Disneyren Ratatouille pelikula aitzakia hartuta, banuen gogoa gaurko errezeta prestatzeko. Egia esan orain bada garai aproposa honako errezeta prestatzeko; garaian garaiko osagaiak erabiliko baititugu. Denboraldi berria hasteko beraz, errezeta aproposa da. Ratatouille berez, askoren ustearen kontra, Frantziako errezeta oso ezagun bat da.
Errezeta honen adierazgarriena aurkezpena da: oso polita geratzen da platerean. Horretarako barazki guztiak xaflatan jarriko ditugu eta polit-polit apainduta prestatuko ditugu. Barazkiak erosterako garaian komenigarria litzateke tamaina antzekokoak aukeratzea. Egokia litzateke mandolina bat izatea; baraziak xaflatan mozteko sukaldeko aparailua, xafla guztiak berdinak izateko.
Berenjenarekin hasiko gara. Garbitu ondoren xaflatan moztuko dugu eta gatz dezente botata plater batean erreserbatuko dugu, 20 bat minutuz. Zertarako? Berenjenari mingostasuna kentzeko. Gatzaren laguntzaz ura askatuko du eta mingostasuna kentzen lagunduko dio.
Bitartean, gainontzeko barazki guztiak moztuko ditugu: kuiatxoa, tomatea eta tipula. Denak xafla borobiletan moztuko ditugu eta tamaina berdintsuan. Hurrengo pausoan, berenjena uretatik pasako dugu eta sukaldeko paperaren laguntzaz lehortuko dugu.
Jarraian labea piztuko dugu: 200 gradutan. Laberako egokia den ontzi batean, gure pastel berezi hau muntatzen hasiko gara. Horretarako, tomate saltsa jarriko dugu azpian. Ondoren zizare moduko bat osatzen joango gara gure barazkiak tartekatuz: tomatea, kuia, berenjena eta azkenik tipula; eta ondoren berriro hasiko ginateke barazki zerrendarekin, borobilean, buelta osoa bete arte. Erdian hutsunea geratuz gero, beste buelta bat osatuko genuke gure barazkiak txandakatuz. Ondoren, gainetik gatza, pipermina eta ezkaia botako diogu. Emmental gazta ere gainetik botako genioke, momentu honetan gure errezetari.
Labera sartu eta 40 bat minututan prest izango dugu gure errezeta.
OSAGAIAK
- Berenjena bat.
- Kuiatxo bat.
- Bi tomate.
- Tipula more bat.
- Tomate saltsa (200 gr).
- Gatza.
- Pipermin beltza.
- Ezkai lehorra.
- Emmental gazta.