan ari zara Madrilgo zentro honetan?

Aurreko urtean sartu nintzen bertan, beraiek deituta, eta aurten bigarren urtea egingo dut.

Nola izan zenuen bertan hasteko aukera?

Batetik, emaitzei begiratzen diete, eta horrekin batera, probak egiten dituzte beraiek. Itxialdian ginenean deitu ninduten, eta hura amaitzean Madrilera joan, eta proba psikologiko eta fisikoak egin zizkidaten. Proba horien emaitzekin baiezkoa eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Triatloiko Europa mailako prestaketa gune garrantzitsuena omen da.

Olinpiar kirol guztiak jorratzen dira bertan, eta errendimendu handiko kirolari asko igaro dira bertatik. Helburua, batik bat, Olinpiar Jokoetarako prestaketa egitea izaten da.

«Poza ematen dit gazteak triatloian murgiltzen direla ikusteak; pixkana indarra hartzen ari da»

Nola uztartzen dira ikasketak kirol prestaketarekin?

Zentroan gauden ia gehienak ari gara ikasketak egiten kirolarekin batera. Nire kasuan, zentrotik gertu dut ikasketa gunea. 08:00etatik 10:30era eta 15:00etatik 17:30era ditut eskolak, eta 11:00etatik 14:00etara goizeko entrenamenduak eta 17:30etik aurrera arratsaldeko entrenamenduak, beraz, nahiko ondo daukat biak uztartzeko.

Nolako aldaketa izan da errendimendu handiko zentro honetan hastea?

Aldaketa handia izan da. Banekien ez zela erraza izango. Batetik etxetik atera eta Madrilera joatea pauso handia izan da. Gainera, osasun egoeragatik ezin izan dut gehiegi mugitu eta etxera joan, baina, azken batean, horrek indartsuago izaten lagundu didala esango nuke. Gustatzen zaidana egiten ari naiz, eta oso pozik nago.

Zentro honetan aritzeak esan nahi du zure kirola serioago hartzea?

Esan moduan, zentroko prestakuntzaren helburua Europako edo Munduko Txapelketa baterako edo Olinpiar Joko batzuetarako maila hartzea da. Nik oso serio hartu dut nire kirola, beraz, horretarako oso egokia da.

Olinpiar Joko batzuetan aritzea da zure helburuetako bat.

Bai. Ez dakit noiz izango den, baina, azken batean, gure entrenatzaileek horretarako prestatzen gaituzte. Beraiek eta baita nik ere horretara iritsi nahi dugu.

Aurtengo denboraldian emaitza ederrak lortu dituzu.

Nik uste dut nahiko denboraldi ona izan dela. Bi aste barru Espainiako txapelketa dut eta uste dut emaitza ona lortuko dudala, eta urrian Europako elite mailako txapelketan lehiatuko naizela uste dut. Hor bukatuko dut denboraldia, eta ondoren oporrak hartuko ditut.

Krosean eta igeriketan aritzen zinen aurretik. Nolatan eman zenuen triatloian aritzeko pausoa?

Pixkana hasi nintzen. Lehendabizi igeriketarekin hasi nintzen, ondoren krosa probatu nuen, eta hori ere gustatu egin zitzaidan. Gero biak batera ere egin nituen. Eta, horrela triatloia probatu nuen, asko gustatu zitzaidan, eta horretan jarraitzen dut. 

Hiru kirolak dituzu gogoko?

Desberdinak dira. Lehiatzeko lasterka egitea nahiago dut, eta entrenatzeko, berriz, igeriketa eta bizikleta.

Tolosaldean triatloian egiten dena jarraitzen al duzu?

Bai, jarraitzen dut. Poza ematen dit gazteak triatloian murgiltzen direla ikusteak. Indarra hartzen ari den kirola da. Ni Asier Mujikarekin eta Sandra Lopezekin hasi nintzen, hasieran txapelketa txikiekin eta pixkana handiagoetan lehiatzen.

Erlazionatuak

Gazteak ere triatloian

Imanol Garcia Landa 2021 ira 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!