"Pila bat gozatu dugu"

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 12a, 14:37

Tolosaldea traineruak laugarren egin du Kontxako Banderan, gaurko estropadan Hondarribiari aurreratuz. Emakumezkoetan Donostia Arraun Lagunak traineruak eraman du bandera eta gizonezkoetan Santurtzik.

Arraunlarien aurreko igandeko eta gaurko aurpegiak ikusita, garbi dago askoz gusturago bukatu duela gaurko estropada Tolosaldea traineruko eskifaiak. Gozatu egin dutela azaldu du Aiora Sorozabal patroiak eta Hondarribiak zituen ia bi segundoko abantaila kendu eta laugarren postua lortu dute. Horrez gain, datorren asteburuan Euskotren Ligarako igoera faserako prest daudela azaldu dute Tolosaldeakoek.

Lehen txanda atera da eskualdeko trainerua, eta hasieran Chapelak eutsi badio ere, pixkana abantaila hartzen joan da eta nagusi izan da, aurreko igandeko ia denbora bera eginez, 10.48,46rekin, eta ia gaurko hirugarren denbora onena lortuz. Ohorezko txandari dagokionez, bandera Donostia Arraun Lagunak eta Orio traineruen artean zegoen, eta ziabogara Orio lehenago iritsi bada ere, Donostia Arraun Lagunak ziabogatik hobeto atera da eta bigarren luzean eutsi egin die oriotarrei, eta aurre hartu ere, bandera lehen aldiz bereganatuz. Hauxe izan da sailkapen orokorra eta gaurko estropadako denborak:

  1. Donostia Arraun Lagunak: 21.05,18 (Gaur 10.33,56)
  2. Orio:                                        21.09,50 (10.36,24)
  3. Donostiarra:                          21.28,24 (10.48,00)
  4. Tolosaldea:                         21.35,14 (10.48,46)
  5. Hondarribia:                         21.37,94 (10.53,12)
  6. Hibaika:                                 21.53,16 (11.04,00)
  7. Chapela:                                 21.56,84 (10.58,10)
  8. Deusto:                                   22.05,82 (11.10,56)

Aiora Sorozabal Tolosaldeako patroia oso gustura azaldu da gaur egindakoarekin: "Arraunlari guztiek, hamalauok, pila bat gozatu dugun estropada izan da. Nik esango nuke denboraldi honetan hainbeste gozatutako gutxi izan direla. Pixkanaka joan gara lanean, segundotik segundora, paladaz palada, eta ziabogara lehenak iristean lasaitasuna eman digu". Itzulerakoan gustura aritu dira eta "oso estropada polita" izan dela dio. "Nabaritzen zen ontzia oso kontzentratuta, oso lasai zihoala, eta benetan gozatzen. Ez zen paladarik gaizki egiten, arraunketa oso polita zen, eta hori zen helburuetako bat, gure buruarekin gustura geratzea". Datorren asteburuan igoera fasea izango dute. "Gaurko helburuetako bat igoera faseko aurkarien aurretik geratzea zen, eta indartsu zapaldu dugula iruditzen zait eta besteei beldur pixka bat sartu diegula. Baina ez dugu konfiantza hortaz elikatu behar, aurreko asteburuan ez zirelako gauzak atera nahi bezala, eta hurrengoan inork ez daki nola aterako diren. Gaurko gogo eta asmo berarekin joango gara asteburuko bi estropadetara".

Patxi Frances entrenatzailea gustura zegoen arraunlariek egindako estropadarekin: "Hitz egindako guztia egin dute, horrek heldutasun bat erakusten du, eta ea bide horretatik jarraitzen dugun. Gaurkoa arrakastatsua izan da". Aurreko igandean baino hobea egin dute gaur itzulerako luzea. "Ontzia aurrekoan baino solteago joan zedin saiatu gara eta horrek lagundu digu abiadura handiago bat lortzen; ikusi da gozatzen ari zirela. Aurrekoan pixka bat estututa zeuden, arinegi arituz, eta gaurkoan arraunketa menperatzen ari ziren". Datorren asteburuari dagokionez, Hondarribia eta Tolosaldea presio berarekin egongo direla uste du entrenatzaileak: "Beraiek bazekiten aurreko egunean guri ia bi segundo atereaz ez zirela hobeak, eta guk badakigu gaur bost segundo atera arren ez garela hobeak. Bi talde oso berdinduak garela uste dut, eta gakoa asteburu honetan asmatzea izango da". Dakitena egiten badute, igoera lortzeko aukera garbiak izango dituztela dio Francesek. "Dakiguna egiten badugu eta irabazten badigute, zoriondu besterik ez dago".

