ERREPORTAJEA

Bederatzi egun, eta ehunka film

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 12a, 07:57
Rebordinos Zinemaldiko 2021eko kartela aurkezten. ZINEMALDIA

Gaur zortzi abiatuko da 69. Donostia Zinemaldia eta asteazkenetik programazioa ikusgai dago www.sansebastianfestival.com helbidean. Aukeraketa egiterakoan zine zaleek non begiratu dezaketen azaldu dute zine jaialdia gertutik ezagutzen duten Irene Larrazak eta Alain Rekondok; gauza berriak ikusteko irrika izatea jo dute giltzarritzat.

Norberak diseinatu behar du bere Zinemaldia.». Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren hitzak dira. Ikuspegi ezberdinetatik ezagutzen du Donostiako zinema jaialdia, kazetari lanak egin izan ditu bertan eta komunikazio alorrean jardun izan du aurkezpenak eta solasaldiak gidatzen. Gaur egun, Etxepareko zuzendari gisa, Zinemaldiaren administrazio kontseiluan hartzen du parte. Ardura batean edo bestean egon, Larraza tolosarrak ez dio inoiz utzi filmak ikusteari: «Niretzat hitzordu garrantzitsua da, ezohiko toki bat egiten diot zinemari. Iruditzen zait arreta pixka bat jarriz gero, benetan oso gauza interesgarriak ikus daitezkeela Zinemaldian, urtean zehar aurkitzen hain errazak ez direnak».

Alboko sailetan murgiltzea eta gauza berriak deskubritzea du gogoko Etxepare Euskal Institutuko buruak. «Askotan asmatuko duzu eta beste batzuetan ezustekoak hartuko dituzu, baina ikasi beti egiten duzu». Sail Ofizialetik apartekoak aukeratzen ditu Larrazak, baina Alain Rekondo Tolosaldeko Atariako zine adituak, jartzen du arreta urrezko maskorra irabazteko lehian: «Garai batean epaimahai gazteko kide izateko aukera izan nuen, eta orduan bai, Sail Ofizialekoak eta beste pelikula asko ikusteko aukera izaten nuen egunero. Orain, saiatzen naiz Sail Ofizialeko pare baten filma ikusten. Kursaalen giroa berezia izaten da eta ikustaldi horietako askotan zuzendari eta aktoreek hartzen dute parte. Solasaldi horiek jarraitzea ere gustatzen zait».

Aurten Fernando Leon de Aranoaren El buen patrón eta Manuel Martin Cuencaren La hija estreinatuko dira Sail Ofizialean eta Rekondok bi horiek ikusteko ahalegina egingo du. Larraza gogoz dago sail horretan lehiatuko den Maixabel filma ikusteko. Iciar Bollainek zuzendutako lana Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta. 2000. urtean ETAko talde batek haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen Tolosako Fronton kafetegian. Besteak beste, Tolosako Casino elkartean, Plaza Zaharrean, Trianguloa plazan edota San Frantzisko pasealekuan filmatu zituzten pelikularen irudietako batzuk joan den udaberrian.

Rekondok eta Larrazak, biek aipatu dute Perlak saila. Beste zinema jaialdietan sariak irabazi izan dituzten filmak botatzen dituzte bertan. «Berme bat da, badakizu bertan ikusiko duzun pelikulak izango duela zerbait interesgarria», esan du zine adituak. Julia Ducournau zuzendariaren Titane filma ikusteko gogoa du Rekondok aurten: «Bere lehen pelikula asko gustatu zitzaidan eta bigarrengo honek Cannesen saria irabazi du, pelikula berritzailea da eta arriskua hartu omen du zuzendariak».

Wes Andersonen The French Dispatch eta Zabaltegin eskainiko duten Gaspar Noeren Vortex ere gomendatu ditu Rekondok. Zuzendari berriak sailean ere sartu-irtena egiteko asmoa du: «Gustuko dut urtean sail honetako pare bat filma ikustea. Normalean zuzendaria aurrez ez ezagutzeak arriskua hartzea dakar, baina hori ere badu Zinemaldiak. Batzuetan asmatu egiten da eta besteetan ez. Hori bai, bestela ikusiko ez genituzkeen gauzak ikusteko aukera ematen digu jaialdiak eta hori ere polita da».

Kimuak programari saria

Zinemaldian ikusgai izaten diren filmetako gutxi iristen dira gero zine areto komertzialetara. Dena den, Larrazak Tolosaldean dugun luxu bati buruz hitz egin du, Tolosako Zine Klubaz: «Sail ezberdinetatik pasatzen diren film interesgarriak berreskuratzen dituzte urtean zehar. Nik Zinemaldiaren jarraipen gisa ulertzen dut zine klubekoa».

Euskal Herrian ekoitzitako hamazazpi lan emango ditu aurten Donostiako Zinemaldiak. Zinemira sailak hamabi lan jasoko ditu; horietatik zazpi, estreinaldi erabatekoak. «Euskal ekoizpenak pantaila handian ikusteko aukera urria izaten da eta horretarako aukera ematen du Zinemirak», esan du Larrazak. Rekondori Iker Elorrietaren El radioaficionado filmak eman dio arreta eta bere zerrendan apuntatu du. «Batzuetan sinopsiak dioena irakurrita gidatzen naiz, beste ezagutzarik ez dudalako eta kasu honetan deigarria iruditu zait Elorrietarena».

Aurten Zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute, Kimuak programari emango diotela Zinemira saria. 1998an sortu zen programa, eta euskal film laburrak Espainian eta nazioartean sustatzea, zabaltzea eta banatzea du helburu. Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatzen dute Kimuak. «Hasierako asmoa film laburrak bultzatzea eta horien ekoizpena xaxatzea zen. Baina gaur egun programa gisa sendotu da eta nazioarteko jaialdietan gure zinema erakusteko erabiltzen dugu. Mundu osoko ehun jaialdi baino gehiagotan erakusten da eta zabalkunde horretan, jakina, laguntzen du Etxeparek. Uste dut gaur egun film luzeetan ikusten ditugun zuzendari eta talde teknikoak film laburrak egiten hasi zirela eta eskola inportantea izan dela haientzat Kimuak. Ezinbesteko leiho bat izan da gure zinemagintzarako», esan du Larrazak.

Sail bakoitzak emango du berea eta norberak osatu beharreko menurako hasierako plater egokia izan liteke Las huellas de elBulli Culinary Zinema saila inauguratuko duen filma. Iñigo Ruizekin batera, Jose Larraza tolosarrak Movistar+ katearentzat zuzendu du dokumentala. Hasierakoa dastatuta, nahi adina plater izango da aukeran datorren ostiraletik aurrera Donostiako Zinemaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!