Bozkatzeko unea heldu da

Ataria 2021eko irailaren 21a

Epaimahaiaren saria 'Begira' argazkiak jaso zuen 2019 urteko lehiaketan.

Ataria-ren Udako Argazki Lehiaketa bozketa fasera pasa da; urriaren 6ra bitarte egongo da webgunean argazki gustukoenari bozka emateko aukera eta urriaren 8an jakinaraziko dira irabazleak.

Parte hartzeko epea bukatuta, beste fase batean sartu da Ataria-ren Udako Argazki Lehiaketa. Argazki gustukoena bozkatzeko unea da orain, eta ondoren jakinaraziko dira bozka gehien jaso dituzten argazkien egileen izena, eta ondorioz, lehiaketako sariak irabazi dituztenak.

Aurtengo udan ateratako 100 argazki inguru iritsi dira aurtengo lehiaketara, beraz, beste behin harrera ona izan du ekimenak. Bada, urriaren 6ra bitarte bozkatu ahalko da webgunearen bitartez, Argazki Lehiaketa atalean, eta argazki irabazleak eta hauen egileak urriaren 8an jakinaraziko dira Ataria astekarian, Ataria Irratian eta Ataria.eus webgunean.

Sari ederrak eskuratzeko aukera dago aurten ere, Udako Argazki Lehiaketan parte hartuta. Epaimahaiaren saria lortzen duenak Opari Bonu Orlegia eskuratuko du, hau da, bi pertsonarentzako bi gaueko egonaldia, logela eta gosariarekin, Nekatur Nekazalturismo elkartearen eskutik. Bestetik, Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria ere lortu ahal da, eta kasu honetan, bi pertsonarentzako otordua jasoko du irabazleak Bidania-Goiazko Bailara jatetxean. Eta, azkenik, Atarikideen saria lortu ahal da, lehiaketan parte-hartu duten Atarikideen artean. Lixoneren bi saski zozkatuko dira guztien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!