Tolosaldeak urteko erronka du asteburuan

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 16a, 11:58

ETE Liga irabazi ondoren eta Kontxako Banderan laugarren postua lortu eta gero, Tolosaldea traineruak denboraldiko hitzordu garrantzitsuena du asteburuan, Euskotren Ligaren igoera fasea jokatuko baita. Bi estropadatan erabakiko da: larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten.

Lau traineru ariko dira jokoan dagoen postu bakarra lortzeko lehian. Batetik, Hondarribia, Euskotren Ligan laugarren postuan geratu dena. Bestetik, Tolosaldea eta Deusto, ETE Ligako lehen bi sailkatuak izan zirenak. Azkenik, Cabo da Cruz, Galiziako ligan lehen bi postuetan geratu zena. Beste ontzi galiziarrak, Chapelak, uko egin dio parte hartzeari.

Eusko Label Ligako azken bi estropadekin batera jokatuko dira igoera faseko saioak. Bermeokoa, larunbatean, itsasoan izango da eta 17:40ean hasiko da. Portugaletekoa, igandean, ibaian izango da eta 11:30ean hasiko da. Erlojuaren aurkako lehia izango da bi jardunaldietan, eta bakoitzean denbora onena lortzen duenak lau puntu lortuko ditu, bigarrenak hiru puntu, hirugarrenak bi puntu eta azkenak puntu bakarra. Bi jardunaldietan puntu gehien lortzen dituen trainerua izango da hurrengo denboraldian Euskotren Ligan egongo dena. Puntuetara berdinketa badago, horien artean bi jardunaldietan denbora onena egin duena izango da irabazlea.

HARRERA ARRAUNLARIEI

Asteburuan igoera lortu ala ez, Tolosaldea traineruko kideei harrera egingo diote eskualdeko udaletako ordezkariek. Tolosako udaletxean izango da, igandean 18:30ean. Besteak beste, ekitaldia baliatuko dute arraunlariek azken bi urteetan lortutako bandera guztiak erakusteko udaletxeko balkoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!