Kike Mokoroa Tolosaldea Arraun Klubeko ordezkaria ere gustura zegoen gaur traineruak lortu duenarekin. "Uste dut argi genuela, lehen txandan aterata, gure lana ahalik eta ondoen egin behar genuela, konfiantza hartzeko datorren astebururako. Oso pozik gaude, hor gaudelako, eta edozer gauza gertatu daiteke datorren asteburuan". Klubarentzat azken bi urteetan Kontxako Banderan laugarren postua lortzea berezia dela dio: "Ikusten da proiektu hau aurrera doala eta urtetik urtera hobetzen doala".

Lehenengo bandera Donostia Arraun Lagunak klubarentzat

Pozez zoratzen ospatu dute Donostia Arraun Lagunak trainerukoek bere lehenengo Kontxako Bandera. Tolosaldeko hiru arraunlarik bizitu dute traineru barrutik garaipena: Xubane Uribarrena (Lizartza), Maider Zumeta (Ibarra) eta Ane Sanchez (Anoeta). "Liga irabazi genuenean esan bezala, txikitako amets bat errealitate bilakatu da gure lanari esker. Oraindik ametsetan gaude eta bihar asimilatuko dugu hau guztia", esan du Uribarrenak. Zumetak ere oraindik ez dutela sinesten esan du: "Pixkanaka gozatzen ari gara. Arraunen gindoazela patroiak errepikatzen zigun gurea zela, eta azkenean gurea izan da". Parean joan dira Oriorekin batera, baina Uribarrenak aurkariak ez zituela ikusten, berea egitera joan dela, eta gozatu egin duela dio. Zumetak gaineratu duenez, "ziabogan aurretik ikusten genituen, eta behin buelta eman dugula esan dugu dakigun lana egin eta harrapatuko genituela, eta azkenean lortu dugu".

Orioko traineruko kide den Ohiane Iraola tolosarrak txanponaren beste aldea bizitu du gaurkoan, aurreko bi banderak lortu eta gero. Taldeaz oso harro dagoela azaldu du Iraolak: "Guk ahal dugun guztia egin dugu, baina ez da posible izan, gu baino hobeak izan dira, eta zorionak beraientzako". Estropadan zehar ez da aurkariei begira egon: "Guk bagenekien zer lan egin behar genuen, eta guk kontrolatu ahal genituen faktoreak bete ditugu". Liga ere gutxigatik galdu zuen Oriok, baina Iraolak "oso balantze ona" egin du denboraldiaz: "Ikusten da atzetik jende berria datorrela, jende gaztea, eta horri eman behar zaio segida, ahal den gorenean egoten saiatuz. Emaitza aldetik ez da beste urteetan bezain biribila izan, baina aurtengo denboraldia, aurrekoak bezala, oso ona izan da".

Donostiarra hirugarren geratu da sailkapen orokorrean. Bertan eskualdeko hainbat arraunlari daude, tartean Irati Larrañaga tolosarra: "Bagenekin zaila zegoela, baina saiatu gabe ez genuen geratu nahi. Akaso nahi baino urrutiago geratu gara, baina arraunean ondo egin dugu, gustura geratu gara, eta behintzat sentsazio onekin bukatu dugu denboraldia".

Gizonezkoetan Santurtzi, inoizko alde txikienarekin

Lehia benetan estua bizitu dute gizonezkoetan, eta Santurtzik Hondarribiari irabazi dio azkenean. Inoizko alde txikienarekin irabazi dute Soterakoek, bandera 48 ehunenekorengatik lortuz. Emozio handiko bukaera izan du estropadak, beraz, eta arraunzaleek gozatua hartu dute. Jon Lizarralde tolosarra Hondarribiako traineruko kide da, eta azken hiru banderak irabazi ostean, aurtengoan alde egin die oso gutxigatik.

  1. Santurtzi:        38.19,09 (Gaur 19.11,03)
  2. Hondarribia:  38.19,57  (19.13,25)
  3. Zierbena:         38.31,41  (19.21,13)
  4. Donostiarra:   38.31,96  (19.16,54)
  5. Orio:                38.42,39  (19.27,57)
  6. Urdaibai:         38.50,36  (19.26,96)
  7. Cabo da Cruz: 39.06,14  (19.34,02)
  8. Ares:                 39.46,14   (20.03,16)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!